Heavy metal musika 70eko hamarkadaren bukaeran iritsi zen Euskal Herrira, Europatik zein Ameriketako Estatu Batuetatik. Jimmi Hendrix, Led Zeppelin, Deep Purple edo Black Sabbath izan ziren estiloa izendatu, garatu eta munduratu zutenak. Gurean, Angeles del Infierno taldea (Lasarte-Oria, 1978) izan zen aurrenekoa heavy metala jorratzen. Garai hartan, gaztelaniaz abesturiko rock gogorrak eztanda egin zuen Espainian. Testuinguru hartan, gipuzkoarrek sona berezia hartu zuten, Baron Rojo edota Obus taldeekin batera. Gerora, makina bat talde sortu ziren Euskal Herriko hainbat txokotan: Osiris Araban, Exodo Bizkaian, Caid Deceit, Thor eta Leize Gipuzkoan, eta Sparto eta Mephisto Nafarroan. Talde horiek guztiek, antzeko ezaugarriak zituzten. Heavy edo hard rock musika gaztelaniaz abesten zuten, eta kantuen letrek gizarte gaiekin lotura zuten. Ipar Euskal Herrian, Killers taldea (Baiona, 1985) ezin da ahaztu. Frantsesez abestu arren, bazituen zenbait kantu euskaraz.
80ko hamarkadan,Rock Radical Vasco (RRV) izeneko mugimenduarekin batera, heavy eszena bat ere sortu zen Euskal Herrian. Punk eta heavy zaleen arteko liskarrak ugariak izan ziren. Heavya gaizki ikusia zegoen. Alabaina, hamarkada hartako azken urteetan Su Ta Gar taldeak (Eibar, 1987) nortasun berri bat eman zion heavy metalari: euskalduntasuna. Laukote hark gure hizkuntzan ere abes zitekeela erakutsi zuen. Pixkanaka jendearen aurreiritziak apaldu egin ziren, eta harrera ona izan zuten. Judas Priest, Iron Maiden edo Metallica taldeen eragina berehala agertu zuten lehen kantuetan. Heavy klasikoa eta thrash doinuak. Hitzak, ordea, gai politikoen zein sozialen eta euskal mitologiaren ingurukoak ziren. 80ko hamarkadan ere aurreneko thrash metal taldeak sortu ziren: Estigia (Zarautz, 1985), Soziedad Alkoholika (Gasteiz, 1988) eta Anestesia (Zarautz, 1988). Lehenak ibilbide motz baina esanguratsua izan zuen, baina 2014an itzultzea erabaki du, banda berrituarekin eta musika proposamen diferente batekin. Azken biek, berriz, gorabeherez betetako ibilbidea egin dute, egun arte.
90eko hamarkadaren erdialdean, euskaraz abesturiko heavy metalak lehen loraldi esanguratsua izan zuen. Su Ta Garrekin batera Ehun Kilo (Elgoibar, 1991) eta Latzen (Oñati, 1993) agertu ziren. Aipatzekoak dira bi talde horiek ateratako maketak zein lehen diskoak. Aurretik, Urtz taldeak (Pasaia, 1988) hastapen heavya izan zuen, gerora eraldatuz joan zena. Talde horiek ere heavy klasikoa jorratu zuten, thrash ukituekin tartekatuta. Hamarkadaren bukaeran Idi Bihotz (Bilbo, 1996), Asgarth (Donostia, 1997) eta aurrerago Hira (Oiartzun, 1998) taldeek euskarazko heavyaren bigarren loraldia bultzatu zuten. Zertxobait mediatikoa izan zen. Euskadi Gaztea irratiari esker heavya modan jarri zen Euskal Herriko gazteriaren artean. Batez ere, Asgarthek sekulako aupada izan zuen aurreneko bi diskoekin, eta garaiko taldeetako bat bilakatu zen. Idi Bihotzek ere diskotik diskora entzule gazte andana erakarri zuen. Bestalde, Azken Garrasia (Donostia, 1998) taldea ere ezin da ahaztu. «Aro berriko» talde horiek Su Ta Garrek hasitako bidea jarraitu zuten, baina musika iturri berriekin. Alemaniako heavy metal klasikoaren eta, oro har, Europako metal melodikoaren eragina oso nabarmena da euren kantuetan. Letretan, berriz, mitologia gaiak zein egunerokotasunari loturikoak jorratu dituzte. Bigarren loraldiaren zaku berean sar daiteke Berri Txarrak (Lekunberri, 1994) taldearen lehen diskoa. Denborarekin, ordea, erabat eraldatu dute euren musika nafarrek.
90eko hamarkadan ere heavy metalaren beste aldaera batzuk (death metal-a, thrash garaikidea, black metal-a, power metal-a…) jorratzen zituzten taldeak sortu ziren. Muturreko metal musikari dagokionez, Psychophony, Ominous, Elbereth bizkaitarrak, Dormanth eta In Thousand Lakes taldeek hasitako bidea beste hainbatek jarraitu zuten. Black metal estiloan euskarazko lehen taldeak agertu ziren: Aiumeen Basoa (Mutriku, 1994), Adhur (Donostia, 1995), Ilbeltz (Donostia, 1995) eta Numen (Arrasate, 1997). Black metal musika, folka eta euskal mitologia zein paganismoa eta antzeko gaiak nahasten dituzte.
Horrez gain, joera berrien etorrerak metal musika ere dezente eraldatu zuen. 90eko hamarkada erdialdean eztanda egin zuen nu-metal edo metal berriaren fenomeno amerikarrak jarraipena izan zuen Euskal Herrian. Estiloa Faith No More, Korn edo Limp Bizkit taldeek abiarazi zuten. Grunge, metal eta rap doinuen arteko nahasketa litzateke nu-metala. Beste hainbat saioren artean, Pi.L.T. (Mungia, 1992), Ekon (Arrasate, 1994) eta Jousilouli taldeak izan ziren lehenengoak metal berria euskaraz jorratzen. Berri Txarrakek disko bat (Ikasten) landu zuen estilo hartan.
Joera berri eta ezberdinen esparruan ere, 80ko hamarkada bukaeratik, Anestesiak bultzatutako euskarazko thrash-coreak jarraipen eguneratu bat izan zuen hurrengo hamarkadan. Brutal Melody taldeak (Arrasate, 1994), thrash eta hardcore doinuak uztartzeko bere proposamena egin zuen. Eraso! (Zarautz, 1996) bandak hasierako thrash gordina gaurkotu egin zuen, eta euskarazko metal musikari beste ñabardura bat gehitu zion. Pantera amerikarren groove doinuek eragin zuzena izan zuten gipuzkoarrengan. Gerora Su Ta Garrek izandako garapenean ere amerikarren zantzuak ageri dira. Korronte horren barruan, Etsaiak (Lekeitio, 1987) taldearen bigarren aroa koka daiteke. Talde bizkaitarrak hasieran punk musika arrunta jorratzen bazuen ere pixkanaka thrash eta hardcore doinuak nahastu zituen.
Asko dira metal musika euskaraz posible egin zuten eta egiten duten taldeak. Batzuek, momentu onean sortu izaki, oihartzuna izan dute. Beste batzuek ez. Kontuak kontu, Euskal Herriko musikaren historian argi geratu da metal musikaren adar ezberdinak eta euskara uztartzen esanguratsuenak zeintzuk izan diren. Baina historia ez da bukatu, gure lurraldeko metal eszena bizirik dagoelako. Horren adibide dira 2002tik martxan dagoen Herriko Burdina webzinea eta Ortots Burdin Hotsak zigilua (2006an sortu eta 2012an desagertua). Horiek horrela, aipaturiko web orrian jarraitu daiteke hurbiletik Euskal Herriko metal musikaren bilakaera eta egungo osasuna.
Testua: Inaxio Esnaola Aranzadi