2019.06.18
Xabier Madina

Xabier Madina

  • 1945 - 2016
  • Bilbo
  • Plaza, Popa

Atzera

Ipui biurria / Ez det nai agurrik udaberri erdian
 

Ipui biurria / Ez det nai agurrik udaberri erdian

1971 - Belter


Ipui biurria(Miguel Maria Azpiazu, Luis Iriondo)
facebook iconfacebook icon
Ez det nai agurrik udaberri erdian(Alan Jay Lerner, Frederick Loewe)
facebook iconfacebook icon

Formatua: SG


GENEROA

Popa

Xabier Madina 1945ean jaio zen eta, bere bizitzako lehen bost urteetan Bilbon bizi izan bazen ere, ondoren Azpeitira etorri zen familiarekin. Musika izan zuen afizio eta inoiz ofizio nagusi urte askoan. Ezagun egin zen.

Kantaria izana baita Madina. Sei urte zituela, solfeoa ikasten hasi zen; “idazten ikasi baino lehen”, dioenez. Baina gerora alde batera utzi zuen eta “musikarako oso belarri ona” izateaz baliatu behar izan zuen. Ez da kantautorea izan; besteek egindako abestiak kantatu ohi zituen. 1967an Bergarako jaialdi batean parte hartu, euskarazko abesti bat eta frantsesezko beste bat kantatu, eta festibala irabazi zuen.

Musika munduko bere lehen pauso garrantzitsua 1969an eman zuen. “Ordura arte, Azpeitian lagunartean edota familian abestera ohitua banengoen ere, ez nuen profesionalki kantaria izateko irrika berezirik”. Urte hartan, ordea, Luis Iriondo produktore azkoitiarraren deia jaso zuen, honek Azpeitian oso ondo abesten zuen mutil bat bazela entzuna zuelako. “Aditu gabe, disko bat grabatu behar genuela esan zidan eta gabon-kanta bat prestatu genuen”, dio Madinak. Hala, Iruñean Espainiako Kantu Txapelketa bat bazela eta bertan parte hartzeko proposamena egin zion Iriondok. Halaxe sartu zen musika munduan. Madinak dioenez, ez zuen gaurko gazteek bezala maketa bat grabatu eta hura aurkezten ibili beharrik izan; “nirea txiripa soila izan zen”.

Iruñeko txapelketan euskaraz abestu zuen. Gainera, “nahiko egoera zelebrean” parte hartu behar izan zuen. Bera traje txukun bat jantzirik eta erabat apain zegoelakoan gustura, eta Iriondok beste zerbait jantzi beharko zuela esan zion. Hala, beste norbaiten arropak jantzi eta, galtzekin ondo geratuko ziren zapata batzuen beharra sortzean, bere neurrikorik ez eta hankak erabat estutzen zizkioten batzuekin aritu behar izan zuen. Dena den, primeran abestu omen zuen, eta jende guztia zutituta berari txaloka hasi zen saioa bukatzean. Victor Manuel kantari ospetsua zen txapelketa hartan parte hartu behar zuenetako beste bat; dirudienez, aurrez erabakia zegoen honek irabazi behar zuela. Halaxe gertatu! Madina bigarren geratu zen. “Jendeari ez zitzaion gehiegi gustatu erabakia eta ondorenean eztabaidak izan ziren”.

Profesional gisa abesten hasi aurretik, Juan Mari Lasa eta Luis Mari Galdosekin ‘El Trío Belter’ deitutako hirukoa osatu zuen. “Garai hura melodikoa zen, rocka bazegoen arren”. Kantautorea ez zenez, “taldearen beharra” zuen eta bere lehen taldea Jose Luis eta Alberto Frantzesena anaiekin eta Xabier Saldiasekin osatu zuen. Izena: ‘Javier Madina y su conjunto’. Geroago pasatu zen talde hori ‘Egan’ izena hartzera, eta orduan hasi zen Saldias abeslari bezala.

.1975 inguruan Akelarre taldean sartu zen Madina. Urtean 200 jaialdi egitera iritsi ziren, berbenaz berbena, Euskal Herrian. “Baina Mallorcan edo Parisko Euskal Etxean ere izan ginen. Gaztea izanda, erraza egiten zitzaigun martxa hartan irautea”. Denborarekin nekatu egin zela dio. 1982an utzi zuen.

Pasadizoak, ugari. “Behin Maulera joan ginen eta, festak izan arren, kalean ez zebilen inor ere. Erabat kezkatu ginen. Kontzertua hasi eta pixka batera plaza jendez gainezka genuen, ordea”.

Musikatik bizitzea nahiko erraza zen garai hartan, Madinaren iritziz. Agerraldi bakoitzeko 25.000 pezeta jasotzen zituen. Orduko, sei mila pezeta. “Primeran” bizi zen, “asko” irabazten zuen. “Gastatu ere bai”.

Gaur egun “orokorrean” ez du jakin-minik musika munduarekiko. Eten egin zuen lotura. “Lagunekin konpromisoren bat dudanean baino ez dut kantatzen. Ezetz esaten ez dakit-eta”.

Gaixotasun bat zela medio, Xabier Madinak koma egoeran 22 egun egin zuen 1990ean. Bitarte horretan behin Euskadi Irratian haren kantu bat jarri eta hil egin zela jakinarazi zuten. 1990eko abuztuaren 28an izan zen hori. Azpeitian berehala zabaldu zen irratiko ‘albistea’. Zorionez, “zorteagatik edo belar txarra izateagatik” —berak dioen bezala—, bere onera itzuli zen kantari ohia.

Testua: Nekane Zinkunegi (Uztarria, 2008ko maiatza)