Formatua: CD
Iraupena: 46' 02"
Argi kodea: High Groove HG-18
PARTAIDEAK
GRABAZIOA
Le Chalet estudioa (Bordele, Frantzia), 2000ko urtarrila
LAGUNTZAILEAK
GENEROAK
Rocka, Ska
Bi mila
2000 - MSI
Formatua: CD
Iraupena: 46' 02"
Argi kodea: High Groove HG-18
PARTAIDEAK
GRABAZIOA
Le Chalet estudioa (Bordele, Frantzia), 2000ko urtarrila
LAGUNTZAILEAK
GENEROAK
Rocka, Ska
Sustraia 1992an sortu zuten, Lapurdin, Jean-Marc Beheretxek (bateria jotzailea eta musikaren egilea), Pantxoa Malmyk (gitarra), Filipe Garatek (eskusoinua), Beñat Zozaiak (baxua; geroago King Mafrundi taldean aritutakoa) eta Patrick Mixelena Mixu-k (ahotsa). Abenduaren 31n egin zuten lehen emanaldia, Heletan (Lapurdi), eta 1994an lehen maketa grabatu zuten, hurrengo urtean Agorila diskoetxearen bidez konpaktu formatuan berrargitaratu zutena. Segi, segi izeneko lan horretatik 10.000 ale saldu zituzten. Hortik ondorioa: “Iparraldeko etxe euskaldun guztietan gure disko bat dago” (1).
Hastapenetan plaza taldea izan zen, eta herriz herri emandako dantzaldietan oinarritu zuen berehalako arrakasta. Izan ere, urtean ehun emanaldi inguru egiten zituen boskoteak. Hego Euskal Herriko plaza talde gehienek ez bezala, kantu propioez osaturiko errepertorioa jotzen zuen Sustraiak. Horretan zetzan taldearen nortasuna eta ezberdintasuna. Halaber, entzuleen begirada guztiak erakartzen zituen abeslari bat zuen, Mixu, Mustafa ere esaten ziotena, izenburu bereko kanta arrakastatsua gogoan. 130 kiloko gizasemea zen, agertokian ikuskizuna eskaini eta entzuleengana jai giroa helarazten trebea, eta, zurrumurruen arabera, bere jauzien bortitzaz hainbat oholtza hautsitakoa.
Haatik, Euskal label bigarren diskoa Oihuka diskoetxearekin kaleratzearekin batera, taldearen helburuak aldatu egin ziren. Dantzaldiak utzi eta rock kontzertuak ematen hasi zen. Ipar Euskal Herriko mugak gainditu nahi zituen, Hegoaldean bere burua ezagutzera eman -hori zen Oihukarekin lan egiteko arrazoietako bat- eta atzerrira atera. Hain zuzen, 1996an hamar eguneko bira egin zuen Italian.
Euskal label diskoan “euskal rock&rolling”-ari ekin zion Sustraiak: dantzarako kantuak, alaiak, rock, ska, reggae eta bestelako doinuen nahasketa biziak… “Xardina kuzkuz“, “Xibidi”, “Amatto”…
1996. urte amaieran taldea desegin egin zen, eta eraberriturik itzuli zen 1997an, hiru taldekide berrirekin: Kandi Fernandez (teklatuak; Baldin Bada taldeko kide ohia), Christian Barbe (bateria jotzailea) eta Jaye Proctor (baxua). Italiako bira batekin estreinatu zen talde berria, eta 1997an bertan zuzeneko diskoa grabatu zuten, Getarian (Lapurdi): Live (Agorila, 1997).
Taldeak egonkortasuna lortu zuen hurrengo urteetan, eta 1999an Madrilgo Ska-P talde arrakastatsuarekin nazioarteko bira bat egin zuen. Halaber, Parisko La Cigalle areto ezagunean jotzeko aukera izan zuen. Berehala iritsi zen laugarren diskoa, Bi mila (MSI, 2000), non euskaraz ez ezik gaztelaniaz eta frantsesez ere abestu zuten. Korroskada taldearen “Torero” kantu ezagunaren moldaketa eta Petti kantariaren kolaborazioa daude disko horretan. Lan horrekin ugari izan ziren Frantzian eta Ipar Euskal Herrian eman zituen kontzertuak -Hegoaldean ezezaguna izaten jarraitzen zuen-, baina horren ondoren geldialdia etorri zen. Bi musikarik taldea utzi zuten (Jean-Marc Beheretxe eta Jaye Proctor), eta 2004ra arte ez zen Sustraiaren berri izan.
Berriz ere eraberriturik itzuli zen taldea, hiru taldekide berrirekin: Jimmy Arrabit (bateria jotzailea; Itoiz, King Mafrundi), Sam Balerdi (teklatua) eta Didier Etxeberria (baxua). Horiek grabatu zuten taldearen bosgarren diskoa, Ze bizia (Agorila, 2004). Christian Barbe eta Patrick Mixelena arduratu ziren doinuak sortzeaz, eta hitzekin Mikel Markez kantari gipuzkoarraren laguntza izan zuten, gaztelaniaz abesturiko bi kantetan: “Medio loco” eta “Despacito lo blandito”. Galdutako egonkortasuna berreskuratu zuen taldeak, errepidera itzuli zen, rock emanaldiak eta herrietako jaietako dantzaldiak tartekatuz, eta, 2006. urtean, Frantziako jaialdi garrantzitsuenetako batean parte hartu zuen: Parisko Printemps de Bourges jaialdian.
Ia segidan heldu zen Beti bidean (Agorila, 2005), rock latinora lerrotutako diskoa, Franck Aziza baxu jotzaile berriarekin. Eta 2008an, 15 urteko ibilbidea ospatzeko, DVD bat kaleratu zuen. Haatik, 2009ko hasieran taldeak ezusteko latza jasan zuen: Mixu abeslaria zendu zen, errugbi partida baten hasieran abestu ondoren.
Sustraian egindakoetatik aparte, Mixuk disko partekatu bat kaleratu zuen, MMX (Agorila, 2008), Xabaltx eta Maialen Errotabehere kantariekin. Hirurek zenbait kontzertu eman zituzten Argentinan, 2008ko urrian.
Testua: Jon Eskisabel