Formatua: CD-LP
Iraupena: 38' 37"
Argi kodea: ELK-302
Azala: Josu Aranbarri
PARTAIDEAK
GRABAZIOA
Elkar estudioa, 1992ko otsaila
SOINU TEKNIKARIA
Jean Phocas
EKOIZLEAK
Juan Carlos Perez, Jean Phocas, Piztiak
GENEROA
Pop-rocka
Hasi orduko
1992 - Elkar
Formatua: CD-LP
Iraupena: 38' 37"
Argi kodea: ELK-302
Azala: Josu Aranbarri
PARTAIDEAK
GRABAZIOA
Elkar estudioa, 1992ko otsaila
SOINU TEKNIKARIA
Jean Phocas
EKOIZLEAK
Juan Carlos Perez, Jean Phocas, Piztiak
GENEROA
Pop-rocka
Piztiaken lehenengo grabazioa Huts nazazu (Elkar, 1991) mini-LPa izan zen. Josu Aranbarri eta Txomin Uriberekin batera Bernar Ituartek (gitarra) eta Justo Urkirik (teklatua) osatzen zuten taldea. Bateria jotzailerik ez zutenez, Juan Jose Iurrita Txufu-k (Delirium Tremens) eta Jimmy Arrabitek (Itoiz, King Mafrundi) lagundu zieten grabazio hartan. Lehen singlea “Nazkante!” izan zen, eta bigarrena “Itzulia”. “Beltza” orduan egiten zen pop ilunaren ezaugarri da eta “Hire” abestian pianoan egindako lan ederra antzematen da. Diskoaren lehen aurkezpena Donostiako Anoeta kiroldegian egin zuten, Hertzainak eta Tahures Zurdos taldeekin, 1991ko uztailaren 6an.
Urte berean “Ez naiz ezer”(Elkar, 1991) abestia kaleratu zuten, bere lehenengo lan luzearen aurrerapen gisa. Ordurako Carlos zen taldeko bateria jotzailea. Hasi orduko (Elkar, 1992) soinu gordin eta gitarrazalez hornituriko 12 kantuz osaturik zegoen —CDan 13 ziren, “Ez naiz ezer” kantuaren bertsio akustikoarekin—, tartean Lou Reed kantari estatubatuarraren “White light-White heat” abestiaren bertsio euskaratua (“Argitan berotan”). Ekoizpena Jean Phocas, Juan Carlos Perez (Itoiz) eta Piztiaken artekoa izan zen. Taldeak horrela azaldu zuen disko honetan izandako eboluzioa: “Rock’n’rollean murgildu gara. Piezak aurreko diskoan agertzen direnak baino motzagoak eta indartsuagoak dira. Huts nazazu diskoan Tu-k gure aurreko taldearen eta Piztiaken arteko bidea islatzen zen. Bertan, pop eta rock estiloen nahasketa jorratzen genuen. Orain gure bidea aurkitu dugula uste dugu: rock’n’rolla. Garapena izan da” (1).
Disko hau aurkezten ari zirenean Carlosek taldea utzi zuen eta Peio Larrañagak (Jotakie) hartu zuen bateria astintzeko lana, gaur egunera arte dirauena. Hala ere, zazpi urte itxaron behar izan zuten Piztiak-en zaleek hurrengo diskoa entzuteko. Taldea eraberriturik agertu zen Argia eta itzala (Gaztelupeko Hotsak, 1998) diskoan, Peio Larrañagaz gain Jesus Galan gitarrista ere taldekide berria zuelako, Bernar Ituarteren ordez. Halaber, Justo Urkiri teklatu jotzaileak ere taldea utzi zuen; hortaz, soinua askoz gogorragoa eta indartsuagoa da bigarren disko horretan, kantu batzuetan sei edo zazpi gitarra daudelarik. Jose Lastra teknikariaren lana goraipatu zuen taldeak: “Berehala ulertu zuen kontzeptua. Guk berari ezer esan gabe, REM, Pearl Jam eta Dream Syndicateren diskoekin etorri zen. Maketa entzunda, bazekien gustuko taldeak genituela” (2). Lehen diskoetatik taldearentzat hitzak sortzen aritutako Kirmen Uribe idazleak pisu handiagoa hartu zuen lan honetan.
Laukotea finkaturik, berehala heldu zen hirugarren diskoa, Zero (Gaztelupeko Hotsak, 1999). Lan kontzeptuala izan zen; liburuaren eta diskoaren arteko hibrido bat bezala definitzen dute taldekideek. Eta horren ostean berriz etenaldi luzea egin behar izan zuten, ume asko agertu zirelako taldekideen bizitzan, azaldu zutenez. Beste zazpi urte igaro ziren hirukote bihurturik itzuli arte —Jesus Galanek taldea uztea erabaki baitzuen—. Josu Eizagirre bideoartistarekin Euriaren zain (Gaztelupeko Hotsak, 2005) ikusentzunezko obra prestatu zuten Txomin Uribek, Josu Aranbarrik eta Peio Larrañagak, eta Ondarroako Kafe Antzokian grabaturiko kontzertu berezia CD-DVD formatuan kaleratu zuten. Horren aurretik, 2002an, “Munduan dugun bazterra” kantua sortu zuen AEK Egunerako.
Hurrengo diskoan, Gabeko kalapitxixak (Buztenbaltza, 2009), autoekoizpenaren aldeko apustua egin zuten. Tu-k taldearen kantu bat berreskuratu zuten disko horretan, “Pornographiaz”, Kirmen Uribek 15 urte zituela idatzitako letra batekin, eta Petti kantariaren kolaborazioa izan zuten bi kantutan. Egitasmo zabalago baten lehen atala da diskoa; film labur bat eta pintura erakusketa bat etorriko dira ondoren.
2012n Jesus Galan taldera itzuli zen, eta Ondarroako Marabilli jaialdian egin zuen Piztiak-ek formazio zahar-berriaren aurkezpena. Laukoteak 2015eko urtarrilean grabatu zuen U disko berria, Bilboko Tio Pete estudioan Jose Lastra soinu teknikariarekin. Taldearen arabera: lan horrek “trilogia” osatzen du Argia eta itzala eta Zero diskoekin. “Jesus Galanen bueltatzea nabaritzen da gitarra indartsuetan eta bere jotzeko era berezi horretan. Baina ezin ahaztu taldean Gabeko kalapitxixak lanak utzi duen arrastoa, abestien heterogeneitatean, abesteko askatasunean eta lasaitasunean eta akustiken erabileran. Esan genezake Piztiak-en etapa desberdinetako eragin ezberdinak batzen dituen lana dela. Orokorrean ikutu baikorra duten abestiak dira, eta lehen aldiz country ukituko abestiak daude, mandolina eta cavaquinhoa, teklatuen hainbat moldaketa…”. Diskoaren single gisa “Ametsik ederrena” aukeratu zuen taldeak.
Testua: Xabier Doncel
Gidoia, animazioak, artea eta errealizazioa: Josu Aranbarri Aramaio
Aktoreak: Ekhi Herrera Gardezabal, Sare Urizar