Lerro lerroka hegalka ta hirukitan
udaberrian itzultzen dira lertsunak
Ur gazteluko eremuan heze tokitan
larrea guneka loratzen hasia da
Askako apotxaliak apotu eta
plazan agertuko zira lerden neskatxa
mandarina aire goxo lepo xokoan
mutil misteriotsua xoratu arte
Eskuz esku jondoni suaren gainetik
jauzi erne bat eginez uda pasa da
laster batean zangogorrien urrina
lurrinduko dute urtxoen hegaldiek
Thierry Bizkari
New York. 2012 / 4 / 3
Zure begiek
amoroski
naute
perekatzen
zure ezpainek
amoroski
nautela
laztantzen
zuk
amoroski
maitatzen
nauzularikan...
nik gaueko
inguma ubelak ahanzten ditut
Aurelia Arkotxa
Amoroski. 1988