BADOK BLOGA

Pello Artabe

2016.12.02

Pello Artabe

Euskara batuak ez dauka ‘morborik’

Azkenaldian maiz irakurri ditut euskal argitalpen batzuetan euskaraz edota beste hizkuntza batzuetan abesten duten Euskal Herriko musikarien inguruko artikulu eta erreportajeak, non bakoitzak bere hizkuntza-erabiltze-hautuaren zergatia azaltzen duen.

Badakigu aspaldiko debatea (mila bider errepikatua) dela hori, antigualekoa, are gehiago urte hauetan hainbeste aldatzen ari den gure herri txiki honen zirkunstantzian. Eta hemen zenbat eta zenbat merituzko ekite eta izen aipatzeko modukoak gure aitzindarienak!

Eztabaida beste bat da, gureagoa, euskal herrikoagoa, euskarak eman lezakeen ingurukoagoa. Eta euskaldunoi elkarren kontra ibiltzea asko gustatzen zaigunez, hori elikatu nahi nuke, elkar borrokatu eta zauritu gaitezen; edo besarkatu… beharbada.

Aspalditik konturatzen ari naiz gero eta gehiago gustatzen zaizkidala euren euskalkia erabiltzen duten euskal taldeak. Badute estra bat, ekarpen bat, exotikotasun bat… esan dezagun, morboa edota distira aberatsagoa. Ematen du gureagoak direla. Gatiburen bizixek, bixotzak eta bixiguek, Mikel Urdangarinen txatxamatxaliñatxu-k, The Uski’sen itxosoko kresal usiñek, Ruperren ahoskatzeko polifazeziak eta enperadoEAEn zaldirik onenek, beratar rockeroen (Sexty Sexers, Petti, Irazoki…) hagitz fereka eta erranak, Niko Etxarten galto et’arrapostüak, Willis Drummonden so inzkitzu ene begia… Eta ez naiz ari abeslari edo talde batek kasu puntual batean ez dakit nongo euskalkitan abesti bat grabatu izanaz, baizik eta euren diskografiako abesti gehientsuenetan euskalki horri keinu edo keinu baino gehiago ere egin izanaz. Morbo beretsu hori topatzen dut baita bere garaian euskaldun berriak ziren abeslariengan edota euskara inperfektu baina zoragarriz abesten zutenengan ere: Itoiz, Zarama, Kortatu…

Hala ere, nola ez, sortzaile bakoitzak berak nahi duena egin dezala: euskalkia leundu, gogortu, nahastu, baztertu… hautua librea da, norberak zuzenen, gustukoen edo ederren deritzonaren arabera.

Batuak eremu formal asko irabazita dauzka jadanik, eta orain, euskara jantzi egin beharko genuke. Badago zer eginik. Eta janzte eta hazte hori euskalkien bidez ere etorri beharko litzateke. Horretarako, euskalkiek elkarri entzun egin behar diote, hangoek hemen eta hemengoek han. Eta hori arrunt iruditu beharko litzaiguke. Euskalkia ez da soilik bere ingurune naturalera mugatu behar, euskaldunok elkarri kutsatu egin behar diogu euskalkiekin, eta bide luzea daukagu egiteko zentzu honetan. Abestigintza izan daiteke akaso, esan dezagun, bitartekoa. Beraz, belarria zorroztu eta ohitu egin behar dugu euskara desberdinak entzuten: horien erritmoak, doinuak, lexikoak… musikaz, estribilloz eta estrofaz jantziak indar handia har lezake. Abesti baten hitzaren sorkuntzan, euskara batua eta euskalkiak uztartuz biak ala biak sendotuko lirateke. Eta mezua jendearengana iritsiko da jendeari mezu hori interesgarri iruditzen zaion heinean, mezu hori jasotzeko bide eta gogoak bizkortuz.

Exotikotasun terminoa askori ez zaie gustatuko honetaz ari garenean, baina nik ez diot zentzu negatiborik aurkitzen. Euskalki bat exotiko iruditzen bazaigu, musikaz nahasturik, are exotikoago eta erakargarriago bihur daiteke. Exotiko den guztiak beti piztu izan digu barruko harra, eta beti esportatu izan da, ezta? Eta exotiko den hori gainera erabilgarri, ulergarri, jostagarri eta gozagarri izanez gero… zer esanik ez! Euskalkiak erabiltzeak ez du suposatu behar komunikazioa trabatzea, baizik eta aberastea.

Bai lagunok, bai! Horregatik, lehen aipatutako artista euskalki-zale horiei galdetu beharko genieke zergatik. Galdetu beharko genieke zergatik ez duten euskara batu esperanto santu hutsean eta bakarrik egiten eta kitto! Galdetu beharko genieke abeslari bizkaitarrei bizkaiera eliz sermoien euskalki izatetik rock&roll orroen euskalki izatera noiz eta nola igaro den. Galdetu beharko genieke beratarrei sainga, kraka, autsiki, bertze bortz aldiz arren erran huan… bezalakoak euskal hiztegietan agertzen ote diren… hikaz/hitanoz, zukaz, berorikaz… ote? Galdetu beharko genieke Niko Etxart edota Willisi zergatik behartzen dituzten hego euskal herritarrak euren letrak deszifratzera. Baina… adi! Jakin badakigu baita orain dela 140 urtez gaindi Elissamburu lapurtarraren “Ikhusten duzü goizian” Gorbeiapeko Zeanurin ere kantatuenetarikoa izan dela. Beraz, zaharrak berri, ez dago inor beharturik.

Galdetu beharko genieke edo agian hobeto ez…, zeren euskarak eta arteak (kasurako musikak) bereziki horrelakoak izan behar dutelako askotan: azalpen gabeko, libre, zoro, inperfektu, bihurri, zoragarri… eta hor gozatzen delako hizkuntza: mugarik, araurik, trabarik, baldintzarik ez dagoenean abesteko eta norbere burua, den bezala, besteen aurrean aurkezteko. Come as you are.

(Berria egunkarian, 2015eko maiatzaren 7an argitaratutako artikulua)