2021.12.03
Oskarbi

Oskarbi

Oskarbi taldea 1966. urtearen hasieran sortu zen. Don Bosco haur abesbatzan ibilitako hainbat kidek talde berria egitea erabaki zuten. Berehala dezenteko sona lortu zuten. Baina hasierako hilabeteetan ez zuten zuzendaritza musikalik, eta zeregin horretarako Don Bosco abesbatzan ezagututako Koldo Romero gonbidatu zuten.

Ahots harmoniak ziren Oskarbiren ardatza. Taldeak “euskal jazza” delako musika egiten zuen: jazzaren, gospelaren eta 60-70eko hamarkadetako joera berritzaileen arteko nahasketa berezia. Ez zituzten partiturak estu errespetatzen, eta ahotsak modu espontaneo batez integratzen saiatzen ziren. Herri kantutegia eta taldeak berak sortzen zituen abestiak ziren haien musikaren oinarri nagusia. Euskal tradizioari modernitatea erantsi nahi zion Oskarbik. Jose Luis Treku taldekideak agertu zuenez, “Azkueren eta Aita Donostiaren kantuak hartu eta geure erara ikasi eta moldatzen genituen, eta guk geuk ere jasotzen genituen hainbat herritan. Baina horietaz gain, guk ere abesti berriak egiten genituen poeten hitzekin” (1).

Hitzei dagokienez, Bitoriano Gandiaga,JosAnton Artzeeta Xabier Leteren olerki asko musikatu zituen taldeak. Horiez gain, Jorge Oteizak ere eragin handia izan zuen taldean; hark egin zituen Oskarbiren ikurra eta lehen disko txikiaren azala.

743

Oskarbi ahots taldea.

1968an, Eibarko San Joan jaietan Radio Juventudek antolatutako Primer Premio de Intérpretes de la Canción en Euskara-Gran Premio de Eibar lehiaketan euskal kantuaren lehen saria irabazi zuen taldeen atalean, Koldo Romerok sortutako “Gazteak gera” doinuarekin. Hala ere, kantuak ez zuen zentsuraren galbahea pasatu, eta ezin izan zuten grabatu. Hurrengo urtean, taldeak lehen disko txikia eman zuen argitara. Kantutegietatik hartutako lau abestik osatzen zuten, baina molde gaztea eta berritzailea emanez. Diskoa Urnietako Salestarren ikastetxean grabatu zuten, Bartzelonako talde tekniko baten laguntzaz. Herri Gogoa diskoetxeak eman zuen argitara.

Urte horietan, Ez Dok Amairu mugimenduan murgildu zen Oskarbi. Taldearekin hainbat emanaldi egin zituzten, eta Baga, Biga, Higa sentikarian bete-betean hartu zuten parte. Orduko euskal kulturan gertatzen ari ziren aldaketa garrantzitsuetan partaide zen taldea; hala ere, kantuak ez ziren momentuko egoerari erantzuteko sortuak.

Koldo Romerok honela azaldu zuen: “Guk ez dugu zirkunstantzia bati, edo momentu koiuntural bati bakarrik erantzungo dion abestirik egiten. Bapateko horiek, sarritan, bere eragina gogoan hartuz ere, berehala igarotzen dira, modatik pasatzen. Jakineko une bati ez ezik, gure herriaren norabideari erantzunaz jokatu nahi dugu. Abeslariaren eta herriaren artean etenik sortu gabe” (2). Bigarren diskoa Bartzelonan grabatu zuten, Lluis Llach eta Joan Manuel Serraten estudioko musikariekin: Abesti zaharrak eta berriak(Herri Gogoa, 1970). Baliabideak hobeak izan ziren, eta, abesti zaharrez gainera, taldearen hiru abesti sartu zituzten: “Ni bizi naizen lurrean“, “Txori txikiak“eta “Iru gabean“.

OSKARBI

Oskarbi, 2004an. (Ander Gillenea)

Horren ondotik, taldeak hainbat aldaketa izan zituen. Batzuek, soldaduskara joan behar izan zuten; beste batzuk, ezkondu egin ziren. Hala ere, Oskarbik bizirik segitu zuen. Hirugarren diskoa, Eskutari (Herri Gogoa, 1972), Donostian grabatu zuten, Iñaki Beobidek zabaldutako estudioan, eta teknologia berriak baliatu zituzten: moog gailuaren erabilera izan zen berrikuntzarik handiena. Diskoan Koldo Romerok sortutako lau kantu zeuden: “Andro kanto, Kezka, Eskutari” eta “Bai, bai bainan gero ez“. Urte berean, Bakartxo Maritxalarrek lau kantuz osaturiko EP bat grabatu zuen, Kantu zaharrak (Edigsa / Herri Gogoa, 1972): “Xoxuak“, “Bart arratsian“, “Elizara dijoa” eta “Lau lagun” dira lan horretan jasotako abestiak.

1975. urtean bi disko batera argitaratu zituzten: Olentzero eta Hitz urri batzuk, biak Herri Gogoarekin. Lehena, gabon kantuz osatutako lana zen. Bigarrena, berriz, orduko egoera politikoaren ispilu garbia. Horretan dago “Esperantzari leiho bat” abestia, Gandiagak idatzitakoa eta taldearen ikur bihurtu zena. Kantu horrekin bukatzen ziren Oskarbiren emanaldiak.

1977an Koldo Romerok Oskarbi utzi zuen, baina taldeak iraun egin zuen. 1980an taldearen azken disko ofiziala agertu zen, Euskara eta txakolina(Elkar), eta 1984. urtean taldearen agurra iritsi zen, 400dik gora emanaldi eskaini ondoren. Hortik aurrera, Oskarbik oso tarteka eskaini ditu emanaldiak, ekitaldi berezietan, hala nola Gandiagari eta Oteizarieskainitako omenaldietan.

Oskarbiren antologia bat argitaratu zuen Elkar diskoetxeak 2004. urtean: Esperantzari leiho bat, bi diskoz osatutako bilduma. Bertan, sekula grabatu gabeko sei kantu agertzen ziren: “Ez dakit zergatik“, “Andre nobia“, “Mutil txaleko gorria“, “Lua lua“, “Ez zaude bakarrik” eta “Elizara dihoa. Horrez gain, 1976an argitaraturiko Olentzero diskoa konpaktu formatuan berrargitaratu zuten 2008an, Olentzero(Elkar), eta beste bost kantu grabatu berriak erantsi zizkioten.

3874

Oskarbi (2012).

Taldearen bigarren aro honek segida izan zuen Xirimiri diskoarekin (Elkar, 2012). Kanta tradizionalek osatzen dute diskoaren ardatzak, eta horietatik gehienak inoiz argitaragabeak dira. Diskoa aurkezteko agertokietara itzuli zen Oskarbi.

Hainbat lagun pasatu dira Oskarbitik taldearen sorreratik igaro diren 45 urteetan, baina gaur egun taldea osatzen dutenak honako hauek dira: Iñaki Maritxalar, Jose Luis Treku, Beronik Ondikola, Bakartxo Maritxalar, Maite Aizkorreta, Maria Jose Bergara, Karlos Ruiz eta Gontzal Iñarra. Horrez gain, Oskarbiren ibilbide luzean beste hainbat musikari pasatu dira taldetik: Mari Jose Fernandez, Kepa Garbizu, Karmelo Arren, Elixabete Urreta, Antton Valverde…

Testua: Gontzal Agote

  • (1)Berria, 2004ko urriaren 29a
  • (2) Argia, 716. zenbakia, 1976ko abenduaren 12a

Esperantzari leiho bat

Esperantzari leiho bat
Zabaldu omen diote
Bizi ote den
Ikusteko ere.

Baina nekez ikusi dute
Esperantzarik.

Desilusio usai bat
Erten omen da leihotik.