Zaharrak berritzeko gogotsu dator Mutürbeltz. Bi oinarri dituen zutabe sendoa. Edo alderantziz. Urretxu rock city-n, The Hot Dogs taldea banatu orduko segitzeko beharra sentitu zuen Iñigo Agirrebalzategi gitarra jotzaileak. Bera rock city-n, sentsazio berbera izan zuen Mikel Larratxe abeslariak, Sexty Sexers banda lozorrora bidali zutenean. Bi arima galdu amildegiaren ertzean. Bertara jaustean elkarrekin topo egin eta muturrak belzten hasi ziren. Zikintzen. Batek musika eta besteak hitzak. Lanak banatu orduko sortu ziren lehen kantak, soilik taldea osatzea falta zen. Gutxira agertu ziren Eñaut Balentziaga (Kabul, Zura) bateria eta Aitor Castillo “Txiki” (Plan B, Boogie Van) baxu jotzailea. Biak zikintzeko prest.
Oinarriei tiraka rock talde sendoa osatu dute. Aipatu bi taldeen erdibidean daude. Australiatik Euskal Herrirako ibilbidean. Kanpora begira jarri dira, zinez gustuko duten hori egiteko. Begi lizunarekin, esku klasikoarekin, eta noski, mutur beltzarekin. Ez dirudi lehen saiakera, baina bada. “Amildegia maite” estreinako long play edo lan luzeak zaharberritze lan zaindua islatzen du. Eskarmentuaren akordeak eta esanak. Inolaz ere berritzaileak. Inolaz ere munduko beste txokoetan entzun ez direnak. Baina badute zerbait. Agian da kantuen sinpletasun biribila, agian doinu klasikoekiko maitasuna, agian transmititzen duten bizitasuna… Agian da amildegia bera, amiltzera bultzatzen zaituena.
Testua: Inaxio Esnaola
saidazu zer dudan gailentzeko,
esaidazu zer dudan gotortzeko,
esaidazu zer dudan miresteko
galtzeko nuen guztia galdu dudan honetan.
Zerbait ikusi eta hura nahi...
inork ez zidan esan hori horrela ez zela.
Iparra balitz soilik galdu dudana,
izana balitz soilik kolokan dena,
zoriona balitz desagertu dena,
mina balitz ene adiskiderik onena
ilusio itsaso bat litzateke
ubidean behera ixurtzen ari dena.
Esaidazu nora joan.
Esaidazu nola ezkutatzen duzun,
esaidazu non demontre sartu duzun,
esaidazu sikiera balio dizun,
gauak hotz direla apur bat berotzen zaituen.
Edo ikusten duzun bakoitzean
nitaz parrezka kontsolatutzen ote zeran.
Esaidazu nora joan.
...eta esaidazu orain nora joan behar dudan.
Esaidazu bizkor arren,
zauriak
non
josten
dituzten.