Formatua: EP
Argi kodea: Mende Berri sorta, 1
GRABAZIOA
Baionako Euskal Museoa
SOINU TEKNIKARIA
Ximun Haran
GENEROA
Soroak
1963 - Goiztiri
Formatua: EP
Argi kodea: Mende Berri sorta, 1
GRABAZIOA
Baionako Euskal Museoa
SOINU TEKNIKARIA
Ximun Haran
GENEROA
Familia kantaririk izan bada, hori Robles-Arangiz Bernaolatarrena izan da. Manuel Robles-Arangiz ELA sindikatuaren sortzaileetakoak eta Luisa Bernaolak mundura ekarritako bederatzi anai-arrebetatik lau mutilek Soroak taldea sortu zuten, eta lau ahizpak Ainarak laukotea. Zortziren artean koru bat ere sortu zuten. Gazteena, Estitxu, bakarka aritu zen 25 urteko ibilbide emankorrean. Trapp familia deitzen zieten Robles-Arangiz Bernaolatarrei, film ezaguna gogoan, kantatu ez ezik dantzatu eta antzeztu ere egiten baitzuten (Txinpartak antzerki taldean aritu ziren garai batez).
Iker, Ugutz eta Irkus anaiek eta Txabi Villaverdek 1958 aldera sortu zuten Soroak, Bilbon. Bostak Olaeta baletan aritzen ziren, eta emanaldi guztietara errekintoa eramaten zuen Villaverdek. Horrela hasi ziren euskal kantuak abesten, baita ingelesez eta gaztelaniazkoak ere. Geroago Koldo Miñaur batu zen taldera, eta azken garaian Alatz aritu zen ordezko moduan. Euskararen eta euskal kulturaren aldeko jarrera suspertzen hasi zen garaian sortu zen Soroak, eta berehala nabarmendu zen Bizkaian antolatzen ziren jaialdietan. Herri kantuak, modan zeuden atzerriko abestiak (euskaraturik) eta espiritual beltzak batzen zituen taldeak bere errepertorioan, eta estilo guztiz aurrerakoia erabiltzen zuen interpretazioan, aire eta kutsu berria emanez hala euskal kantuei nola euskaratutakoei.
Soroak-en berrikuntza ez zen oharkabean pasatu. 1960ko irailaren 1ean Eskualtzaleen Biltzarra zela-eta Arboti-Zohotan (Nafarroa Beherea) eskainitako kantaldi arrakastatsu baten amaieran, Mixel Labegerie hurbildu zitzaien zorionak ematera. “Gu, anartean, Bizkaian baino ez ginen ezagutuak. 300 pertsonaren aitzinean kantatu genuen, bazkarian. Berehala eztabaida hasi zen. Zenbaitek ‘Gure kantuek euskal kantuen eraberritze bat ekartzen zutela’ zioten. Mixelek ‘Soroak ez, zuek sorroak zirezte, hots, bibelarrak. Kantu berriak ekartzen baitituzue’ erran zuen jende guztiaren aitzinean” (1). Dena ez zen lore izan. “Herexetikoak” eta “euskal kantuaren lurperatzaileak” deitu zieten garai hartako prentsan. Ikerren arabera, “euskal kantua salbatuko bazen gitarraz kantatu behar zela pentsatzen genuen. Pentsa zein garai zen! Mixelek garai hartan ez zuen gitarra jotzen, pianojolea zen. Geroago emango zituen gitarraz abestutako kantu mitiko haiek” (1).
1959an disko txiki bat grabatu zuen laukoak, Donibane Lohitzuneko (Lapurdi) taberna batean. Bi kantu mexikar eta bi euskal kanta grabatu zituzten De Bilbao a México izeneko lan hartan. Diskoak ez zuen zabalpenik izan, baina bai ordea, hurrengoak. Disko hura 1962an grabatu zuten, Baionako Euskal Museoan, Ximun Haranek Alemanian erositako grabagailuarekin, eta Goiztiri diskoetxearen lehen argitalpena izan zen. Lana osatzen zuten sei kantuetatik bat “Salbatore” zen, Soroak laukoaren kantu ezagunena. Ordurako Beskoitzen (Lapurdi) bizi ziren lau anaiak, Hego Euskal Herriko giro politiko nahasiak Bilbotik aldarazirik. Urte gutxi batzuk geroago, Mikel Laboak aldarrikatu zuen Soroak laukoaren disko txikiaren garrantzia.
Kanpora maiz atera zen Soroak kantatzera, bereziki Frantziara. Hango telebistan behin baino gehiagotan kantatu zuen, eta Parisen Andre Dassary eta Luis Mariano abeslariekin partekatu zuen agertokia. Baina diskoa grabatu eta gutxira desegin zen taldea. Txabi Villaverdek eta Koldo Miñaurrek The Crazies sortu zuten ondoren.
Desegin zenetik bakanak izan dira Soroak taldearen agerraldiak, azkenengoa Mixel Labegerieri eskainitako omenaldiaren karira 2000ko urriaren 15ean, Kanbon (Lapurdi). Hala ere, Robles-Arangiztarren kantari katea ez da eten. Ikerrek eta bere hiru seme-alabek (Gorka, Naia eta Koldo) Aritzak taldea sortu zuten, eta dagoeneko bost disko argitaratu dituzte; horietako bitan Mixel Labegerieren kantuak bildu zituzten.
Testua: Jon Eskisabel