2022.10.17
Negu Gorriak

Negu Gorriak

  • 1990 - 1996
  • Irun (Gipuzkoa)
  • Hardcorea, Rocka, Rapa
  • Webgunea

Fermin Muguruza, Iñigo Muguruza eta Kaki Arkarazo elkarrekin zerbait egiteko ideia mamitzen ari ziren jada Kortaturen azken egunetan, 1988. urte inguruan. Aurreikusitako atsedenaldiaren ondotik, abentura berri bati ekiteak ez luke ekarriko bakarrik izen aldaketa bat, baizik eta askoz ere gehiago. Hasteko, Negu Gorriak-en euskara ezarri zuten komunikaziorako hizkuntza bakar bezala. Halaber, beren proiektua bestelako jantzi musikalean -hardcorez eta hip-hopez osatua zena- bilduko zuten. The Clash-en London Calling-etik (1979) Public Enemy-ren It takes a nation of millions to hold us back-erako (1988) trantsizioa zen. Hirurek ala hirurek aurkitu zuten hip hop-aren eztandan, bere estetikan, bere formetan… inspirazio iturri adierazgarri bat eta baita mezua zabaltzeko bitarteko eraginkor eta perfektua ere.

360

Negu Gorriak. (1990)

Horrela, hirukoak sekretupean lan egiteari ekin zion Kakiren baserrian. Ferminek, edozein zurrumurru edo notiziari aurrea hartuz, beren asmoak konfirmatu zituen arte. Planteamendu berri honetako beste giltza bat lan egiteko moduari dagokio: Negu Gorriak-ek kontratazio telefonoari uko egin zion. Ez zuten besteen deien menpe egon nahi. Jarrera hau ez zen erabat ulertu jendearen artean. 1990eko apirilaren 11n autobus bateko radiokaseteak hobekien gordetako sekretua desestali zuen. Negu Gorriak-ek bidai bat antolatu zuen Parisera Public Enemy ikusteko. Bidai horretan Negu Gorriak-en izen bereko estreinako diskoa (Oihuka) izanen zena entzun zuten.

Muguruza anaiak eta Kaki Arkarazo, gorrak buruan, Spike Lee eta Public Enemy-ri buruz mintzatzen eta graffitiez eta hip hopa dantzatzen ari zen jendeaz inguratuta agertzeak nolabaiteko ez ulertzea eragin zuen publikoaren sektore batean. Kortatu eta Negu Gorriak taldeen artean hautatu behar eta lehenengoen aldeko hautua egin zuten batzuek, eta hasitako bidearekin beren desadostasuna adierazten zieten taldeko kideei beraiei, elkarrizketa batean Iñigo Muguruzak gogoratu zuen bezala.

149

Lehen kontzertua, Herrera de la Manchako (Espainia) kartzelaren aurrean, 1990eko abenduaren 29an.

Urte honetan – taldeak errealitatearekin eta bere herriarekin konpromisoa hartuko du espresuki bere ibilbide osoan zehar-, Negu Gorriak-ek bere lehen zuzeneko emanaldia eskainiko du modu sinbolikoan oso leku berezian: Espainiako Herrera de la Manchako espetxearen aurrean. Abenduaren 29an, Anmistiaren Aldeko Batzordeek urtero antolatzen zuten martxan parte hartu zuen Negu Gorriak-ek. Hamar mila lagun baino gehiagoren aurrean eta poliziaz inguraturik -gerorako Herrera de la Mancha 90-12-29 bideoan grabatua geldituko zen- taldeak bere lehen erakustaldi musikala egin zuen, eszenatokiaren gainean erritmo kutxa batez eta taldekide berri batez lagunduta. Mikel Kazalisek, Estigia eta Anestesiako kideak, bere lehen agerraldi publikoa egin zuen Gaztelako laino artean taldeko baxu jotzaile gisara.

NG badoa
Hainbat faktore izan zirela medio, 1991 taldearentzat urte inportantenetako bat izanen zen. Taldea hiru kide izatetik bostera igaroko da eta jada ez da aldatuko. Aurreko urtearen amaieran Mikel Anestesiaren sartzearekin batera, Andoaingo Bap!! hardcore taldeko Mikel Abrego taldera batuko zen bateria jotzaile lanetan. Bostak apirilean sartu ziren estudioan bigarren disko luzea grabatzeko, Gure jarrera. Negu Gorriak-ek gainera, “do it yoursef” (zuk zeuk egin) gisako teoriak eta kontsignak bere egin eta praktikan jarri zituen. Beren zigiluarekin, Oihukarekin, izandako tira-bira batzuen ondoren, diskoetxe bat sortzea erabaki zuten: Esan Ozenki Records. Kooperatiba moduan funtzionatuko du zigilu berri honek eta modelo asanbleario nabarmen batekin. Hasieran euskaraz kantatzen zuten taldeak fitxatzen zituen bakarrik.

139

Bilboko gaztetxean. (1991)

Gure jarrera Esan Ozenkik argitaratutako lehen erreferentzia izan zen eta taldearen lehen urrats handia. Herrera de la Manchako emanaldi sinbolikoaren ostean, taldea eszenatokietara jauzia emateko prestatzen ari zen. Irailean boskotea bi hilabeteko bira batean murgilduko zen Europako hainbat tokitan barrena. Kubara ere joanen ziren hiru kontzertu ematera. Kortaturekin Europan barrena emandako kontzertuetan Muguruzatarrak giro alternatiboetan osatzen joan ziren kontaktu-sare hori fruituak ematen ari zen. Honek taldea geroz eta ezagunagoa egiten lagundu zuen bira horretan nahiz ondoren etorriko zirenetan. Taldearen diskoen banaketa sarea mundu osoan zehar hazten eta indartzen joatea lagundu zuen baita ere.

2233

Mikel Kazalis, Iñigo Muguruza, Fermin Muguruza, Mikel Abrego eta Kaki Arkarazo.

Oihartzun mediatikoak ere gora egin zuen, kritika onak jaso baitzituen Gure jarrera diskoak eta baita polemika bat baino gehiago sortu zelako ere. Gora Herria-Power To The People Tour 91 zeritzon bira Bilboko Casilla kiroldegia gainezka zegoela amaitu zen azaroaren 9an, agerian geldituz Euskal Herrian taldeak dagoeneko zuen indarra. Urte bukaeran Gora herria maxia (Esan Ozenki) argitaratu zuten. 1992an taldea ikusteko eskariek gora egin zuten eta taldeak errepidea hartzea erabaki zuen berriz. Europa, Mexiko eta Washington bidean jartzen dira, azken hiri honetan Chumbawamba eta Fugazirekin batera jo zutelarik. Negu Gorriak-ek kontzertuotako bat probestu zuen, Iruñekoa hain zuzen ere, bere bigarren bideo luzea grabatzeko: Tour 91+1, antzerki talde batez lagunduta, zeinak kantu bakoitza girotu egiten zuen. Taula gainean taldea ikusia ez zutenentzat, bideolan honek agerian utzi zuen musikalki bederen Herrera de la Manchako fotogramak oso urrun zeudela jada.

2230

Zuzenean, 1992. urtean.

Borreroak baditu milaka aurpegi
1993. urteak Negu Gorriak-en lanik gorena ezagutu zuen: Borreroak baditu milaka aurpegi (Esan Ozenki). Donostiako IZ estudioetan hiru astetan grabatua eta batean nahastua, zalantzarik gabe Negu Gorriak-en lan handiena da eta kritikak gehien goraipatu duena.

Maiatzean baina, Enrique Rodriguez Galindo Guardia Zibileko teniente koronelak jarri zien salaketak taldearen ibilera aztoratuko zuen. Orduan, Galindo “borroka anti-terrorista” deitutakoaren arduradunetako bat zen eta baita Intxaurrondoko kuartel ezagun eta beldurgarriaren burua ere. Taldearen kontrako salaketaren arrazoia “Ustelkeria” kantuaren edukia zen, Gure jarrera diskoan biltzen zena. Teniente koronelaren aburuz, aipatutako abestiaren letrak eta bere argazki bat diskoaren barruko liburuxkan paratzeak “bere ohore eskubidean sartze ez-legitimoa” suposatzen zuen eta 15 milioi pezetako ordainketa exijitu zien (90.000 euro inguru). Taldeak bere jarduera, Esan Ozenkirena eta askatasunez adierazteko eskubidea mehatxatuta ikusi zituen. Negu Gorriak-ek baina, bere jarduerarekin segitu zuen gelditu gabe. Irailean Hipocrisy Stop!! Itxurakeriari Tour 93 birari ekin zion taldeak, kontzertuz betetako bi hilabeteko bira. Europan barrenako euren birarik luzeena izan zen. Zegoeneko, Negu Gorriak nahikoa ezaguna zen Kontinente Zaharrean eta taldea ikusteko eskaria handitu zen. Taldea edukiera gehiagoko aretotan jotzen hasi zen. Bira intentsu honen amaiera Bilbon izan zen beste behin. 9.000 gaztek taldea lagundu zuten gau ahaztezin batean. Negurekin batera Lin Ton Taun eta Radio Bemba (Mano Negra ezkutatzen zen marka) izan ziren. Biraren baitako furgonetako ordu luzeetan pentsatu zuten moduan, urriaren 30eko Bilboko kontzertutik ateratako materialak hurrengo udaberrian taldeak argitaratuko zuen zuzeneko diskoa osatuko zuen: Hipokrisiari stop! Bilbo 93-X-30 (Esan Ozenki, 1994).

147

‘Borreroak baditu milaka aurpegi’ diskoko promozio argazkia.

Amerika Latina zutik!
1994. urtea bereziki intentsua izan zen taldearentzako. Urtarrilaren 1ean garrantzi itzela izanen zuen gertakari batek mundua astinduko zuen. Negu Gorriak-engan ere eragin handia izanen zuen. Urtea hasi eta ordu erdi batera, Chiapas izeneko Mexikoko estatu batean Askatasun Nazionalerako Ejerzito Zapatista ezezagun batek ahotsa eta armak goratu zituen Mexikoko eta munduko panorama politikoa harrotuz. Gertakari honek eta ondotik etorriko zen zapatismoa zeritzonaren jarduerak bandarengan berebiziko influentzia izan zuten, baina egonen ziren elementu latinoamerikar gehiago eraginik izanen zutenak taldeak munduari so egiteko zuen ikuspuntuan. Urtarrilean, adierazteko eskubidearen aldeko lehen bataila judizialaren emaitza jakin zen baita ere. Donostiako 4. Instrukzio Epaitegiak Galindok taldearen kontra jarritako demanda atzera bota zuen. Baina guardia zibilak segitzea erabaki eta sententzia errekurritu zuen.

Bien bitartean, Amerikako eszena politikoak mugitzen segitzen zuen. Erdialdeko Amerikan, El Salvadorren, esperantzarako tarterik bazegoen. Gatazka nazional latz eta gogor baten ostean, zeinak hamar urte iraun zuen, herrialdea “mendearen hauteskundeak” deitutako bozak egiteko prestatzen ari zen. FMLN-ren legalizazioak eta bere agerraldiak presidentetza-hauteskundeen panoraman ilusio handia sorrarazi zuen. Negu Gorriak-ek eta bere abentura lagunek, Banda Bassoti italiarrek, arreta handiz segitu zuten prozesu hau eta beren musikarekin gerrilla ohiaren ekitaldi elektoraletan parte hartzea erabaki zuten brigada moduan.  Azken orduan, Kaki Arkarazok ezbehar bat eduki zuen ospitalera eraman zuena eta proiektu honetan parte hartzea eragotzi ziona. Taldeak, halere, El Salvadorrera bidaiatzea erabaki zuen NG Brigada izenpean. Martxoan taldeak hainbat ekitalditan parte hartu zuen eta hainbat gizarte eragile eta politikorekin iritziak elkar trukatu zituzten. Herrialdeak, amaitutako gatazkaren arrastoak oso bizi zituena oraindik, oso hunkitu zituen brigada musikaleko lau kideak.

143

Negu Gorriak zuzenean.

Intsumisioa
Etxeratzea beste errealitate batzuetara itzultzea da. Intsumisioaren fenomenoak oso gertutik ukitzen du Negu Gorriak. Kausa honen alde taldea bereziki konprometitu zen. Mikel Kazalis eta Mikel Abrego intsumiso egin ziren. Bateria jolea lehena izan zen epaitegitik pasatzen. Urte bateko espetxe zigorra eskatu zuten bere kontra. Ekainaren 27an Mikel Anestesiaren txanda heldu zen. Bistara aurkezteari uko egin zion baxu joleak eta gainontzeko taldekideekin eraso sorpresa bat prestatu zuen Donostiako Auzitegiaren aurrean. Trafikoa geldiarazi zuen kamioi baten gainean, Negu Gorriak-ek kale erdian jotzeari ekin zion oinezkoen artean harridura sortaraziz eta bertan bildutakoen konplizitatearekin. Intsumisioaren aldeko festa erabatekoa. Gaurkotasunak baina, begiradak Latinamerikara bueltatu zituen. Euskal errefuxiatu politiko batzuen estradizioaren kontrako istiluak jazotzen ari ziren Uruguain. Montevideoko protestaldien kontra gobernuak bortizki erantzun zuen eta bi pertsona hil ziren. Hiru egun beranduago, abuztuaren 27an, Negu Gorriak-ek Bilboko Aste Nagusian bere indar guztia deskargatu zuen 20.000 pertsonen aurrean egindako kontzertu gogoangarrian.

144

Donostiako Auzitegiaren aurrean, insumisioaren alde kamioi baten gainean emandako kontzertuan.

Urte horretan, kontinente amerikarrarekin izandako kontaktuen eta elkar trukatzeen ondorioz, Negu Gorriak-en lanek ozeanoa gurutzatu zuten eta kontinenteko leku askotan banatzen hasi ziren.

Negu Gorriak Hego Amerikara bueltatuko da beste behin. Hegoamerikan Tour 94 izeneko birak Argentinara eraman zituen estreinako aldiz -non ikusmin handia zegoen- Txilera eta Uruguaira. Hemen abuztuko mobilizazioen zauriak irekita zeuden oraindik eta gobernuak, hauteskunde kanpainan murgilduta, kontzertua ematea debekatu zien, eta baita prestatuta zeuden jardunaldi batzuk ere. Ondorioz, taldeak aurreikusitakoa baino leku txikiago batean jo behar izan zuen. Zalantzarik gabe, Latinamerikarekin izandako kontaktuak nabarmenki eragin zien. Urte bizi hau ere taldearen hirugarren bideolan luzean islatua gelditu zen: NG Telebista 94 (Esan Ozenki).

Ideia zabaldu
1995eko maiatzaren 5ean Negu Gorriak-ek bere laugarren diskoa argitaratu zuen: Ideia zabaldu (Esan Ozenki). Argitaratu eta hilabete batera -irratiak “Hitz egin” abesti indartsuaren urratua zabaldu zuen, diskoaren aurkezpen singlea alegia-, ekainean, inkisidoreen itzala taldearen gainean planeatzen hasi zen berriz ere, giroa belztuz. Donostiako auzitegiak Ustelkeria kasua okertze bidean jarri zuen, ordurako mailaz igotako Galindo jeneralaren alde agertuz. Taldeak -azkeneraino iristeko asmo irmoa zuen-, gizarteari kasuari buruz informatzeko, elkartasuna biltzeko eta erresistentzia kutxa bat eratzeko (prozesu judizialaren gastu altuei aurre egin ahal izateko) hainbat ekimen prestatu zituen. Ekimen sorta honen ekitaldi inportantena urriaren 28an gertatuko da, Oiartzunen (Gipuzkoa). Karpa erraldoi baten babespean ordura arte Euskal Herrian egindako jaialdi handienetako bat burutu zen: Hitz Egin, alegia. Jaialdi honek orduan Esan Ozenkin zebiltzan talde guztien parte hartzea izan zuen. Esan Ozenki errealitate sendoa zen, benetako erreferente alternatiboa Euskal Herrian eta Europan. Bada, hamabost banda izan ziren, bi eszenatokitan banatuta, tartean Kaki Arkarazo eta Anton Reixaren artean sortutako Nación Reixa proiektu berria. Musika, poesia, bertsoak eta aldarrikapena bederatzi ordutan.

2231

Oiartzungo ‘Hitz Egin’ jaialdian. (Berria)

Aurretik baina, irailean, taldeak Europako bira berri bati ekin zion. Espedizioan tripulante berezia izanen zuten gainera: Garbiñe Ubeda kazetaria taldearekin bidaiatu zen urte hartako biraren kronika bat idazteko: Negu Gorriak. Ideia zabaldu tour 95 liburua (Susa).

Mexiko
1996an, luzatzen ari den prozesu judizialaren kostuei aurre egiteko Negu Gorriak-ek Ustelkeria (Esan Ozenki) argitaratuko du, pieza bitxiez eta B aurpegiez osatutako edizio mugatutako diskoa.

Martxoan errepidera bueltatuko ziren hainbat kontzertu eskainiz: Baiona, Granada eta Zaldibia (Gazte Topagunearen baitan Dut, Zebda eta Body Count-ekin batera). Apirilean taldea Mexikora bueltatuko zen. Behin hara iritsita, Ferminek eta Mikel Bap!!-ek errealitate zapatistarekin harremanetan sartzeko aukera izan zuten. La Realidad izeneko herrian Marcos komandante-ordearekin solasalditxoa izan zuten. Ordurako, taldea, zelatatua izaten ari zena, ukitua zegoen. Arazo burokratiko baten aitzakiaz Mikel Abrego, zeina bira amaitu ondoren Mexikon gelditu zen, kartzelan sartu zuten. Mexikoko Gobernuak ez zituen kaputxadunekin sinpatiak nahi. Egun batzuen buruan eta isun bat ordaindu otean, Mikel Estatu Batuetara egotzi zuten. Uda partean, Iñigo Muguruzak bere proiektu partikularra aurkeztu zuen: Joxe Ripiau, erritmo beroak eta dantzagarriak barreiatzen zituen taldea, euskal eszenan bitxia zen formazioarekin ekin ziona: akordeoia, baxua, güiroa eta bonboa. Irailean taldea bere hurrengo lana izanen zena prestatzen hasi zen, baina lan hau argia ikusi baino lehen, Fermin Muguruzak bidearen amaieraren berri eman zuen Egin-eko orrialdeetan. Iragarpen honek jaso zuen oihartzun mediatikoa itzela izan zen. Taldearen azken ekitaldi publikoa Salam, agur (Esan Ozenki) diskoaren aurkezpena izan zen, taldearen soinu banda espirituala osatzen zuten kantu batzuen bertsioen bilduma-lana. Euskal rockaren historiako talde indartsu eta itzal handienetako baten agurra zen. Adioaren prentsaurrekoan, galdera errepikatuenari promesa bat erantsi zioten: Galindoren kontrako bataila judiziala irabaziko balute ospakizunik egonen zen.

Geurea da garaipena!
Ez dugu “Negu Gorriak” hitza gaurkotasun-orrialdeetan berriz aurkituko XXI. mendea hasi arte. Denbora guzti honetan, taldekide bakoitza bere proiektuetan murgilduta ibili da, soinu-arrasto aberatsa utziz: Joxe Ripiau, 2 Kate, Nación Reixa, Fermin Muguruzak hasitako bakarkako ibilbidea… 2001eko ekainaren zazpian Galindok taldearen kontra zuen kereila atzera bota zuen Espainiako Auzitegi Gorenak bere formulazioan akatsak zituelako. Miguel Castells abokatuaren ustetan, nekez errekurrituko zuen berriz sententzia. Bestalde, Galindo kartzelan dago urte hartako apirilaz geroztik eta 75 urteko espetxe zigorra ezartzen diote Lasa eta Zabalaren bahiketa, tortura basati, hilketa eta ondorengo desagerketarengatik.

Azkenean, kargugabetutako jenerala 2004an atera zen espetxetik gaixotasuna alegatuta. Aurreikusi zen bezala, Galindok galdutzat eman zuen prozesua. Publiko egindako sententziari balizko alegazioak aurkezteko epea amaituta, Negu Gorriak urtarrilaren 10ean agertu ziren berriz garaile justuak bezala. Taldearen behin betiko agurrak bat egin zuen Esan Ozenki diskoetxearen desegitearekin, zeina Metak zigilua bilakatuko zen, hau ere berriki desagertua.

egb_jpgakikusi2-2.pl.jpeg

2001. urtean eman zituen Negu Gorriak-ek azken hiru kontzertuak, Baionan eta Donostian.

Negu Gorriak bi hitzordu handi prestatzen hasi zen behar bezala ospatzeko: Baiona eta Donostiakoak. Halere, jendearen harrerak eta gogoak beste kontzertu bat antolatzera behartu zituen. Donostiako belodromoan izanen zen hirugarren gaua. Otsailaren 23, 24 eta 25eko ospakizunen erdian Fermin Muguruzak mikroa hartu zuen: “Gabon Donostia! Gabon Euskal Herria! Ez gaituzte bakean utzi, baina halere garaipena lortu dugu. Horrek edozein gauzarako kapaz garela erakusten du”. Jarrera baten amaiera zen, diskurtso musikal batena eta talde errepika-ezin batena.

Testua: Aitor Suarez (www.negugorriak.net), www.entzun.com webgunerako idatzitakoa

Atzera

Herrera de la Mancha 1990/12/29

Atzera

Radio Rahim (making of)

Atzera

Gora Herria / Power to the People - Tour 91 (road movie)

Atzera

Seinalea

Gora Herria (remix)

Esaera bat bada

zaratak hamalau

urrutiko intxaurrak

gerturatu ta lau.

Gure herrian berriz

hogeita hamalau

probatu ez duenak

ez daki zer den hau

probatu ez duenak

ez daki zer den hau

 

Gora herria!

Gora herria!

Viva el pueblo soberano que lucha por derrocar al tirano!

 

Eztarri indartsuak

ezin dira ito,

gure lepoan soka

ez dago betiko

parre egin gogotik

neska ta mutiko

kantatzen duen herri bat

ez da inoiz hilko

 

Gora herria!

"Viva el pueblo soberano

el pueblo que nunca olvida,

el pueblo que da la vida por derrocar al tirano"