PARTAIDEAK
1986 - IZ
PARTAIDEAK
Oso gutxi izan ziren 80ko hamarkadaren erdialdean RRVaren saretik kanpo geratu ziren taldeak. Horietako bat izan zen Saz Le Bolo. Oñatiko laukoteak britainiar kutsuko pop doinuz osatutako disko bakarra argitaratu zuen, eta berehala desagertu zen.
Saz Le Bolo 1985. urtearen hasieran sortu zuten Bixen Mijangosek (bateria), Jon Azpiazuk (baxua eta ahotsa) eta Imanol Ugartek (gitarra eta ahotsa) Oñatin. Aurretik Azpiazu eta Ugarte elkarrekin arituak ziren, baina Mijangosen sarrerarekin entseatzen hasi eta aurreneko maketa bat grabatu zuten. Laster batean laugarren taldekide bat gehitu zitzaien, Jabi Lazkano (saxo tenorea eta sopranoa, flauta), eta horren iristearekin batera, taldearen soinuak garapena izan zuen. “Lehen maketatik hona aurrerakada nabarmena izan da. Gainera, Jabi sartu zen, eta beharbada maketan soinua bigunegia gertatu zen. Orain, maketako abestiak entzuten ditugunean, kokatuago gaudela konturatzen gara”, zioten taldekideek 1986an, Argia aldizkariari eskainitako elkarrizketan (1). Maketa grabatu eta denbora gutxira Kaki Arkarazok aurkeztuta, ETBn ematen zuten Popazoro saioan parte hartu zuten. Bertan bost abesti jo zituzten zuzenean. Bestalde, Tolosan eta Zallan antolatutako musika lehiaketetan parte hartu zuten eta azken horretan euskarazko saria eraman zuten O.K. Korral taldearekin batera.
Izena Txanogorritxuren ipuinaren gaztelaniazko esamolde batetik hartu bazuten ere –”Zas, el lobo“, alderantziz irakurrita–, oñatiarrek euskaraz abesteko hautua egin zuten hasieratik. Baita poparen eta new wave-aren esparruetan mugitzekoa ere. “Berez rock talde bat gara; hau, noski, oso zabala da. Nik behintzat asko gustatzen zaidan definizio bat entzun nuen, zera da, guk pop-grisa egiten dugula. Ezin da adjektibo zehatz bat jarri, guk uste dugu pop inguruan mugitzen garela”(1). 70eko hamarkadaren amaieran eta 80koaren hasieran Erresuma Batutik iritsitako doinuek eragin zuten taldearen soinuan, baina ez ziren horietara mugatzen. “Magazine taldea aipatzen digute, baina hori bezala, beste asko gustatzen zaizkigu. Horien eragina, baldin badago, modu edo detaile ezberdinetan suma liteke. Zuzenean Reflections taldearen bertsioa egiten dugu, eta besterik egitekotan, X.T.C.renen baten bat egingo genuke” (2).
1986an Xurrumurruak disko laburra grabatu zuten Angel Katarainen ardurapean, eta IZ disketxeak argitaratu zuen. Zazpi kantu bildu zituzten diskoan, guztiak pop atmosfera leunetan bustiak eta hitz poetikoekin jantziak. “Buruan dabiltzan mamuen artean, geure istorio eta kontakizunak kanporatzen ditugu. Eta azalean, beharbada ez dugu hitzez hitz kontu sozialak aipatzen. Baina problematika hori beste era batean adierazten da. Tematika ez dago itxita guretzat” (2). Kantu ia guztien hitzak Jon Azpiazuk idatziak ziren eta musika Ugarte eta Aspiazurena zen.
Xurrumurruak-ek harrera ona izan zuen komunikabideetan, baina euskal musikaren esparrua RRVak menderatzen zuen 1986an, eta taldeak ez zuen emanaldi asko egiteko aukerarik izan. Hain zuzen, mugimendu hartako batzuekin aritu ziren zuzenean, Kontuz Hi, Cicatriz, Hertzainak eta Kortaturekin besteak beste, baina ez askorik. “Beharbada RRVak talde asko estali ditu. Hasieran jendea oihu egitera eta joaten zen kontzertuetara, gero halako hutsune bat sortu zen, ezer barik, galduta, eta handik urte batzutara ‘euskal rock radikala’ izeneko mugimendua agertu zen. Jendea holako kontzertuetara joan egiten da, errealitate bat da eta halaxe da” (1).
Taldeak disko bakarra kaleratu zuen, eta pixkanaka desagertzen joan zen.
Testua: Mikel Lizarralde
1989
ABESTIAK:
Lau bineta *
Orbela *
Sasaken *
Szinks *
Formula bat *
Hegalariarekin *
Pulan zen *
Paseatzen **
Maitasun ezkutua #
Gitarraren erantzunak #
Gauak #
Kontsolamendurik? #
Ni nauk #
Leku bat #
Egoerak #
Gitarraren erantzunak ##
Maitasun ezkutua ##
Eskuak luzaturik ##
Dena zen iheskorra º
Eskuak luzaturik ºº
1986
ABESTIAK:
Xurrumurruak
Arrats iluna
Udako azken eulia
Paradisurantz
Kajoi berezia
Szinks
Formula bat