2022.11.17
X5 kolektiboa

X5 kolektiboa

  • 2022

Imanol lagunari agurra

Ekaineko arratsalde bat zen
bake argitsuz sosegatua
ekaineko arratsalde bat zen
eta hitzek erredimitu ezin zezaketen
hunkidura bat zegoen aidean
mindura mutua adiskideen bisaian
zu agurtu zintugunean,

han, jendeek beste itsasegira zeharka dutenean begiratzen
erru bat, akats baten zauriak ezin xukatuz,
oparitu nahiko genizun azken eskuzarta bat
xamurtasunezko irriñoaren lorea
bere xumetasunean
edo agian barkamena eskatu
hainbestetan bakarrik utzi zintugulako,
zu joana baitzinen bizidunen ankerkeriek
zeresanik ez duten eremu itzaltsuetara,
geroztik ez dugu zure berririk izan,
baina hor nonbait, ez dakit zer infinitotan
ezkutatua eta betirako babestua bazeunde
erruki gaitzazu gu
zu behar hainbat errukitu gabeok.