Sasoi Ilunak 1990eko irailean sortu zuten, Ortuellan (Bizkaia), Tak Ahula taldea izan zenaren errautsetatik. Joseba Makaia bateria joleak (Boikot eta Tak Ahula), Luis Alberto Etxenagusia baxu joleak (Jahve, Viuda de Lopez eta Tak Ahula), Mikel Ramirez gitarristak (Boikot) eta Txuma Murugarren abeslari eta gitarristak (Tak Ahula) osatu zuten. Aurrekoarekin alderatuta, serioago hartu zuten talde hau, eta emaitzak ere halakoak izan ziren. Entsegu gutxi batzuk egin ostean, IZ estudiora jo zuten, Anjel Katarainekin lau abestiz osatutako maketa bat grabatzeko. Sasoi horretan Iñaki Perurenak ETB1en aurkezten zuen Herriko plaza saioan agertu zen taldea. Maketa Ezkerraldean bakarrik banatu zuten, baina diskoetxe batzuetara heldu zen. Hala, jarraian Oihukak eskatuta, Sasoi ilunak (Oihuka, 1991) grabatu zuten, Cesar Ibarretxe soinu teknikariarekin. LPan 12 kantu batu zituzten, eta CDan, berriz, 13. Maketatik hiru kantu berreskuratu zituzten: “Ez du zentzurik“, “Train songs” eta “Azkaziak“, azken hori CDko abesti estra moduan. Diskoan Joxan Goikoetxeak akordeoi eta teklatuak sartu zituen, eta Ida Berg-Jensenek koruak egin zituen.
Gerora, Joseba Makaiak taldea utzi eta Jose Barahonak (Cracker taldeko kidea izandakoa) ordezkatu zuen bi makilekin. 1993an, Elkar diskoetxearen Donostiako estudio berrian, Herri xumeak (Oihuka, 1993) grabatu zuten. Oraingoan ere, disko konpaktuak biniloak baino kantu bat gehiago izan zuen: “Aintzinako ohiturak“. Ahotsekin, berriro, Ida Berg-Jensenek lagundu zituen. Disko rockeroagoa egin zuten, gitarreroagoa eta distortsionatuagoa. Azalaren diseinua M.C.D. taldeko Nicolas Vazquez Niko-k egin zuen. Hitzetan Txuma jakintsuago bat antzeman daiteke. Harenak dira hitz guztiak, “Siberiar kantua” izan ezik, Joseba Sarrionandiaren Hezurrezko xirulak-etik moldatua baita.
Horren ostean, taldeak arazo larriak izan zituen aurrera jarraitzeko: 1994an, Murugarreni eztarriko noduluetan ebakuntza egin behar izan zioten, eta Luis Alberto Etxenagusiak aurpegiko paralisia izan zuen. Horregatik eta beste arrazoi batzuengatik, taldea geldirik egon zen luzaroan.
Hala, ia lau urteren bueltan, 1997tik 1998ra bitartean estudiora itzuli ziren, Harakina (Oihuka, 1998) izango zena prestatzeko. Jose Lastra arduratu zen grabazioaz eta nahasketaz, eta alboan Haritz Harregi izan zuen. Askoren ustez, honako hau da Ezkerraldekoek egin zuten lanik helduena eta koloretsuena. Baita arrakasta handiena lortu zuena ere, “Bizitza garratza da” singleari esker, besteak beste. Diskoan abestu bakarrik nahi zuen egin Murugarrenek, eta ondorioz, Alberto Martinez De La Fuente heldu berriak hartu zuen gitarra erritmikoa. Diskoaren kontzeptua 1950ean hil zen Joxe Julian Armendariz Oleta harakin eta poeta zenaren gainean oinarritu zen, eta hitzak egiteko beste idazle batzuetan inspiratu zen Murugarren: Alvaro de Campos (“Gauzen hegoalderantz”, “Partitzearen unea”), Cesare Pavese (“Bart hamarretan”) eta Aingeru Epaltza kasu (“Billi“).
Diskoaren harrera onak bultzaturik, 1998an kontzertu dezente egin zituen taldeak, baina 1999an apaldu egin zen zuzenekoen eskaera, eta Murugarren bakarkako kantuak prestatzen hasi zen. Hala, bere bakarkako lehen diskoa Sasoi Ilunak taldeko kideekin prestatu zuen, nahiz eta «distantzia hartzeko» beste musikari batzuekin grabatu: Nire leihoak (Oihuka, 2000). Hori beste istorio bat da, baina poliki-poliki Sasoi Ilunak desagertuz joan zen milurteko aldaketarekin batera.
Testua: Iker Barandiaran
Kulunka legarriz sestraturiko kalean barna,
gauaren mozkorra! Sekula erabat borobila ez den
ilargi zurbillari begira.
Musikari behartsuaren antzera, sos baten trukean hutsa.
Huts akatsgabea, hotsik gabeko ezereza.
Baina gau lerdenak freskatu egiten ditu ideiak
eta hori ez da ona, ez da ona.
Berriro gogoratu behar da aintzinako doinu hura,
zaraten laberintoan gorpuztutako doinu liluragarria.
Patxi terrenak bilatuko al du zergatik beti beharra?
Zeren esperoan dago urdanga zitala?
Unibertso mugaezin honetan galdu egingo naiz
nire buruaren estalki eta euritako den honetan,
unibertso beltz eta sakon honen errainetan.
Unibertso, ama, zure sabelean.