Formatua: CD
Iraupena: 52' 55"
Argi kodea: M011CD
Azala: Onclick, PI.L.T.
PARTAIDEAK
GRABAZIOA
Garate estudioa (Andoain, Gipuzkoa), 2002ko martxoa
SOINU TEKNIKARIA
Haritz Harreguy, Jose Manuel Sampedro 'Xanpe'
LAGUNTZAILEAK
GENEROAK
Metala, Rocka
Minus
2002 - Metak
Formatua: CD
Iraupena: 52' 55"
Argi kodea: M011CD
Azala: Onclick, PI.L.T.
PARTAIDEAK
GRABAZIOA
Garate estudioa (Andoain, Gipuzkoa), 2002ko martxoa
SOINU TEKNIKARIA
Haritz Harreguy, Jose Manuel Sampedro 'Xanpe'
LAGUNTZAILEAK
GENEROAK
Metala, Rocka
Broken Bihotz taldeko Rafa Rueda (ahotsa eta gitarra) Aitor Abio (teklatuak) eta Jose Manuel Sampedro Xanpe-rekin (bateria) elkartu zen 1993an, rockaren barruan bestelako bide batzuk arakatzeko. Broken Bihotzekin pop-rock disko bat argitaratua zuen Ruedak, Denborak izen gradua galtzen duenean (IZ, 1992), eta Xanpe D69 eta Sentencia taldeetan ibilia zen. Hirukoteak osatu zuen taldearen ardatza, baina berehala Txarli Solano (baxua) batu zitzaien. Artean izenik ez zutela, entsegu batean lokaleko argia joan egin zen, eta grabagailua 3 minutu eta 14 segundotan gelditu zen. Lapsus tempore haren ostean, bazuten izena: PiLT. Lokalean bi maketa grabatu, eta bakarra saldu zuten. Hortik aurrera, gurpil zorora igo ziren: Euskadi Gaztea irratiko V. Maketa Lehiaketa irabazi zuten, Egin Txotx! lehiaketarako sailkatu, Bilbo Hiria pop-rock lehiaketan akzesita jaso…
Leioako (Bizkaia) Ama Irlandarren Ikastetxean grabatu zuten lehen diskoa, zuzenean eta zortzi egunean. Jose Lastrak grabatu zuen, aldageletan estudio txiki bat egokituta. Rocka, metala eta funky doinuak batu zituzten Pi.L.Testreinako lanean (Esan Ozenki, 1996), nazioarteko eragin indartsu eta berritzaileak bereganatuta. Ruedak “adreilu” hitzarekin definitu zuen diskoaren edukia. “Hil da jainkoa” lehen singleak ate asko zabaldu zizkien, baina entzule asko azalean gelditu ziren. Ideia berritzaile asko ekarri zituzten, eta zuzenekoetan probokazioarekin eta performance-arekin jokatzen zuten: buzo zuriekin edota dantzariz jantzita, bidoiak jotzen… Teklatuaren erabilera nabarmentzekoa zen: «Beti iruditu zaigu teklatua gaizki aprobetxatutako elementua dela, kutsu despektibo edo berbeneroa duena. Teklatua errebindikatu nahi genuen; gainera, rockarekin izan ditzakeen konbinazioak itzelak dira» (1). Unai Iturriaga bertsolariak idatzi zituen bi kanturen hitzak, “Erraietatik” eta “Betirako ameskaitza”, eta bitxikeria gisa, inprobisaturiko pare bat pasarte instrumental ere jaso zituzten, “Jolasean I” eta “Jolasean II”.
Kontzertu ugari egiten hasi ziren, eta horietako batean Clawfinger taldearekin harreman ona egin zuten. Horren ondorioz, elkarrekin kontzertu gehiago egitera gonbidatu zituzten norvegiarrek, esaterako Akizeko (Frantzia) nazioarteko jaialdian, 1997an. Urte berean, L´asturianu muévese Asturiasko hizkuntzaren aldeko bildumarako “Hil da jainkoa”-ren asturierazko moldaketa grabatu zuten (Dios ya morrió), Dixebra taldeko abeslari Xulio Eliperen laguntzarekin; halaber, Ikastola berria eraik dezagun Zuberoan bildumarako (Esan Ozenki, 1997) Aldapeko herri kantua moldatu zuten.
1998an, Unbe mendiko Sagarminaga baserrira jo zuten, Jose Lastrarekin (Ama Say) bigarren diskoa grabatzera. Prozesu esperimentala izan zen, eta kantu batzuk aire librean grabatu zituzten. Denbora-k (Esan Ozenki, 1998) kutsu industrial handiagoa dauka eta joera berrietatik hurbil dago. Hitzetan, Unai Iturriaga eta Igor Martin de Vidalesen laguntza izan zuten, baina kantu gehienak Rafa Ruedak idatzi zituen.
Luze gabe, hirugarren diskoa heldu zen. Lehenengo aldiz, grabazio estudio batean sartu ziren prozesuaren hasieratik, Tio Pete estudiora hain zuzen. 3 (Esan Ozenki, 1999) zuzenekoetan pentsatuz egin zuten, eta sinpletasunaren bila jo zuten. Maketako kantu bat berreskuratu zuten, “Bihar”. Ordurako taldeak ospea irabazita zeukan Espainiako metal zaleen artean, eta horren adierazle da Judas Priesten omenezko disko batean parte hartzera gonbidatu izana. “Hard as Iron” izan zen Tributo a Judas Priest bildumari (Zero, 2000) Mungiako laukoteak egindako ekarpena.
Kontzertuez neka eginda, urtebeteko atsedena hartu zuten. Abestiak patxadaz egin ahal izan zituzten, baina asko sufritu zuten zuzenekorik gabe. Hortik dator izenburua: Minus (Metak, 2002). Txarli Solanok taldea utzi, eta Evirus 69 taldeko David Gonzalez baxu jotzaileak ordezkatu zuen. Horrekin batera, Jose Lastra eta Tio Pete alboratu, eta Garate estudiora jo zuten, Haritz Harregisoinu teknikariarengana. Hitzetan inoiz baino laguntza handiagoa jaso zuten kanpotik. Unai Iturriaga, Jon Maia, Igor Elortza, Kirmen Uribe eta Txuma Murugarrenekkantu bana idatzi zuten. Kolaboratzaileak ere bat baino gehiago izan ziren: Mikel Urbeltz biolin jotzailea, Aiora Renteria abeslaria (Zea Mays) etaSergio Ruiz (Eraso!). Emaitza abesti luze eta pisutsuak dira, stoner kutsu handikoak. Askoren ustetan, taldearen disko onena da.
Ordurako, Rafa Rueda hasia zen beste bide batzuk urratzen, Txuma Murugarrenen musikari gisa, baina baita bakarlari gisa ere. Bakarkako lehen diskoa atera ondoren, Kea (Metak, 2003), PI.L.T.ek azken diskoa kaleratu zuen, Game overizenburu aski zehatzekoa(Metak, 2004). Abio teklatu jotzaileak taldea utzi, eta beste hirurak Azkarateko Katarain estudioan sartu ziren. Xanpek ekoitzi zuen, Angel Katarainekin batera. Teklaturik gabe, emaitza ez da hain aberatsa, eta gertuago dago stoner eta rocketik. Handik gutxira, taldea desegin egin zen.
Geroztik, Rafa Ruedak bakarkako bideari eutsi dio, Saredun eskua (Gaztelupeko Hotsak, 2006), Zuhaitz okerretan gora noa (Egilea editore, 2008) eta Enaren geometria (Egilea editore, 2011) kaleratu ditu, eta ekoizpen lanak egin ditu beste musikari batzuentzat (Petti, Anje Duhalde, Jon Enbeita…). Estepan Urkiaga Lauaxeta-ren omenezko Ehungarrenean hamaika diskoa ere (Gaztelupeko Hotsak, 2005) koordinatu du. Xanpe, berriz, Gu Ta Gutarrak taldearekin aritu da eta gaur egun Rat-Zinger taldeko kidea da; halaber, grabazio lanak egiten ditu Koba estudioan. David Gonzalezek baxua jo du Gari eta Pettiren taldeetan, bere talde propioa sortu du (Cobra) eta gaur egun Berri Txarrak taldeko kidea da. Aitor Abiok Matxura sortu du Mikel Kazalis (Anestesia, Negu Gorriak, Kuraia), Fernando Gimeno Apoa (El Corazon del Sapo, Kuraia, Estricalla) eta Txarly Diazekin (Gutural, Anestesia, Why Not?), Revolta Permanent taldean jotzen du eta ekoizpen lanak egiten ditu Gaua estudioan (Belako, Perlak, Herri Oihua…)
Testua: Iker Barandiaran