2014.05.23
Urko

Urko

Los Corsarios taldean hasi zuen Jose Antonio Larrañaga Urko-k (Donostia, 1948) kantari ibilbidea. Nazioarteko kantarien bertsioak egiten zituen talde hark, baina 19 urte zituela euskal kantagintzarekin topo egin zuen Urkok. Donostiako Bellas Artes antzokian Lourdes Iriondo ikusi zuen kantatzen. “Iriondo ikusita esan nuen: ‘Zergatik ez dut nik euskaraz kantatzen?’. Ideiarik ez neukan, gurasoek euskaraz ez zekiten, eta aiton-amonek ez zekiten erdaraz. Euskalduntzen hasi nintzen” (1). Bere auzoan, Amara Zaharrean, abestu zuen jendaurrean euskaraz lehen aldiz, Oskarbi, Lupe eta Etxamendi eta Larralde bikotearekin batera.

274

Joxean Larrañaga ‘Urko’.

1974an eman zuen zuzeneko bere lehen kontzertua Donostiako Trinitate plazan, eta bi urtera argitaratu zuen bere lehendabiziko diskoa: Sakonki maite zaitut Euskal-Herria (Zafiro, 1977). Lehen diskoarekin argi utzi zuen Urkok zabaldu nahi zuen bidea, kantu politikoak abestuko zituen: «Politikarien ordez geunden gu garai hartan. Gure ideia zabaltzeko eta jendea mugitzeko helburuarekin geunden agertokietan» (2). Francoren diktaduraren garaia zen. Besteak beste, “Guk euskaraz” edota “Usurbilgo eliza” kantuak biltzen zituen lehen disko hark, eta ikaragarrizko arrakasta izan zuten, euskal kantutegiko abesti ezagun bilakatzeraino.

Bigarren diskoarekin ere, Hemen gaude (Zafiro, 1977) urtebete lehenago hasi zuen bideari jarraitu zion, hau da, kantu politikoak egin zituen, “Agur Euskal Herriari” edo “Utzi pakean“, adibidez, nahiz eta beste tonu bateko kanturen bat ere sartu zuen disko hartan, “Maite, maite, maitea” balada erromantikoa, esate baterako. Joseba Zulaika, Bitoriano Gandiaga, Gabriel Aresti eta beste batzuen testuak musikatu zituen. Disko hura Donostiako Antzoki Zaharrean grabatu zen, eta euskaraz zuzenean grabatutako lehen diskoa izan zen. Horrela zioen azaleko leloak: «Kontzertu honetan tinkatzen ari gara gure nortasuna. Euskaldunen nortasuna. Horrengatik, zuek parte hartzea eskatuko nizueke eta horrela gure indar guztiekin esatea hemen gaude!!».

Urtebetera Gure lagunei (Zafiro, 1978) eman zuen argitara Urkok. Jon Paredes Txiki eta Anjel Otaegi zituen lagunak kantari donostiarrak, eta, esan beharrik ez dago, aurreko biak bezala, helburu politikoak zituen hirugarren diskoak ere. 70 musikarik osaturiko orkestra eta abesbatza bat lagun zituela gauzatu zuen Telesforo Monzonek Txiki eta Otaegiri idatzitako “Irabazi dugu” kantua biltzen zuen diskoa. Kantu politikoak ia ereserki bilakatzeraino zabaldu ziren, eta arrakasta ezagutu zuen Urkok lehen urte haietan. 80.000 ale saldu zituen Hemen gaude diskoarekin.

3346

80ko hamarkadako kontzertu batean. Baxua jotzen, Mikel Artieda.

Ez Dok Amairu taldearen hurrengo belaunaldikoa zen Urko. Iñaki Eizmendi, Gorka Knörr, Antton Valverde, Gontzal Mendibil, Pantxoa eta Peio, Hibai Rekondo eta Urko garaikideak ziren eta, gehiago, kantukideak. Abestia militantzia zen kantarientzat.

1978tik aurrera aldaketa txiki bat egin zuen bere ibilbidean. «1978 aldera, politikariak agertzen hasi zirenean, gu apur bat atzeratu eta, ordutik, nik neure bidea egin nuen. Musika gehiago zaintzen hasi nintzen» (2). Rock apur bat egiten hasi zen, baina baita Donostiako kantutegia lantzen ere, abesbatza kantuak eta kantu herrikoiak batez ere. Hala, arrakasta gutxiko pare bat disko atera ondoren —Goiherri (Zafiro, 1979) eta Biltzen (Zafiro, 1980)—, 1982an Donosti maitia (Gipuzkoako Aurrezki Kutxa) argitaratu zuen. Hurrengo lana, Kaioen amodioa (IZ, 1984), irratietara heldu zen, “Jamaika irratia” singleari esker. Kantu herrikoiez osaturiko Bihotz bihotzez (Gipuzkoako Aurrezki Kutxa, 1986) eta Sagardoa: betiko kantak (DAM, 1991) izan ziren bere hurrengo diskoak, denboraldi batez agertokietatik urruntzeko erabakia hartu aurretik.

406

‘Sagardoa: betiko kantak’ diskoarekin. (1991)

Gerora musikan sartu-irtenak baino ez ditu egin. Hala, 1996an Urko canta a José Bergamín argitaratu zuen (Magna Music), eta 2003an eta 2005ean bilduma lan bana. 2003an hiru CDz osaturiko bilduma kaleratu zuen, Hemen gaude!! (DAM), bere ibilbideko 55 kantu aukeraturik. Eta bi urtera zuzeneko disko bat argitaratu zuen: Urko zuzenean: La Trini, Donostia (DAM, 2005). Trinitate enparantzan eman zuen lehen kontzertu haren 30. urteurrenean leku berean egindako kontzertua grabatu zuen Urkok eta DVDa ere atera zuen. 30 urte horietako 25 abesti ezagunenak eman zituen zuzeneko diskoan Urkok.

Gu Gira kantaldian parte hartu zuen 2011. urtean eta Argentinara maiz joaten da kantatzera.

Testua: Ainara Gorostitzu

  • (1) Gipuzkoako Hitza, 2012eko maiatzaren 25a
  • (2) Berria, 2003ko abenduaren 27a

Agur Euskal Herriari

Zazpi Euskal herriek

bat egin dezagun

guztiok beti beti

gauden gu euskaldun.

 

Agur eta ohore

Euskal herriari

Lapurdi, Baxenabar,

Zubero gainari

Bizkai, Napar, Gipuzko

eta Arabari

Zazpiak bat besarka

lot beitez elkarri.

 

Zazpi Euskal herriek

bat egin dezagun

guztiok beti beti

gauden gu euskaldun.

 

Haritz eder bat ba da

gure mendietan

zazpi adarrez dena

zabaltzen aidetan

Frantzian, Espainian

bi alderdietan

hemen hiru, ta han lau

bat da zazpiretan.

 

Zazpi Euskal herriek

bat egin dezagun

guztiok beti beti

gauden gu euskaldun.

 

Hi haiz, Euskal Herria

haritz hori bera

arrotza nausiturik

moztua sobera.

Oi gure arbasoak

ez othoi ez beira

zein goratik garen gu

jautsiak bera!

 

Zazpi Euskal herriek

bat egin dezagun

guztiok beti beti

gauden gu euskaldun.