PARTAIDEAK
PARTAIDEAK
Hernaniko jaietan eman zuen estreinako emanaldia Selektah Kolektiboak, artean bikotea zelarik: Iñaki Arrizabalaga Daddy Jeff(ahotsa) eta Zigor Lampre DZ (disko jartzailea). Musika beltza (hip hop, funk, soul, reggae…) Euskal Herrian ezagutzera emateko eta zabaltzeko sortutako kolektiboaren lehen adierazpenetako bat zen. Aipaturiko bi kideez gain, Iñigo Goikoetxeandia Wanka eta Jon Lampre MC Molte abeslariek eta Aritz Usandizaga Aritz Sound System disko jartzaileak osatu zuten Selektah Kolektiboa. Dantza egiteko jaiak antolatzen hasi zen. Hip hop emanaldi batek hartzen zuen saio horien lehen zatia: DZetak jarritako musika oinarriaren gainean hiru abeslariak txandakatzen ziren kantuan, mikrofonoa zabalik utziz abestu nahi zuen edonorentzat. Gero, Aritz Sound Systemek dantzarako mota askotariko doinuak jartzen zituen goizaldera arte. Kontzertuak egiteko eredu berria ekarri zuen Selektah Kolektiboak.
Bi urtez hip hoparen kultura Euskal Herriko hainbat txokotara eraman ondoren, Andoaingo gaztetxean Fermin Muguruzarekinjotzeko eskaintza jaso zuen taldeak, eta aukera baliatu zuen maketa Esan Ozenkidiskoetxeko arduradunei helarazteko. Berehala iritsi zen diskoa grabatzeko proposamena. Selektah Kolektiboa 2000. urtean argitaratu zen, eta euskarazko lehen hip hop diskoa izan zen. Euskal Herriko egoera politikoa, euskararen bazterketa eta hip hop kulturaren aldarrikapena ditu hizpide taldeak disko horretako kantuetan, eta UPN alderdiari, kazetariei eta poliziari zuzentzen dizkie amorruzko hitz zorrotzak. Diskoan lagundu zutenen artean, Frantziako Force II Frappe taldea zegoen.
Euskal Herrian hip hoparen aitzindariak izateak une gozoak ekarri zizkion taldeari, baina baita musika horrekiko ezjakintasun orokorrak sortutako errespetu falta pairatu behar izatea ere, Esperientzien etorbidetik (Metak, 2002) bigarren diskoari izenburua eman zion kantuan azaldu zutenez. “Hip hoparekiko errespetua eskatzen dugu, beste edozein musika estilok merezi duen garrantzi bera ematea musikarien, kontzertu antolatzaileen eta soinu teknikarien aldetik. Errespetu falta hori nabarmenagoa da hip hopak kanpoan jasotzen duen tratua ezagutu eta gero”, adierazi zuten taldekideek diskoaren aurkezpenean (1). Tony Claret ekoizlearekin grabatu zuten Bartzelonan -Espainiako zenbait hip hop talde esanguratsurekin lan egina da Claret; 7 Notas 7 Colores, La Mala Rodríguez eta Eddie La Sombra, kasu-, eta hainbat kolaboratzaile bildu zituen, El Payo Malo rap abeslaria, La 13-14 taldea eta Yacine (Cheb Balowski), besteak beste. UPN ostera ere (“UPN West 2“), George Bush (“Gora gaileta“) eta Palestinan Israelek egiten duen politika (“Conciencia de un sentir“) ziren Selektah Kolektiboaren jomuga lan horretan.
Hurrengo urteetan kontzertuak ematen, jaiak antolatzen eta kantuak sortzen jarraitu zuen taldeak. Espainiako rap talde ezagunenetako batzuekin aritu zen (Frank T, Violadores del Verso, SFDK…); Negu Gorriak taldeak agur esateko 2001ean Baionan eta Donostian eskainitako hiru kontzertuetan parte hartu zuen, eta Manu Chaok Radio Bembarekin 2002an Donostian emandakoa ireki zuen. 2005ean Selektah Kolektiboaren hirugarren diskoa iragarri zuen Metak diskoetxeak, baina grabatzen hasi aurretik taldea desegin egin zen. Bi disko argitaratzeaz gain, Bagdad Rap filmeko musikan parte hartu zuen “Vosotros en Irak” kantuarekin, eta Fermin MuguruzarenFM 99.00 Dub Manifest eta UEKren Ganbaratik diskoetan kolaboratu zuen.
Selektah Kolektibotik at, DZetak Fermin Muguruzaren In-Komunikazioa, Euskal Herria Jamaika Clash eta Asthmatic Lion Sound Systema diskoetan parte hartu du, eta haren Kontrabanda, Kontrakantxa eta Afro-Basque Brigade taldeetako kide izan da. Orain, Esne Beltza taldeko partaidea da, eta Basque Power proiektu pertsonala eratu du.
Daddy Jeff-ek Bakerik gabeko lurralde EPa grabatu zuen 2013an.
ABESTIAK:
Intro zuentzako
Orkestraren orena
Esperientzien etorbidetik
UPN West 2 (¡pa venceros, navarreros!)
Festa... zu ongi presta
Impunitat
Nere eskutik
Conexión
Gora gaileta
Hitzek min hartzen duten tokia
Conciencia de un sentir
Hip-hop bizitza
Hiru kilo
Iraina
Outro
2000
ABESTIAK:
Boulevard Street
U.P.N. West edo Unionisten harropuzkeria
Belarriak bero ukan
Hip hop cabrón
Koktel Molotoff
Gorroto dut
Kazetariak
Apurtu!
Hitzak I
Beti eske-k
Sargoria
D.J. DZ sesion
Día tras día
Bilaketa sakona
Hitz gutxitan
Hip-hoparen erresumak defendatuz
Elkartasun giroa (Freestyle)
Hitzak II