2022.11.17
X5 kolektiboa

X5 kolektiboa

  • 2022

Aberri ilunaren poema

Behar zaitut, Euskadi, desesperatuki
puta batek alkohola behar duen gisa,
zinema ilun baten ate bazterretik
oinaze eta irainez, gorrotoz beterik.

Behar zaitut, Euskadi, gogoaren kontra,
kolpatzen nauzunean arnasa ustelez,
mespretxuzko ordainez zugana hurbilduz
mozkorrez betetako kale zikinetan.

Behar zaitut, Euskadi, espantuzko herri,
paretari sorbaldaz jartzen nauzunean,
hain itsusia zera une gehienetan
basa eta zakarra zure umeekin.

Behar zaitut, Euskadi, etxean atzerri,
erbeste hurbilean beldurrez bizituz,
badakit eta nola hilko nauzun laster
argudio gaiztoen arma zekenekin.

Behar zaitut, Euskadi, koleraz beterik,
zu zeran bezain makur ni ere naizenez…
madarikatzen zaitut deskantsurik gabe
irainez musukatuz errenditu arte.
Maite zaitut, Euskadi, eta alferrik da
ez zaitudala maite oihukatzen badut,
ohera naramazu gauero zurekin
maindire odolduek irentsi nazaten.