Bestak heldu orduko
erroak indartzen,
musikaren laguntzaz
umorea jartzen;
gazte talde bat kantu
ta dantzak uztartzen,
etxez etxe joaten da
bestak iragartzen.
Eta bada Mizel bat
gazte horietan,
zerbait egiten duna
etxe guzietan;
dantza mahai gainetan,
mahai azpietan..
Eguna pasatzen du
pitokerietan!
Baina behin Mendione
etxaldean ze min..
Hango amatxi negar
egin eta egin...
Mizel hurbiltzen zako
maitasunarekin :
´negarrez aritzeko,
zer duzu Kattalin?`
Kattalinek erantzun
alegri gutxiko:
´negarrei nola ez diet
jalgitzen utziko?
Heldu den urtera arte
dantzari, mutxiko...
ez baldin bazaituztet
berriz ikusiko!!`
Aditu erantzuna
gogoan duela,
nahiz jakin umorea
beharretsi dela;
Mizel ohartuko da
lehen ez bezela,
etxe kurridak zerbait
gehiago direla!