Formatua: CD
Iraupena: 44' 15"
Argi kodea: KD-466
Azala: Carlos Zeberio
PARTAIDEAK
GRABAZIOA
Elkar estudioa (Donostia), 1996ko udazkena
SOINU TEKNIKARIA
Jean Phocas
LAGUNTZAILEAK
GENEROA
Folk-rocka
Aio!
1996 - Elkar
Formatua: CD
Iraupena: 44' 15"
Argi kodea: KD-466
Azala: Carlos Zeberio
PARTAIDEAK
GRABAZIOA
Elkar estudioa (Donostia), 1996ko udazkena
SOINU TEKNIKARIA
Jean Phocas
LAGUNTZAILEAK
GENEROA
Folk-rocka
Errobi euskal rock talde aitzindaria sortu zuen Mixel Ducau baionarrak, Anje Duhalderekin batera. Saxofoia ikasi zuen Ducauk, baina gitarrista gisa nabarmendu da batez ere. Hala ere, beste hainbat tresna jotzeko gauza da: alboka, ttun-ttuna, flauta… Errobirenak egin ondoren, Xango jazz garaikideko hirukotea osatu zuen Errobin ibilitako beste bi musikarirekin: Beñat Amorena (bateria eta saxofoia) eta Jean Paul Gilles (baxua). 80ko hamarkadaren hastapenetan hainbat kontzertu eman zituzten Euskal Herrian eta Frantzian, eta Txomin Artolari lagundu zioten zuzeneko emanaldietan, baina ez zuten hirukote gisa ezer grabatu. Urte haietan beste artista batzuen diskoetan lan handia egin zuen Ducauk, instrumentista zein moldaketa egile gisa: Belar hostoak (Txomin Artola), Hautsi da anphora (Ruper Ordorika) Zaldi erratu hatsa (Iñaki Eizmendi), Iparragirre: zure oroiz (Askoren artean)… eta aldi labur batez Orquesta Mondragonen jo zuen. Ondoren, Bordeleko Compagnie Bernard Lubat free-jazz taldearekin aritu zen garai batez, eta 1985ean Parisko grabazio estudio batean hasi zen lanean. Han grabatu zuen Errobiren azken diskoa, Agur t’erdi (Xoxoa, 1985), eta han ezagutu zuen Caroline Phillips, gerora bere emazte eta musika bidaide izan zena.
1991n gitarran eta soinu txikian oinarritutako talde bat sortzeko asmoari ekin zion Ducauk. Joseba Tapia ekarri zuen egitasmora, eta bi musikarien arteko “ezkontzatik” jaio zen Zaldibobo. Ameriketako Crazy Horse indio buruzagiaren euskarazko izena hartu zuen taldeak. Mikel Artiedak (baxua), Frederic Gaillardet (teklatuak) eta Beñat Amorenak (bateria) osatu zuten hasierako boskotea, Basajaun (Elkar, 1992) estreinako diskoa grabatu zuena. Estilo nahasketa handia zekarren lan hark. “Musika beltz amerikarra, jazza, Europan egiten den rocka, Euskal Herriko folk musika, denok landu ditugun estiloak dira. Neri betidanik gustatu izan zait soinu ezberdinak nahastea. Nahiz eta zaila izan nahasketa ona lortzea, askoz ere naturalagoa da musika modu honetan egitea”, azaldu zuen Ducauk. “Gure folklore edo tradizioak beste zenbait folklorerekin zerikusirik duenez, bata bestearen ondoan jartzea baino, gure helburua amankomuntasunik badutela adieraztea izan da. Zaldibobo ez da erritmo bat, ezta estilo bat ere. Nahiz eta ezer berririk ez asmatu, berezko estiloa daukagula uste dugu” (1).
Kantuak egin, entseatu eta zuzenean estudiora jo zuen taldeak, aurretik zuzenekorik eman gabe. Tapia eta Ducau talde batean elkartuta ikusteak jakin-mina piztu zuen, eta kritikak oso ondo hartu zuen diskoa, baina jendearen harrera ez zen taldekideek espero zutena izan. Nahi baino kontzertu gutxiago eman zituen taldeak, eta, gainera, taldekide bakoitza beste proiektu batzuetan murgilduta baitzebilen, zaila zen egitasmoa sendotzea. Ondorioz, taldeko kide batzuk joan eta beste batzuk etorri, lau urte igaro ziren hurrengo diskoa egin arte.
Eraberriturik eta gazteturik itzuli zen Zaldibobo Aio! bigarren diskoan (Elkar, 1996), honako musikari hauekin: Joxan Goikoetxea (soinu txikia; Alboka), Ritxi Salaberria (baxua; Sorotan Bele), Michel Longaron (bateria; Klabelin Komik), Igor Telletxea (tronboia), Ricardo Abril (tronpeta) eta Luis Camino (perkusioak). Haize tresnak eta perkusioak erabiltzea izan zen diskoko nobedadea. Dantzatzeko moduko diskoa, irri egitekoa eta erritmo askokoa egite aldera, estilo hauek batu zituen Ducauk disko horretan: rai musika, euskal musika tradizionala, rhythm&blues doinuak eta “fandango heavya”. “Rockaren eta euskal kantu tradizionalaren artean falta zen katebegia” iritzi zion Ducauk lan horri (2). “Kolore kolore” kantuak oihartzun handia izan arren, zuzeneko emanaldi kopuruak behetik jo zuen, eta taldeak ez zuen jarraipenik izan.
Zaldiboboren garai berean, Caroline Phillips emaztearekin hasi zen kantari Mixel Ducau, folk musikaren bidetik. Phillips San Frantziskon (Kalifornia, AEB) jaio zen, baina arte ikasketak egiteko Europara etorri zen, eta Ducau ezagutu ondoren, Euskal Herrira etorri zen. Bikotearen lehen lana Mixel Ducau & Caroline Phillips (Elkar, 1995) izan zen, non besteak beste Errobiren bi kantu ezagun berreskuratu zituen: “Zuretzat” eta “Aitarik ez dut”. Folk musikaren tresna zaharrak erabili zituen bikoteak, zarrabetea eta alboka, esate baterako; eta, maiz, bertsolariengana jo zuen hitzen bila: Xabier Amuriza, Andoni Egaña, Jon Iñaki Izarzelaia, Aitor Sarasua…
Zatoz gurekin (Agorila, 1998) izan zen Ducau & Phillips bikotearen azken lana, Bidaia laukotea sortu aurretik. 2002an jaiotako proiektu horretan parte hartu zuten Ritxi Salaberriak (baxua) eta Javi Areak (perkusioak). “Egiazko euskal nortasuna duen musika” sortzea du helburu taldeak (3). Bi disko kaleratu ditu: Oihan (Resistencia, 2003) eta Duo (Autoekoizpena, 2007). Azken lan horretan bikote formatura itzuli dira Ducau eta Phillips.
Testua: Jon Eskisabel