1997 - IZ
PARTAIDEAK
1989 - IZ
PARTAIDEAK
1987 - IZ
PARTAIDEAK
Azala taldea utzi ondoren, Juan Mari Beltranek sortu zuen Txanbela, 1984an. Beltranez gain, Iñaki Peñak (eskusoinua, trikitia), Pilartxo Otxoa de Eribe (biolina eta ahotsa) eta Juantxo Villalbak (gitarra) osatu zuten hasierako laukotea. Ez da harritzekoa galtzear zegoen euskal musika tresna baten eta haren inguruko estiloaren izena aukeratzea taldearentzat. Argi azaldu zuen Beltranek taldearen helburua: “Musika herrikoiari hurbiltzea da gure asmoa…. gure herriaren altxor kultural hori berreskuratzea eta zuzpertzea da bildu berri garenon asmoa eta erabakia” (1). Bide batez, utzi berri zuen Azala taldearena baino apustu musikal zuzenagoa eta “sinpleagoa” egin nahi zuen. Laster batean kaleratu zuten lehen diskoa, Txanbela (IZ, 1984).
Euskal Herria bere osotasunean hartu, eta, herri musikaren topikoak hautsiz, entzuleentzat hain ezagunak ez ziren erritmo eta doinuak (pasodobleak…) landu zituzten, ohiko dantza doinuen alboan (porrusalda…). Horretarako euskal tradizioan ageri diren tresnak erabili zituzten. Folk-rockaren ukitu elektrikoetatik urruti, oso sonoritate akustiko eta artifiziorik gabea izan zen taldearen ezaugarria handik aurrera grabatu zituen beste hiru diskoetan ere.
Fideltasunez eutsi zioten bideari bigarren diskoan, Doinurik doinu (IZ, 1987), nahiz eta aldaketak izan taldean. Aurkene Azua (biolina, ahotsak) eta Joxe Ramon San Sebastian (tuba, gitarra, koilarak eta ahotsa) sartu ziren Pilartxo Otxoaren ordez, eta boskote bilakatu zen Txanbela. Doinu tradizionalei egungo idazleen hitzak jarri izana da disko horren berrikuntza nagusia. “Historiak erakusten du historia ezberdinak kontatu direla musika berarekin, eta letrak ahantzi direnean ere musika geratu da. Oraingoan, bestalde, denbora izan dugu: gauzak patxadaz prestatzeko, letrak egin ditzakeen jendearekin egoteko”, zioen Beltranek diskoaren aurkezpenean (2).
Herri musikaren altxorretik jasotako beste dozena bat piezak osatzen dute taldearen hirugarren diskoa, Hirugarren koxkan (IZ, 1989). Agiña, Jon Sarasua, Jon Lopategi eta Juanjo Uriaren hitzak daude, baita Jose Afonso kantari portugaldarraren musikarekin egindako kantu bat ere, “Jose Zeca Afonsoren Zitan”. Dena den, ez ziren garai onak folk taldeentzat, eta hirugarren disko horren ondoren taldea lozorroan geratu zen. Alde batetik, musikariak beste jardunetan aritu beharrak eta, bestetik, Beltranek beste egitasmo batzuk martxan jartzeak (Joxan Goikotxearekin elkarlanean) geldiarazi egin zuten Txanbela taldearen martxa.
Handik zortzi urtera, Arin-arinketan (IZ, 1997) diskoarekin itzuli zen Beltran, musikari berriz inguratuta: Mendigaina Gorostiaga (ahotsa, panderoa…), Mirian Fernandez (biolina) eta Ana Errege Balda (eskusoinua, trikitixa…). Disko hori ondoren Beltranek bakarka kaleratuko zituen diskoen eta Txanbelaren lanaren arteko erdibidean dago. Txanbelaren testamentua eta Juan Mari Beltranen hurrengo bidea iragartzen duen diskoa da. Hortik aurrera, ofizialki ez bada ere, desagertutzat jo daiteke Txanbela.
Testua: Andoni Tolosa
1997
ABESTIAK:
Txindokiko itsasoan
Xomorro etxera
Dantza luzea
Ameriketako Panpetan
Baztango zortzikoa
Jose Mondragonek
Auritzeko Karrika-Soinuak
Txulo
Euskaraz bizi
O Pello Pello
Sorgin dantza
Orain 500 urte
Katadera dantza
Arin-arinketan
1989
ABESTIAK:
Bosteko
Antzinako minue
Jose 'Zeca' Afonsoren zitan
Lehen hortza
Buru-txuri
Sagardotik gintonik'era
Dantzakia
Goizaldean arrastia
Hirugarren bolant dantza
Baltzerana izan arren
Habanera
1987
ABESTIAK:
Gu, Txanbela
Fandango zaharra
Tronparena
Garat'i albokaz
Xori errexiñoletak
Makil jokua: paloteados de Billabuena
Euskaldunberriaren mazurka
Akerra ken
Branle aintzineko kontrapasa
Aldrebeskerietan
Esmeraldazko Eire gorritua
Rigodon-4
1984
ABESTIAK:
Albokaren jotia
Asto guziak
Alduntziñena
Agure zar zar batek
Bolerak
Bertso berriak
Olaetako martxa
Silla dantza
Neure maite polita
Xirula
Haur abandonatuaren khantoria
Inguru txiki