Txomin Artola 1948ko uztailaren 26an jaio zen Hondarribian (Gipuzkoa). Txikitatik entzun zuen musika iparramerikarra, Elizondoko (Nafarroa) base amerikarrean lan egiten zuten auzokoak zirela medio. Horrela ezagutu zituen Elvis Presley eta twist musika. Ama Iparraldekoa izanik eta mugan bizi izanda, Artolak beti eduki du harreman berezia Iparraldearekin, eta bertan bizi da egun. Frantziako aldizkari eta irratien bidez deskubritu zuen The Beatles taldearen musika. Gitarra elektrikoa erosi, eta ingelesez zein frantzesez aritzen zen pop taldea osatu zuen 1962an. Hainbat emanaldi arrakastatsu eman zituzten Bidasoa aldean.
Aita arrantzale eta idazle zuen, eta haren bidez jarri zen harremanetan euskal kantagintzarekin; Mixel Labegerie entzuten hasi zen, eta euskaraz ere kantuak egin zitezkeela jabetu zen. Garai bertsuan, Bob Dylan eta folk musika deskubritu zituen, eta bi munduak uztartzeko modukoak zirela otu zitzaion. 1966an Ez Dok Amairuk emanaldia egin zuen Irunen, eta txundituta geratu zen. Batik bat, tradizioa eta eragin garaikideak uztartzeko modu naturalak txunditu zuen. Handik aurrera harremanak eduki zituen Ez Dok Amairuko hainbat kiderekin, eta euskaraz kantatuko zuela erabaki zuen.
Folk amerikarra eta euskal musika aurkitu ondoren, bere ibilbide guztian oinarrizkoa den hirugarren zutabea ezagutu zuen handik hiru urtera: 1969an Londresera egindako bidaian, hango folk berriarekin topo egin zuen, eta batik bat Pentangle taldeak liluratu zuen. Ondoren, bueltan soldadutza egin zuen Saharan, eta han zegoela idatzi zuen bere lehen kantua, “Goizeko euri artean”, bere kanturik ezagunenetakoa.
Soldadutza bukatutakoan, jaialdi batzuk egin zituen Mikel Laboa eta JosAnton Artzerekin, eta 1975ean lehen diskoa kaleratu zuen: Olaxta (Herri Gogoa, 1975). Aitak arrantzale bizitzaren eta sentipenen inguruan idatzitako poemak oinarri hartuta osatu zuen Artolak lehen diskoa. Antton Valverdek eta Joxemari Zabalak lagundu zioten. Disko fresko, biluzi eta entzungarria da, gitarra akustiko garbiz eta orduz geroztik kantariaren ezaugarri nagusia izan den ahots gozoz kantatua. Erantzun bikaina lortu zuen. “Txakurren partia” eta “Itxasoan” kantuak herri kantutegiaren parte dira dagoeneko.
Diskoa aurkezteko zuzeneko emanaldirik ez zuen eskaini. Kontzertuetarako taldea osatzen ari zela sortu zuten Haizea, euskal folk berriaren talderik garrantzitsuenetakoa. Txomin Artola taldearen zutabeetako bat gertatu zen hasieratik, baina taldeak lortutako arrakastari muzin eginez, Haizea (Herri Gogoa, 1977) kaleratu eta urtebetera utzi zuen Haizea.
Olaxta-rekin hasitako bakarkako ibilbidea berreskuratzeko asmoa zuen. “Urte hori pasatuta konturatu nintzen Haizea neretzako oso absorbentea zela, eta ez nuela kantu berririk sortu. Pausa bat egitea erabaki nuen eta Haizea uztea. Haizeak bere bidetik jarraitu zuen eta nik neuretik” (1). Orduan hasi zen kantariaren arorik sortzaileena. Bi poetaren inguruko bi disko monografikok —Belar hostoak (Xoxoa, 1978) eta Ttakun ttakun (Xoxoa, 1979)— osaturiko aroa izan zen. Lehena Walt Whitman XIX. mendeko poeta estatubatuarraren idatziekin osatua dago. Kantariaren diskorik borobilena da zentzu askotan. Disko heldua da. Haizea sortu baino lehen lantzen hasitako kantuak dira asko. Gainera, poetaren hitz samur eta naturalistek oso ongi egiten dute bat kantariaren giro akustiko gozoarekin. Bestela ere, diskoa Errobiko hainbat kiderekin osatu zuen: Mixel Ducau (gitarra), Jean Phocas (baxua), Beñat Amorena (bateria) eta Robert Suhas (piano eta organoa), eta nabaria da haien ekarpena oinarri musikalaren sendotasunean.
Ttakun ttakun, Haizearen garaian ezagutu eta 1978an hil zen donostiar poeta gazte baten poemekin osatu zuen. Gotzon Aleman zen poeta hura. Disko konplexuagoa eta barnerakoiagoa da, hertsiagoa. Jose Angel Alonsoren biolontxeloak, Anje Duhalderen perkusioek eta Andoni Aleman zein Miren Maite Beldarrainen txalapartak azpimarratzen dute disko horren borondate ez-komertziala. Txomin Artolak berak azaldu zuenez, Ttakun ttakun “Gotzonen bizitza da. Gotzon hitzen egilea denez gero, disko autobiografikoa da”. Diskoa aurkezteko idatzitako testuan honako hau zioen Artolak: “Gotzonen sendikortasunak garatu egin zuen bere bihotza. Gezurra dirudi egun bizi garen gizartean horrelako zerbait gertatzea. Gezurra dirudi, gaur egun, maitasunez norbait hiltzea”. Diskoa aurkezten urtebete eman ondoren, Artolak musikaren mundua aldi baterako uztea erabaki zuen.
Bost urte isilik eman ondoren, bi disko kaleratu zituen segidan: Orbela (Xoxoa, 1985) eta Txuriko (Xoxoa, 1986). Bi disko horietan, Donostiako jazz musikari ezagunekin lan egin zuen: Patri Goialde, Josetxo Silguero, Txema Garces eta Rafa Zaragueta. Folka alde batera utzi gabe, disko amerikarragoak dira. Nabariagoa da blues eta jazz musiken eragina. Bide horrek gailurra jo zuen Berriz arte diskoan (Elkar, 1988). Azala esanguratsua da: Artola agertzen da motel baten aurrean, neoi argiak atzean, errepide alboan, arratsean. Agur esanez bezala.
Aspaldiko partez, disko horretan Amaia Zubiriak ere parte hartu zuen, “Ama zuriak neri” eta “Triste bizi naiz eta” kantuetan, alegia. Gero eta ugariagoak ziren bien arteko topaketak, eta agian horixe izan zen Artolaren hurrengo egitasmoaren abiapuntua. Folk-lore-sorta izena hartu zuen hiru diskoz osatutako egitasmoak. Folk-lore-sorta I (Elkar, 1991) lehen alean oso agerian zeuden intentzioak: euskal herri musikaren hainbat harribitxi berreskuratzea. Protagonista nagusiak bien ahotsak dira, Haizeako garaietan bezala, eta haiek janzteko laguntza musikal akustiko eta sotila baina eraginkorra eskuratu zuten. Alan Griffin (whistle, flauta…) eta Joxan Goikoetxea (eskusoinua, sintetizadoreak) izan ziren laguntzaileak. Hurrengo urtean kaleratutako beste bi aleek (Folk-lore-lorta 2 eta Folk-lore-sorta 3) ematen dute egitasmoak lortu zuen arrakastaren berri. Hamaika emanaldi egin zituzten Euskal Herrian zehar. Arrakastak arrakasta, 1993ko Durangoko Azokan agur esan zioten bikotean aritzeari, eta bakoitzak bere bidea hartu zuen, Amaia Zubiriak bakarlari gisa eta Txomin Artolak Alboka taldean.
Aurreko egitasmoan sortutako talde giroan oinarrituta, musika tradizonalaren munduan erabat murgildu zen Albokarekin. Esperientzia handiko lau musikari bildu ziren: Txomin Artola, Joxan Goikoetxea, Alan Griffin eta Ganbara taldearen sortzaileetako bat, Josean Martin Zarko. Musika instrumentalaren bidea aukeratu eta diskoa kaleratu zuten: Alboka (Alboka Records-Lagin, 1994). Horren ondoren arrakastaz aritu ziren Europako folk jaialdirik nagusietan: Dranouter (Belgika), Folkest (Italia), Euromusika (Hungaria), Forde (Norvegia), Musika Interzeltikoaren Jaialdia (Italia), Folk Segovia (Espainia), Musicas Vivas (Herrialde Katalanak), Transhumances Musicales (Frantzia)…
Dena den, Alboka taldeaz gain, 1994an beste disko bat ere kaleratu zuen Artolak, Banako (Banako, 1994), horretarako sorturiko diskoetxe propioarekin. Oraindik Albokarekin ari zelarik, bakarkako beste disko bat kaleratu zuen: Zurartean (Banako, 1995). Hurrengo urtean, 1996an, Alboka utzi zuen, bertan hiru urte eman ondoren.
Sorotan Bele taldeko kide izandako Urbil Artola semearekin aritu zen zuzenekoetan 90eko hamarkadaren amaiera aldean. Hondarribian (Banako, 1997) da aita-semeen arteko elkarlanaren lekuko diskografiko bakarra. Egitasmo horren ondoren, emanaldiak eta diskoak alde batera utzi ditu, eta Hondarribian 2002an zabaldu zuen Banako aretoa.
Testua: Andoni Tolosa
Airerik ederrenetan
dugun orok betan,
kanta Jesusen sortzea,
haren zerutik jaustea.
Ethorri da guregana,
oi, zer zoriona!
Zeruko aingerueri
eta saindueri
junta sitzagun gure bozak
bai eta gure bihotzak
Jesusen adoratzerat
goazen Bethleemerat.
Utzkitzue utz, artzainak,
zuen arthaldeak.
Zuek zaituzte galdetzen,
pobreak ditu gonbidatzen,
Errege sortu berriak
Mesias maiteak.
Ez bilha jauregietan
ez gazteluetan.
Mainateran da etzana
hauxe da umiltasuna
deraukuna erakusten
guregatik sortzen.