Oroitzapen bat da zure usaina
apalduz doana, apalduz, baina
noiz uzten zaio galdetzeari
atzoko gauaz gaurko ilargiari?
Zalantza bat dira zure begiak
argitu dezaten, ilunegiak,
utzi diozun galdetzeari
atzoko gauaz gaurko ilargiari.
Ezezagun bat da nire azala
nik ez dakit, berak esan dezala
utzi diodan galdetzeari
atzoko gauaz gaurko ilargiari.
Amildegi bat da zure bizkarra
izu ta desiren itsaslabarra.
Uzten al zaio galdetzeari
atzoko gauaz gaurko ilargiari?
Nola nahi duzu, ba, aska zaitzadan
loaren aurreko azken taupadan
ezin badiot utzi galdetzeari
atzoko gauaz gaurko ilargiari?