Hamahiru urte zituela ezagutu zuen Olatz Zugastik Benito Lertxundi. Lehenagotik bazuen haren berri, diskoen bidez, baina aurrez aurre, lehenengoz, Hernaniko Urumea ikastolan herri kantagintzari buruz Lertxundik ematen zituen saioetan ezagutu zuen. Zortzi urtetatik, gitarra oparitu ziotenetik, musikarako eta kanturako zaletasun handia izan zuen Zugastik, eta ikastolako urteroko jaialdietan abesteko prest agertzen zen beti. Horietako batean Lertxundik berak lagundu behar zion gitarrarekin, baina ez zen agertu kantari oriotarra. Hala ere, Zugastiren ahots fina gogoan gorde zuen Lertxundik, Altabizkar/Itzaltzukobardoari diskoan (Elkar, 1981) abes zezan deitu baitzion bi urte geroago; hain zuzen, aitari Orreagako gatazkan euskaldunek hildakoak zenbat diren galdetzen dion haurraren ahotsa egin zezan. Handik bi urtera, hamazazpi urte zituela, Lertxundiri zuzenekoetan laguntzen hasi zen Zugasti. Gaur egun bikotea osatzen dute, eta alaba bat dute.
Disko haren grabazioan ezagutu zuen harpa Zugastik. Ordurako musika zelta oso gustukoa zuen, Hernaniko talde batean aritua zen, baina Alan Stivell bretoiaren Renaissance de l’harpe celtique diskoa entzutea erabakigarria izan zen Baionako Kontserbatorioan harpa ikasketak egiteko izena eman zezan. Balkanetako musikak ere asko markatu du Zugasti.
Benito Lertxundiren diskoetan eta haren zuzeneko emanaldietan abeslari nahiz harpa jotzaile gisa aritzeaz gain, bakarkako bidea ere egin du Zugastik. Hain zuzen, kantari oriotarrarekin lanean hasi eta hamar urteren buruan,Kantu baten bila nabil (Elkar, 1991) kaleratu zuen, harpa oinarri hartuta pop eta musika zelta ezkonduta. «Musika zeltak sartzeko eta hunkitzeko gaitasun berezia du, lirismo handiko musika da alde batetik, eta erritmo oso markatutako dantza horiek biziak dira, mundu osoan dira musika honen menpekoak. Hala ere, ni ez nintzateke menpekoen multzo horretan sartuko. Musika interesatzen zait, baina oro har» (1). Joel Merah gitarrista baionarrarekin landu zituen moldaketak, eta Lertxundik berak ekoitzi zuen lan hura.
Zortzi urte geroago sehaska kantu batekin itzuli zen: Bulun bulunka (Elkar, 1999). Diskoetxearen enkarguz egindako lana izan zen, eta euskal kantutegian arakatuz osatu zuen Zugastik errepertorioa. «Kuttunki egindako diskoa da, sentitzen dut halako harrotasun bat horrekin. Nik uste dut gela txiki batean egon zitekeen giroa diskoratzen jakin genuela Angel Unzuk eta biok. Goxotasuna eman genion» (2).
Lertxundiren diskoetan eta zuzenekoetan parte hartzearekin batera, bere sorkuntza landuz jarraitu du Zugastik, horren emaitzak oso tarteka plazaratu badira ere. Haatik, bakarkako zuzenekorik ez du eskaini, neurri handi batean Lertxundirekin aritzeak baldintzatuta. Elearen lainoa hirugarren diskoan (Elkar, 2002). Itxaro Borda eta Henriette Aire idazleen hainbat poema musikatu zituen Zugastik, musikari talde zabal eta bikain baten laguntzaz.
Hernaniko ikastolan haurtzaroko garaietan jasotakoa gaur egungo haurrei itzultzen saiatu da Zugasti azken urteotan. Izan ere, Orioko Herri Ikastolan sortutako abesbatza zuzentzeko eta haurrei herri kantutegia ezagutarazteko ardura hartu du. Haziak bere fruitua eman zuen 2008. urtean, ikastolako bederatzi haurrek osaturiko Olaxka kantu taldeak lehen diskoa kaleratu baitzuen. Ondoren, talde horretako zenbait kidek Gau hotzenean ere (Elkar, 2010) diskoan parte hartu zuten. Lan hori Mixel Ducaurekin ondu zuen Zugastik, Errobi taldeko kide ohia arduratu baitzen ekoizpenaz eta musika laguntzaz. Disko horretako doinu eta hitz gehienak Zugastik sortu zituen.
Sortzeaz gain, herri musika ezagutzera emateko lanean ere ibilia da Zugasti, irrati saioak aurkeztu baititu Egin Irratian eta, azken hamarkadan, Euskadi Irratian (Kantaita).
Testua: Jon Eskisabel
Grabaketa: Maria Garmendia, Julen Leturiondo
Mairu-baratzen aireko irudiak: Iñaki Etxeberria
Dantzariak: Ane Muguruza, Gratxina Lertxundi
Elur utziz gaueko
Urratsen aztarna,
Banoa ni Mauleko
Karriketan barna.
Airearen hotzean
Hatsanga nabila,
Haizea bihotzean
Maitearen bila.
Itzal-bideko saila
Oinazetan darrait:
Arrabazka apaila,
Izua joan zait!
Desiraren lumak
Zuregana heltzen:
Minaren marrumak
Dirade ubeltzen.
Izotza ezpainetan
Nago zure maldan
Dardarka, zainetan
Amodioz kaldan!