Lotura estua dago, jakina, euskal kantagintza berriaren eta euskal folk berriaren artean. Berez euskal folk talde berrien leherketa 70eko hamarkadan kokatzen bada ere, lehenagokoa da euskal musikariek tradizio musikala berreskuratu, zabaldu eta berritzeko joera. Dena den, ez zen inondik inora joera nagusia euskal kantagintzan 60ko hamarkadaren hasieran. Horrela deskribatzen du Luis Iriondok ordukoa: “… Gerra aurreko Usandizaga, Guridi, Sorozabal eta abarren azentu modernoagoak; opera kantarien interpretapen molde enfatikoak, ezkontza eta oturuntzetan okasioko tenorinoaren luzimendurakoak; eta Belle-Epoqueari zegokion polifonismo akademiko bat, koru eta otxotetan amaigabe eta beti berdin errepikatzen zena: hori zen, guti gorabehera, gure kantak garai hartan eskain zezakeena” (1).
Euskal kantagintza berriaren sorrerarekin herri musika berrikusteko joera indartu eta gauzatzen doan moduan, badira lehenagotik ere, ikerkuntzari ekinez gehienbat eta euskal dantzen munduari lotuta askotan, herri musika lantzen eta zabaltzen dihardutenak. Honelaxe agertzen du Juan Mari Beltranek 1964ko egoera gogoratuz gertatzen ari zen aldaketa: “Orduan erabaki nuen nik, 17 urterekin, herri musikan buru-belarri sartzea. Argia taldea artean ez zen ikurrinak erakustearren dantza egiten zuen gazte talde bat baizik, eta Urbeltzen ikuspegi berria ekarri zuen dantzaren mundura. Guri zegokigunez, xirularekin edo albokarekin edo, fanfarre batekin jo beharreko pieza guztiak, txistuarekin jotzen genituen, eta geroztik dantzarako musika jatorrizko instrumentuekin interpretatzen hasi ginen. Orduan hasi nintzen tresna desberdinak jotzen” (2).
Ez Dok Amairu taldeko kideen artean Mikel Laboak eta Oskarbi taldeak jo zuten gehien herri kantutegiaren iturrietara. Herri musikako tresnak berreskuratzeari dagokionez, aipagarria da Artze anaiek txalaparta berriz ekartzeko egindako ahalegina. Guztiengan nabaritzen da kantu eta tresna zahar horiek eguneratzeko asmoa. Bide batez, Oskarbi izango da, beharbada, ondoren sortu ziren folk talde berritzaileen aurrekaririk zuzenena.
Bestalde, Ez Dok Amairu desagertuta ere, eutsi egin diote bertan aritutako kantari nagusiek kantutegi tradizionalarekin eduki duten harremanari. Benito Lertxundik Zuberoako kantutegiari eskainitako Zuberoa/Askatasunaren semeei (Artezi, 1977) disko arrakastatsua kaleratu ondoren egin duen ibilbidea izan daiteke adibide nagusia. Ezin utzi aipatu gabe, gainera, Bertso zaharrak (Herri Gogoa, 1974) Lete-Valverde-Lekuona hirukoteak egindako lana eta Txirritaren bertsoak (Herri Gogoa, 1976) Letek eta Valverdek ondutakoa, biak ezinbestekoak.
Folk talde berriak
Orain arte agertutako hiru ezaugarriei -herri musika ikertu, zabaldu eta gaurkotzeko gogoari- beste bat gehitu zioten 70eko hamarkadan lanean hasitako hainbat taldek. Musika tradizionala berriz landuz eta hizkuntza musikal garaikideekin uztartuz (rocka, jazza…) XX. mende amaierarako baliagarria izan behar zuen herri musika sortzea zen garai hartan euskal folklorearekin lan egiten hasitako hainbat musikari gazteren asmo nagusia. Konplexurik gabeko hurbilketa zen, eta garai haietan Europan -batez ere, Ingalaterran- egiten zenaren eraginpean egindakoa.
Nahikoa argigarria da Oskorri taldeko Natxo De Felipek dioena: “Gu bestelako musika tresnak integratzen hasi ginen, gitarra elektrikoak, baxu elektrikoak, saxofoiak. Sekula beste inolako taldetan erabili ez ziren tresna tradizionalen lehen prototipoekin uztartzen genituen. Lehen unetik saiatu ginen xirula edo alboka berriak egiten, gurea bezalako musika batek eskatzen zuen afinaziora egokitutako tresna tradizionalak. Ez da oso gauza originala, baina bai Euskal Herri mailan. Geuk britaniar folk-rocketik, bretoiar folk berritik ikasteko joera daukagu (Alan Stivell, Steeleye Span, Martin Carthy, Pentangle), geure hastapenetan asko eragin gintuen jendea” (3).
Oskorri izan zen iraultza musikal horretan talde aitzindaria. Ikuspegi horretan sakondu zuten ondoren etorritako bi taldek: Haizea (1976-1979) eta Izukaitz (1977-1981) taldeek. Bizitza laburreko baina itzal handikoak. Bien jardunean are nabariagoa gertatzen da rock eta jazzaren eragina, bateriaren erabileran adibidez. Euskal herri musikaren topikoetatik ihes egin nahi duten taldeak dira eta folk-rock talde ingelesen ohiturari jarraituz emakume ahots ederrak azaleratzen dituztenak. Bi disko kaleratu zituen bakoitzak, eta taldea garatu ahala, nabaria da hainbat kantutan inprobisazioaren eragina.
Arrakasta handia erdietsi zuen Haizearen lehen diskoak -Haizea (Herri Gogoa, 1977)-, eta horrek bidea ireki zien bai Izukaitzi eta baita ondoren formula bertsua erabili zuen beste hainbat talderi ere: Lauburu, Enbor, Itziar… Talde barneko kontraesanek eta azpiegitura musikalen eskasiak azkartu egin zuten Haizea eta Izukaitzen desagertzea, baina aurrera begira, bai bakarka bai beste talde batzuetan oinarrizkoak gertatu diren hainbat izen eman zituzten ezagutzera: Bixente Martinez (Oskorri, Hiru Truku), Fran Lasuen, Amaia Zubiria, Txomin Artola…
Euskal folk berriaren lehen labealdi hartako taldeen artean aipamen berezia merezi du guztietan iraultzaileena gertatu zenak, Urria talde “berantiarrak” (1979-1985). Disko bakarra kaleratu zuen, Bruma altxatzean (IZ, 1979) eta inprobisazioa eta herri musika uztartu zituzten. Geroago Beñat Axiarik bakarkako ibilbide aberatsean garatu duen apustu estetiko eta kultural berritzailea plazaratu zuen Urriak.
80ko hamarkada
Ganbara (1982-1995) izan zen 80ko hamarkadako talderik aktiboenetakoa. 70eko hamarkadako taldeen eskemei jarraitzen zieten; folka, rocka eta jazza uztartzen zituzten, eta emakumezkoa zen kantari nagusia, Maria Eugenia Etxeberria kantari trebe eta indartsua. Dena den, formula hori garatu eta findu zuten, kaleratutako bost diskoetan bestelako musiketara hurbilduz, pop musika eta new age delakora adibidez. Handik aurrera zeresan handia eman duten hiru musikari bildu ziren bertan: Josean Martin Zarko, Angel Unzu eta Juan Ezeiza, alegia.
Hala eta guztiz ere, Haizea eta Izukaitzen ekarpenei jarraipen zuzena eman zieten talde “jarraizaleez” gain, berriro ere arreta ikerketa eta zabalkundean jarri zuen talde multzo baten agerpen indartsua izan daiteke hamarkada honetako aipagarririk nagusia. Juan Mari Beltran etnomusikologo eta instrumentistaren eta haren anaia Bixenteren inguruan sortutako taldeak dira loraldi horren lekuko: Azala, Txanbela eta Kazkabarra.
Joera aldaketa garrantzitsu bat dakar bide horrek. Iturri ahal den zuzenenera jo behar da eta ahal den modurik fidelenean eskaini. Horretarako, ez da artifizio askorik behar, tresna herrikoien nahasketa aberatsa erabiltzea aski da. Askotan ehunka urte duten pieza hauek gaur egungo entzuleari hurbiltzeko ez da haien mamia aldatu behar, hain justu mami horrek egingo baititu ulergarri.
Txanbela diskoaren aurkezpenean zera adierazi zuen Juan Mari Beltranek: “Musika herrikoiari hurbiltzea da gure asmoa…. gure herriaren altxor kultural hori berreskuratzea eta zuzpertzea da bildu berri garenon asmoa eta erabakia” (4). Talde berri hauek guztiek geruza elektrikoa erantzi eta askoz ere akustikoagoa gertatzen den musika egiten dute. Euskal musika tresnak (alboka, dultzaina, txistua, txalaparta….) eta gure herri musikariek ohikoak izan dituzten bestelako musika tresnak (soinua, trikitia, gitarra…) uztartzen dituzte. Dena dela, talde bakoitzak bere ibilbidea egin zuen. Txanbelak (1984-1997), hiru diskotan, eta Kazkabarrak (1985-1991), beste hirutan, hasieratik markatutako bideari modu fidelean eutsi zioten, baina Azalak (1983-1989) ohiko folk-rock talde akustikoaren bilakaera eduki zuen kaleratutako lau lanetan, nahiz eta oso nabaria izan beti euskal herri musikako tresnen nagusitasuna. Juan Mari Beltranek ondoren izan duen ibilbidean isla daiteke hobekien garai hartako ekarpenen garapenik sendoena.
Bestalde, 80ko hamarkadan kaleratutako diskoekin -Plazarik plaza (Xoxoa, 1980), Adio Kattalina (Elkar, 1983)…- eta egindako ehunka emanaldirekin bai Euskal Herrian bai mundu osoan lortutako arrakastak Oskorri bilakatu zuen euskal folk talderik ezagun eta garrantzitsuena.
90eko hamarkada
Esan daiteke super taldeen garaia dela hamarkada hau. Alde batetik, Oskorrik 25 urte bete zituen eta, bestetik, aurretik esperientzia handiko musikariak biltzen zituzten bi talde berri sortu ziren (Hiru Truku eta Alboka). Horrekin batera aipagarria da Txomin Artola eta Amaia Zubiria bikoteak Folk-lore-sorta sailarekin lortutako arrakasta ere. Talde berriei dagokienez, badirudi euskal rockaren eta ondorengo trikiti musikaren leherketak erabat baldintzatu zuela folk talde berrien garapena. Hurrengo hamarkada arte itxaron beharko euskal folk talde berriren baten diskoren bat topatzeko.
Euskal musikako talde batek 25 urte betetzeak gure musikagintzaren adin nagusitasuna eta batez ere atzean dauden musikarien seta erakusten badu, are gehiago Oskorri taldearen dimentsioa duen taldea bada. Heldutasun horren seinale da 25 kantu urte (Elkar, 1997) disko bikoitza. Euskal folk musikaren heldutasunaren seinale izan daiteke, bestalde, Hiru Truku (1994-2005) ibilbide zabaleko hiru musikarik osatutako taldearen agerpena. Bixente Martinez, Ruper Ordorika eta Joseba Tapiak osatutako talde horrek hiru disko kaleratu zituen, folk tradizio Ingelesaren ildotik, lehor eta zuzen, kantu tradizionalak berreskuratzea helburu eta haien bestelako egitasmoak alde batera utzi gabe.
Alboka taldeak ere (1994-2004) esperientzia handiko musikariak bildu zituen: Txomin Artola, Alan Griffin, Joxan Goikoetxea, Josean Martin Zarko. Laukote horrek dantzarako musika modu akustikoan jorratzen zuen disko bat plazaratu zuen: Alboka izenekoa (Lagin Records, 1994). Albokak lau disko kaleratu eta dezenteko arrakasta lortu zuten Europako folk zirkuituan. Horren ondorioz, elkarlan emankorra izan zuten Euskal Herritik kanpoko hainbat musikarirekin; Marta Sebestyenekin Lorius diskoan (Resistencia, 2001) izandakoa da aipagarriena. Hori ere, dudarik gabe, euskal folk musikaren heldutasunaren seinale.
Laburtuz, esan daiteke aurreko hamarkadetan hainbat euskal musikarik pilatutako esperientziak emaitzarik landuenak eman zituela 90eko hamarkadan, betiere Europan gertatzen zenari begirik kendu gabe. Bestalde, aurretik zetozen bi joera nagusien artean, berreskurapenaren eta sorkuntzaren artean, garbi dago berreskurapena hainbat aldaeratan gertatu zela nagusi hamarkada honetan.
Testua: Andoni Tolosa
- (1) Euskal kantagintza berria (Pako Aristi, Erein, 1985)
- (2) Gara, 2001eko maiatzaren 27a
- (3) La Factoria del Ritmo, 5
- (4) Argia, 1.037. zenbakia, 1984