2021.06.28
Mutürbeltz

Mutürbeltz

  • 2012 - 2013
  • Urretxu, Hondarribia, Bera
  • Hard-rocka, Rocka, Rock&rolla

Zaharrak berritzeko gogotsu dator Mutürbeltz. Bi oinarri dituen zutabe sendoa. Edo alderantziz. Urretxu rock city-n, The Hot Dogs taldea banatu orduko segitzeko beharra sentitu zuen Iñigo Agirrebalzategi gitarra jotzaileak. Bera rock city-n, sentsazio berbera izan zuen Mikel Larratxe abeslariak, Sexty Sexers banda lozorrora bidali zutenean. Bi arima galdu amildegiaren ertzean. Bertara jaustean elkarrekin topo egin eta muturrak belzten hasi ziren. Zikintzen. Batek musika eta besteak hitzak. Lanak banatu orduko sortu ziren lehen kantak, soilik taldea osatzea falta zen. Gutxira agertu ziren Eñaut Balentziaga (Kabul, Zura) bateria eta Aitor Castillo “Txiki” (Plan B, Boogie Van) baxu jotzailea. Biak zikintzeko prest.

Oinarriei tiraka rock talde sendoa osatu dute. Aipatu bi taldeen erdibidean daude. Australiatik Euskal Herrirako ibilbidean. Kanpora begira jarri dira, zinez gustuko duten hori egiteko. Begi lizunarekin, esku klasikoarekin, eta noski, mutur beltzarekin. Ez dirudi lehen saiakera, baina bada. “Amildegia maite” estreinako long play edo lan luzeak zaharberritze lan zaindua islatzen du. Eskarmentuaren akordeak eta esanak. Inolaz ere berritzaileak. Inolaz ere munduko beste txokoetan entzun ez direnak. Baina badute zerbait. Agian da kantuen sinpletasun biribila, agian doinu klasikoekiko maitasuna, agian transmititzen duten bizitasuna… Agian da amildegia bera, amiltzera bultzatzen zaituena.

Testua: Inaxio Esnaola

Adaska bat eguzki bila lez

Adaska bat zerupean,
adaska bar lurpean.
Setati gabiltza beti, mutur oker,
adar lerdenak bailiran
sustraiak besarkatzen.

Goitik beherako adar bila
ez duk atzemanen urritzik
ezta lau den sustrairik,
eguzki bila dabilen adaska lez.

Adaska bat bihotzean,
kimuz gainezka den adaska.
Adar behar lukeen kateak
ez ditzala traba loreak.
Begiz begi askatuz,
eguzki bila dabilen adaska lez.

Zuhaitza ez bait da soilik
eder hostoz beztitzen,
loreak ez ditu beti,
eguzki bila ukaiten.
Sagar gozorik ez duzu
ilbeltz gorrian janen,
baina adaskak hor dira
beti ekia bilatzen.
Zuhaitzari so dakusat
zeinen tematiak garen,
adaskak eta sustraiak
behin eta berriz nahasten.
Altxa hadi ba eguzki bila,
nere indarra duzu izanen.
Anai baten sorbalda
beti izanen duzu hemen.