HISTORIA

90eko hamarkada oparoa

2204

80ko hamarkadak eztanda ekarri zuen euskal gizartera. Arlo askotan irekiera izan zen, baina luzaroan gordetako amorrua eta haserrea kanporatu beharrak Poliziaren, politikarien eta Elizaren kontrako salaketa gordin eta espontaneoa ekarri zuen, eta musikara ere iritsi zen; gauzak serioegi hartzen ziren. Musikan, erakusle nagusia punka zen. 90eko hamarkadan, baina, iraganeko erantzun eta kritiketatik ikasi eta amorru hori leuntzeaz gain, gauzak hobeto egiten ikasi zuten musikari, kontzertu antolatzaile eta musika eragileek; eskaintza zabaltzeaz gain, entzuleak estilo eta proposamen askotara ireki ziren, ordura arte ez bezala. Baita bestelako gai eta hitzetara ere. Ez hori bakarrik, euskarak aurrerapauso handia egin zuen, ordura arte rock gehiena gaztelaniaz egiten baitzen. Sortutako talde ugarien eskariz, gaztetxe sare zabala sortu zen, eta diskoetxeak eta grabazio estudioak ugaltzeaz gain, prentsa ere hasi zen musikan askoz arreta handiagoa jartzen. Oso hamarkada oparoa izan zen.

Aipatutako fase apurtzaile eta kontestatario horrek pentsamolde asko ireki zituen, bestelako aukerak ere bazeudela erakutsiz. Bat-bateko erantzunak hainbat bide zabaldu zituen, 90eko hamarkadan sakontasun eta plangintza handiagoarekin lantzeko aukera eman zutenak. Hala, gauzak norberaren kabuz egiteko joera zabaldu eta iraganeko jarrera apurtzaile eta erasokorraren atzetik, jarrera kritiko eraikitzaileagoa hartu zuten askok. Hain zuzen ere, 80ko hamarkadan sortutako bideari modu kontzienteago batean helduta, Euskal Herriko herri askotan gaztetxeak okupatzen jarraitu zuten, eta, lehenengo aldiz, 90eko hamarkadan, kontzertuak egiteko sare zabala sortu zen, garai hartako musika taldeen tamainakoa.Modu ia antzekoan, ia erabat alboratu zen 80ko hamarkadan bai musikarien eta bai entzuleen artean hain muturrean bizi izandako punk eta heavy dikotomia, eta iraganeko kontu bihurtu zen entzuleen musika estilo zehatzekiko espezializazio edo fidelizazioa. Punka egiten ez zuten talde gehiago sortu ziren; horien artean, heavyak. Are gehiago, heavyen kasuan, euskararen aldeko apustua egiten hasi ziren batzuk (Su Ta Gar). Bestalde, orokorrean, instrumentuak lortzeko askoz erraztasun handiagoa zegoen, jendearen kontsumoa handitu egin zen, eta gizartean musika taldeen eta rockaren gaineko onespen handiagoa piztu zen; are gehiago, ondo ikusia zegoen musika talde bat edukitzea.80ko hamarkadako dinosauroek (Hertzainak, Zarama…) ez zuten askoz gehiago jarraitu, eta eutsi ziotenek nahiko leku utzi zieten atzetik zetoztenei. Izan ere, hamarkada horretan kontzertuak egiteko azpiegitura egon bazegoen, eta ikusleak ere asko ziren; kontzertu egarria zegoen, eta era guztietako estiloena, gainera. Horrez gain, gaztelaniak Euskal Herriko kantagintzan garrantzitsu izaten jarraitu bazuen ere, euskara nagusitu zen alor horretan. Horrez gain, RRVk edo euskal rock erradikalak aurreko hamarkadan izan zuen lerrokatzea, ia monopolioa, ahultzen joan zen, Kortatu, Hertzainak, Delirium Tremens eta beste talde batzuk desagertu ahala.

Etapa horren bukaera nolabait baldintzatu zuen Negu Gorriak taldearen sorrerak, 1989an. Talde horrek eragin zuen gehien aurreiritziak apurtzen eta bidea zabaltzen. Baina sortu ziren beste asko ere: hardcorearen eremua ireki zutenak (Bap!!), heavyarekiko aurreiritzietatik gailendu zirenak (Su Ta Gar, Ehun Kilo), rockari soinu txikiaren kolore eta alaitasuna eman ziotenak (Lin Ton Taun), musika zelta euskal folk eta pop-era ekarri zutenak (Sorotan Bele), hardcorea emakume ahots eta rockarekin aberastu zutenak (Kashbad), folka eta rocka hurbileko hitzekin bereganatzea lortu zutenak (Exkixu), hardcore melodikoari euskal labela jarri ziotenak (Deabruak Teilatuetan), trikitia eta popa batuz herrietako plazak gainezka dantzan jartzea lortu zutenak (Tapia eta Leturia, Maixa ta Ixiar, Gozategi…), metalaren (PI.L.T.) nahiz post-hardcorearen (Dut) joera berrietara egokitzen asmatu zutenak, pop-rocka eta poesia uztartu zituztenak (Bide Ertzean), eragin alternatibo garaikideekin bat egiten zutenak (Ama Say, Beti Mugan), iraganeko eskema itxietatik ateratzeko gai izan ziren bakarlariak (Anari, Jabier Muguruza), hip hop kultura bereganatu zutenak (Selektah Kolektiboa)… eta beste asko.

Musika eta diskogintza orain baino negozio indartsuagoak zirenez -baita Euskal Herrian ere-, hainbat diskoetxe jaio ziren: Oihukatik irten ostean, Marino Goñik Gor sortu zuen; Fermin Muguruzak, Negu Gorriak motor zuela, Esan Ozenki sortu zuen; Gaztelupeko Hotsak, hasieran bluesa bultzatzeko jaio bazen ere, estiloak zabaltzen hasi zen… Bitartean, Oihukak eta Elkarrek gogor eutsi zioten, Basati Diskak hiltzen utzi zuten, eta Discos Suicidasek irmo jarraitu zuen. Ekimen horien guztien neurri berean, sekulako aurrerapausoak eman ziren grabazio estudioetan: Elkar eta IZ diskoetxeek azpiegitura berriak inauguratu zituzten, eta Lorentzo Records eta Katarain estudioak sortu ziren.

Gauza batek bestea ekartzen duen heinean, El Tubo musika aldizkariak bultzada handia eman zien talde txiki eta ertainei, baita irakurle fidel asko zituzten zenbait egunkaritako musika eta gazte gehigarriek ere: Gaztegin (Egin), Devórame (El Diario Vasco) eta Barkatu, ama (Euskaldunon Egunkaria), besteak beste. Gerora euskarazko lehen musika aldizkaria jaio zen, Entzun!. Musikaren gaineko saio espezializatuak hedatu egin ziren irrati komertzial zein libretan. Aipagarrienetako bat, hemengo musikari eskaintzen zion arretarengatik, Egin Irratiko Igo bolumena zen. Nabarmendu beharra dago, halaber, hamarkada horretan Euskadi Gaztea irrati publikoak (gaur egun Gaztea bakarrik) egindako lana. Urtero antolatzen duen maketa lehiaketari esker, hainbat talde eman zituen ezagutzera, EH Sukarra, Sorotan Bele eta Latzen, besteak beste. Hala ere, azken urteetan lehiaketaren oihartzuna ahultzen joan da.

Bestalde, hain zen handia diskoen eta zuzeneko kontzertuen kontsumoa, lehen aipatutako gaztetxe guztiez gain, kontzertuak egiteko areto handiak ere zabaltzen hasi ziren. Bergarako Jam-ek eta Bilboko Kafe Antzokiak dantzalekuak ordezkatu egin zituzten, eta haiei beste askok jarraitu zieten, etorkizunean joera berri bat markatu eta garaiak aldatzen ari ziren erakusle.

Testua: Iker Barandiaran

2014.04.25