Formatua: LP
Iraupena: 36' 43"
Argi kodea: ELK-196
Azala: Rafa Serras
PARTAIDEAK
GRABAZIOA
Elkar estudioa (Lasarte-Oria, Gipuzkoa), 1988ko udazkena
SOINU TEKNIKARIA
Cesar Ibarretxe
LAGUNTZAILEAK
GENEROA
Rock&rolla
Beti gogor, beti mozkor
1989 - Elkar
Formatua: LP
Iraupena: 36' 43"
Argi kodea: ELK-196
Azala: Rafa Serras
PARTAIDEAK
GRABAZIOA
Elkar estudioa (Lasarte-Oria, Gipuzkoa), 1988ko udazkena
SOINU TEKNIKARIA
Cesar Ibarretxe
LAGUNTZAILEAK
GENEROA
Rock&rolla
Humedecidos taldetik sortu zen O.K. Korral, 1985. urte aldera. Humedecidosen estiloa anbiguo samarra zela eta, taldearen izena aldatu, musika ildoa zehaztu (rock-and-rolla, rockabillya, countrya…), eta gaztelaniaren ordez euskaraz abestea erabaki zuten Lou Olangua (ahotsa), Eba (bateria), Dani Ulazia (gitarra) eta Goiko (baxua) taldekideek. Euskal rockaren lehenengo emakume abeslarietakoa izan zen Lou Olangua (1960-2013). Berehala, Iñaki Brakamontek Goiko ordezkatu zuen baxuan, eta laukote horrek kaleratu zuen lehen diskoa, 1986an: O.K. Korral(Elkar).
Grabazioaren soinu akustikoak country musikaren jitea nabarmendu zuen Euskal Herriko baserri, traktore eta ukuiluetan girotutako kantuetan. Oihartzun handia izan zuen diskoak, “Baserriko neskatilak“, “Mendi gainean” eta “Bule, bule” abestiei esker. Azken hori Domingo Samudio Texasko kantariaren Woolly bully abestiaren moldaketa zen, baina ez zen bertsio bakarra: Link Wray (“Komantxe“), Wilko Johnson (“Paradisua”), Glenn Moore & Milton Subotsky (“Tren bakartia”) eta Chuck Berry ere (“Tximu gorri”) bere egin zituen laukoteak. Mikel Insausti zinema kritikari eta Big Crunch, The Covers eta Lusty Men taldeetako kide ohiak idatzi zituen hitzetako batzuk.
Diskoa kaleratu eta berehala, Ebak taldea utzi eta Albertok haren lekua hartu zuen. Geroago, Iñaki Brakamonteren ordez Fermin Iraola sartu zen taldean. Laukote horrek grabatu zuen Beti gogor beti mozkor bigarren diskoa, 1989an. Diskoak hiru bertsio jaso zituen: “Rumble” (Link Wray), “Jo Mari, jo” (The Stranglers) eta “Txanogorritxu” (Ronald Blackwell). Mendiko baserritik kostaldeko tabernetara eta girora jaitsi zen taldea bigarren disko honetan, eta sexuari, alkoholari, rock-and-rollari eta zinemari (John Huston…) buruzko erreferentziez jositako kantuak idatzi zituen.
Diskoa aurkezteko kontzerturik apenas eman ez, eta, zenbait istiluren ostean, taldea desegitea erabaki zuten. Lou kantaria kanpoan geratu zen, eta besteek beste izen batekin jarraitzea erabaki zuten. Labanak sortu zuten, eta sei kantuz osaturiko disko homonimoa kaleratu zuten 1990ean, O.K. Korralen diskoen ildo berean. Dani Ulazia (ahotsa eta gitarra), Fermin Iraola (gitarra), Alberto Lizaso (baxua) eta Alberto Inza (bateria). Bi gitarra izateak taldearen soinua gogortu zuen. 1991n, Nor da pobre, nor da aberats maxi LPa (Munster/La-Abana Diskak) grabatu zuten zuzenean, eta bi bertsio jaso zituzten: “Jack the ripper” (M. Cooper, Link Wray) eta “Breaks my heart” (Deniz Tek). Handik gutxira, taldearenak egin zuen, baina horren aurretik “Askizu” mini-LPa atera zuten. “Jo ta hautsi”, Dictators taldearen kantuaren bertsioa jaso zuten lan horretan.
Geroago, Fermin Iraola Kiowak eta Noise Hole taldeetan aritu zen, eta Dani Ulazia The Covers taldean, Mikel Insausti zinema kritikoarekin. Lou Olanguak The Lusty Men taldearekin kolaboratu zuen eta Las Lagartas osatu zuen. Iñaki Brakamonte ere zenbait taldetan aritu da: Kiowak, Arakajun, Pareak Bai… 2005eko maiatzaren 20ean taldea berriz elkartu zen, Zarauzko Arraio irratiaren aldeko kontzertu bat eskaintzeko, Putzuzulo gaztetxean.
Bi taldekide ohi hil dira azken urteetan: Fermin Iraola 2010. urtean, eta Lou Olangua 2013ko urtarrilaren 12an, birikako minbiziak jota.
Testua: Jon Eskisabel
Zuzendariak: Usua Garin, Andrea Lopetegi, Izotz Barrio