2019.08.04
Pier Paul Berzaitz

Pier Paul Berzaitz

Zuberoako abeslaririk handienetakoa da Pier Paul Berzaitz. Azken urteak Pauen irakasle eman baditu ere, Zuberoaren abeslaria izan da, bertako tradizio eta jendeei lotuta baitago haren kantutegia. “Muskildin edota Urdiñarben euskalduna izatea gauza naturala zen, Maulen ez. Ez bakarrik eskuararen aldetik, hiriko gauza ere bazen, baserriko izaitea izugarria zen. Hartara, errebeldia amini bat sortu zen eskualdunon baitan. Zenbaitek errebeldia hori baliatu zuten eskuararen kontra joaiteko. Belaunaldi zenbait Parisera joan zen Euskal Herria fini zelakoan. Funtzionario eta jendarme sartuz hainbat. Beste batzuk, berriz, eskual kantuari eta kulturari ekin genion. Sofrikario hori daramagu nolazpait (1).

Berzaitz 70eko hamarkadan hasi zen kantuan, Guk taldean, Joanes Borda, Beñat Sarasola, Panpi Lacarrieu eta Beñat Davantekin. “Behinola, Damaskorako bidean, argia ikusi nuen Beñat Sarasola eta Guk taldeko bertze lagunekin topatzean; suerte handia izan zen enetzat. Eskual kantua, kultura eta hizkuntzari lotua bizi naiz, eta ez dut duda egin sozietate horretan zela ene eginbidea” (1). Guk taldearen kantu askoren doinuez arduratu zen Berzaitz. Taldearen hitzak Sarasolak egin ohi zituen gehienetan. Taldearen aurkezpen ofiziala 1974an izan zen, Aita, seme, laborari ikuskizunarekin. Geroago, pare bat single argitaratu zituen, eta 1977an lehen diskoa heldu zen, Laborari, langile eta nagusi… (Elkar).

76

Pier Paul Berzaitz, ‘Baratze bat’ diskoa kaleratu berritan. (Berria)

1979an taldea utzi zuen Berzaitzek, eta Parisera joan zen banketxe batean lan egitera. 1987an kaleratu zuen bakarkako lehen lana, Han eta hor (Elkar), Frantziako (Daniel eta Remi Brel anaiak) eta Euskal Herriko (Alain Perpetue, Beñat Davant) musikariekin. Orduz geroztik, presarik gabe, merkatuaren legeetatik aldenduta argitaratu izan ditu lanak. Hamahiru urte geroago kaleratu zuen Baratze bat (Elkar, 2000), Berzaitz entzule talde zabalago batentzat ezagun egin zuen diskoa, batez ere diskoari izenburua ematen dion kantuari esker. Berzaitzen aurreko lanen aldean, ekoizpen handiko lana izan zen. Karlos Gimenez arduratu zen moldaketez eta musikari talde bikaina aukeratzeaz: Pascal Gaigne, Xabier Zeberio, Javi Area, Pello Ramirez, Txema Garces…

Aspalditik kontzertuetan ematen zituen kantuetatik sorta bat grabatu zuen hurrengo diskoan: Lili baten kantorea (Elkar, 2005).Itxaro Borda idazlearen olerkien gainean Berzaitzek sortutako doinuak, Etxahun-Iruri-renak (“Matalazen hiltzea”), herri kantuak (“Bereterretchen kantorea”) eta Xabier Lete (“Xalbadorren heriotzean“) eta Imanol Lartzabalen (“Barne kanta“) bertsio bana bildu zituen zuberotarrak, berriz ere Karlos Gimenezen gidaritzapean egindako diskoan.

3395

Pier Paul Berzaitz eta Karlos Gimenez.

Arnaud D’Oihenart (1592-1667)-Poèmes de jeunesse (Elkar, 2008) diskoan, poeta zuberotarraren gaztaroko olerkiak musikatu zituen, soinuan hari instrumentuei protagonismo berezia emanez. Hemen (Elkar, 2011) da orain arte argitaratu duen azken diskoa. Itxaro Bordaren zenbait poema musikatu ditu, Mikel Laboaren “Martxa baten lehen notak” moldatu du eta katalanez abesturiko kantu bat (“Vath d’Aspa“) grabatu du Berzaitzek lan horretan.

Berzaitzen sorkuntza lana ezin da, halere, bere diskografiara mugatu. Hain zuzen, musikak adina garrantzi hartu du pastoralak haren azken hogei urteotako obran. Lau pastoral idatzi eta zuzendu ditu: Harizpe (1991), Atharratze jauregian (1997), Madalena de Jaureguiberry (2000) eta Ramuntxo (2003). Horrez gain, Elkanoren semeak (1998) eta Euskaldunen Izpiritua (1999) antzezlanetan musika komediaren generora hurbildu zen. 2008an Orreaga estreinatu zuen Baionan, dantza, musika, antzerkia eta bestelako osagaiak batzen dituen ikusgarria. Or Konpon elkartearen 30. urtemugaren kariaz antolatutako ikuskizunean, parte hartu zutenBeñat Axiari kantariak, Aezkoa gizon abesbatzak, Theatre du Versanteko antzezleek eta 50 dantzarik, besteak beste. Halaber, Ze bolada! Jean Errecarten so begiz (2009) ikuskizun musikala sortu du, Jean Errekart politikariaren historian oinarrituta, Beritza konpainiak ekoitzi eta Jean-Dominique Espilek zuzendua.

Orreaga ikuskizunaren bide beretik, Amaiur: haien ametsa gurea da ikuskizun artistiko-musikalaestreinatu zuen 2012ko uztailaren 21ean Nafarroako herri horretan (2). Azkenik, Egunsentiaren kantak kantaldi kolektiboan parte hartu zuen 2013. urtetik aurrera, Erramun Martikorena, Estitxu Pinatxo eta Magali Zubillaga kantariekin eta Joxan Goikoetxearen zuzendaritzapean.

Testua: Jon Benito

  • (1) Argia, 1.771. zenbakia, 2000ko uztailaren 23a
  • (2) Berria, 2012ko uztailaren 18a
Esku hutsik hiltzen gara

Esku hutsik hiltzen gara

Zuz: Ion Mari Beasain

Atzera

Esku hutsik hiltzen gara

Zuz: Ion Mari Beasain

Baratze bat

Hau da egün ederra
Mila txoriek kanta
Ziauri ene erregina
Besoak zuri ditizüt para

Baratze bat nahi deizüt egin
Amets segeretüenekin
Liliak egün jauntsi ederrenetan
Mila kolorez dantzan bihotzetan

Gau beltz ta sakonetik
Elkitzen nüzü hoztürik
Bihotza hain tristerik
Zütaz hainen berantetsitürik

Karosa bat hor dügü
Kanpoan gure haidürü
Ez gal haboro denbora
Hiskor beitago amodioa

Maitarzün berriari
Ilargiak dü argi
Eman deio aski
Gük algar Maita dezagün beti