Formatua: CD
Iraupena: 46' 42"
Argi kodea: M057CD
Azala: Metart
PARTAIDEAK
GRABAZIOA
Garate estudioa (Andoain, Gipuzkoa), 2004ko iraila
SOINU TEKNIKARIA
Kaki Arkarazo
LAGUNTZAILEA
GENEROAK
Reggaea, Ska
Toulouse
2004 - Metak
Formatua: CD
Iraupena: 46' 42"
Argi kodea: M057CD
Azala: Metart
PARTAIDEAK
GRABAZIOA
Garate estudioa (Andoain, Gipuzkoa), 2004ko iraila
SOINU TEKNIKARIA
Kaki Arkarazo
LAGUNTZAILEA
GENEROAK
Reggaea, Ska
Iñigo Muguruzak (Irun, 1964-2019; ahotsa eta gitarra), Carlos Zubikoak (baxua) eta Gorka Baskaranek (bateria) osatu zuten Sagarroi, 2000. urtean. Joxe Ripiaurekin jorratutako doinu bero eta karibeñoak alde batera utzi eta, proiektu berrian, hardcorea lantzeko asmoa zuen Muguruzak. Horretarako beste bi musikari bildu zituen: Carlos Zubikoa Apurtu taldean aritua zen aurretik, eta Gorka Baskaran Gatazka eta Be Quiet taldeetan. Meatzaldea (Metak, 2001) izan zen taldearen aurkezpen txartela. Izenak iradokitzen zuen bezala, rock doinu ilun eta dentsoak biltzen ditu lan horrek. Hamalau kantuen artean hiru bertsio daude: “En el claro de la luna” (Silvio Rodriguez), “Homo homini lupus” (Beti Mugan) eta “Bizitza triste eta ederra” (Joxe Ripiau).
Euskal Herrian ez ezik, Madrilen, Bartzelonan, Suitzan, Zagreben, Belgraden eta Kuban aurkeztu zuen diskoa zuzenean. Hala ere, diskoak ez zuen taldeak espero zuen harrera izan, eta norabide musikala aldatzea erabaki zuen Muguruzak. Joxe Ripiaun taldekide izandako Asier Ituarte tronboi jotzailea sartu zen Sagarroin, eta horrek beste ildo bat ireki zuen: “hardcore-festa-raggamuffin-kontzientea”, Muguruzaren hitzetan (1). Euria ari duela (Metak, 2003) bigarren diskoan islatu zen aldaketa. Gonbidatu ugari izan zituen laukoteak lan horretan: Francis Diez (Doctor Deseo), Amparo Sanchez (Amparanoia), Sergio Ordoñez (Joxe Ripiau, Esne Beltza), Oskar Benas (The Solanos, Fermin Muguruza Dub Manifest), Fernando Gimeno (Kuraia, Estricalla, Matxura, El Corazon del Sapo). Disko honetako kantu guztiak Sagarroik sortutakoak dira.
Berehala heldu zen Toulouse (Metak, 2004). “Aniztasuna, elkartasuna, pentsamendu ezkertiarra, herrien kulturen arteko errespetua, nahasketa aberasgarri bat” gogora ekartzen dituelako hautatu zuten hiri horren izena hirugarren diskoa bataiatzeko (2). Joxe Ripiauren diskoetan bezala, zinemari buruzko erreferentziak aurkitu daitezke lan honetako zenbait kantutan (“Bowling for Colombine“, “Ez eman begirik“…), eta diskoaren azalean Anthony Quinn aktorea ageri da. Ska eta reggae doinuak finkatu ziren taldean eskaintzan, eta doinu latinoetara ere zabaldu zen. Afrika Bibang kantariak (Etsaiak) lagundu zuen ahotsean.
Laukotea boskote bihurtu zen laugarren diskoan, Baleike-n (Kasba Music, 2006). Miren Gaztañaga aktorea sartu zen taldean abeslari gisa. Aurretik, 200ean, Antzerkiola Imaginarioa antzerki taldearen Ezekiel ikuskizunean lan egin zuten elkarrekin Sagarroik eta Gaztañagak. Beste berrikuntza bat diskoetxe aldaketa izan zen. Metak desagertu ostean, Katalunian aurkitu zuen Sagarroik bere lan berria argitaratzeko etxea, Kasba Music. La Kinki Beat eta Cheb Balowskiren diskoetxe berbera. Disko beroa eta alaia da Baleike, “taldeak bizi izan duen une on batean sortu da, gauza politak gertatu dira taldearen inguruan”, azaldu zuen Muguruzak (3). Anekdota gisa, flamenko doinuetara hurbildu zen taldea disko honetan, Marco Viascon galiziarraren bertsio bat egiteko (“Viasconen ragga-runba“). Halaber, Muguruzaren aita zenari egindako omenaldiak ixten du diskoa (“Bihotzaren minean“).
Sagarroiren bosgarren eta azken diskoa hiru urte geroago heldu zen, Haikua (Sagarroi Ekoizpenak, 2009). Autoekoizpenera jo zuen boskoteak lana argitaratzeko, diskoetxeekin “zenbakiek ez dutelako ematen” (4). Jatorrizko taldekideetako batek, Gorka Baskaranek, taldea utzi eta Iban Larrebourek hartu zuen haren lekua disko honetan. Kantu guztien hitzek Japoniako haiku poemen 17 silabako egitura dute, eta Iñigo Muguruzak eta Karmelo Jaio idazleak idatzitakoak dira. Diskoak soinu akustikoa du, eta aurreko lanak baino pausatuagoa eta malenkoniatsuagoa da.
Diskoa plazaratu eta urtebetera taldea desegiteko erabakiaren berri eman zuen Sagarroik.
Iñigo Muguruzak Lurra taldea sortu zuen 2012n.
Testua: Jon Eskisabel