Zein leizetatik zetorren
leire deitzen zen erreka,
harri artean errenka,
mendian behera, bere bide hautsi,
ta jauzi, ta galdera ?
Nork erran zuen zahar bat
ez dela azal berritzen ?
Alargundu ginen,
eta gure minen
putzu barruan, emeki,
berriro sortu ginen.
Leizetik, leireki, berriro sortu ginen.
Bagoaz biak pausoan,
gure bidexka goxoan,
bizi hondar hau goxatuz,
errekan behera, gure bide hautsi,
ta jauzi, ta galdera.
Ez da egia zaharrak
ez direla egokitzen;
alargundu ginen,
eta gure minen
putzu barruan, larruan,
berriz elkartu ginen.
Leizean, leireki, berriro sartu ginen.
Amets Arzallus
Hendaia, 2017 / 10 / 13