Formatua: CD
Argi kodea: EO 118 CD
PARTAIDEAK
GRABAZIOA
Katarain estudioa (Azkarate, Nafarroa)
SOINU TEKNIKARIA
Angel Katarain
GENEROA
Elektronikoa
Ikastola berria eraik dezagun Zuberoan (Askoren artean)
1997 - Esan Ozenki
Formatua: CD
Argi kodea: EO 118 CD
PARTAIDEAK
GRABAZIOA
Katarain estudioa (Azkarate, Nafarroa)
SOINU TEKNIKARIA
Angel Katarain
GENEROA
Elektronikoa
Zuzeneko hainbat talde era landu izan ditu geroztik, oinarrizko rock hirukotik sei laguneko bandaraino (bi bateria jotzaile barne). Diskoetan ere askotariko soinuak jorratu ditu. Hemen (Esan Ozenki, 1997) bere diskorik gitarreroena kaleratu ostean, soinua biluziz joan da hurrengoetan: Lagunak, adiskideak… eta beste hainbat etsai (Esan Ozenki, 1999) eta Ni ez naiz Xabier Montoia (Metak, 2002). Ondoren, Deus guti izeneko disko bat grabatu zuen, baina ez zuen inoiz argia ikusi. “Oso disko inportantea da niretzat. Pertsonalki, guztietan inportanteena. Baina disko horrek urteetan pott eginda utzi nau, nire Smile izan da, modu ironikoan esanda. Urteak egon ginen grabatzen, eta beraz, sufritzen. Ia-ia erotu nintzen Wilson bezala, disko hori medio. Horren ostean ez nuen musika entzuten, ezin nuen” (1). Haatik, etenaldi luze baten ostean, Montoiaren mundu miresgarria (Bidehuts, 2011) grabatu zuen, Maite Arroitajauregi (Mursego) eta Ibon Rodriguez musikariekin.
Pop esparrutik aparte, zinemarako musika egin du Montoiak (Dordoka uhartea film laburrerako), eta musika elektronikoko sorkuntza ere jorratu du, Koipe izena erabilita. Horren arrastoa aurki daiteke zenbait disko bildumatan:Ikastola berria eraik dezagun Zuberoan (Esan Ozenki, 1997), MER (Amanita, 2000), Oztopoen gainetik… Bonberenea (Bonberenea Ekintzak, 2000)… Disko jartzaile ere jardundakoa da Montoia urte askoan, DJ Zülle izenpean. Ugariak izan dira taberna zulo, gaztetxe eta txosnetan eskaini dituen musika saioak.
Beste musikari batzuekin lankidetza ugari egindakoa da Gasteizko abeslaria. Besteak beste, Mikel Laboa(haren omenez egindako Txerokee diskoaren bultzatzaile nagusia izan zen), Tapia eta Leturia Band, Kortatu, Negu Gorriak eta Pettiren diskoetan abestu izan du. Halaber, Estepan Urkiaga Lauaxeta poetaren omenezkoEhungarrenean hamaika diskoan (Gaztelupeko Hotsak, 2005) parte hartu zuen, Liparra olerkiari ahotsa eta doinua jarrita. Era berean, Xabier Montoiaren zenbait letra eta itzulpen beste musika talde batzuek erabili dituzte kantuak egiteko, Zarama, Bap!!, Petti eta Inoren Ero Nik, kasu.
Urte hauetan guztietan, euskal musikagintzaren parte aktiboa izan da Xabier Montoia, eta egin dizkioten elkarrizketek zeresan ugari eman dute maiz. Horietako batean egindako adierazpenak zirela eta, Euskadi Gaztea irratiak Montoiaren musika jartzeari uko egin ziola zabaldu zen, eta polemika piztu zen.
Musikan ezik, literaturan ere nabarmendu da Xabier Montoia. Musikarekin tartekaturiko ibilbidean, ugariak eta goraipatuak izan dira karrikaratu dituen eleberri, ipuin nahiz poesia liburuak. 2007an Euskadi Literatur Saria irabazi zuen, Euskal Hiria sutan (Elkar) ipuin liburuarekin.
Testua: Koldo Otamendi