2021.06.28
Mutürbeltz

Mutürbeltz

  • 2012 - 2013
  • Urretxu, Hondarribia, Bera
  • Hard-rocka, Rocka, Rock&rolla

Zaharrak berritzeko gogotsu dator Mutürbeltz. Bi oinarri dituen zutabe sendoa. Edo alderantziz. Urretxu rock city-n, The Hot Dogs taldea banatu orduko segitzeko beharra sentitu zuen Iñigo Agirrebalzategi gitarra jotzaileak. Bera rock city-n, sentsazio berbera izan zuen Mikel Larratxe abeslariak, Sexty Sexers banda lozorrora bidali zutenean. Bi arima galdu amildegiaren ertzean. Bertara jaustean elkarrekin topo egin eta muturrak belzten hasi ziren. Zikintzen. Batek musika eta besteak hitzak. Lanak banatu orduko sortu ziren lehen kantak, soilik taldea osatzea falta zen. Gutxira agertu ziren Eñaut Balentziaga (Kabul, Zura) bateria eta Aitor Castillo “Txiki” (Plan B, Boogie Van) baxu jotzailea. Biak zikintzeko prest.

Oinarriei tiraka rock talde sendoa osatu dute. Aipatu bi taldeen erdibidean daude. Australiatik Euskal Herrirako ibilbidean. Kanpora begira jarri dira, zinez gustuko duten hori egiteko. Begi lizunarekin, esku klasikoarekin, eta noski, mutur beltzarekin. Ez dirudi lehen saiakera, baina bada. “Amildegia maite” estreinako long play edo lan luzeak zaharberritze lan zaindua islatzen du. Eskarmentuaren akordeak eta esanak. Inolaz ere berritzaileak. Inolaz ere munduko beste txokoetan entzun ez direnak. Baina badute zerbait. Agian da kantuen sinpletasun biribila, agian doinu klasikoekiko maitasuna, agian transmititzen duten bizitasuna… Agian da amildegia bera, amiltzera bultzatzen zaituena.

Testua: Inaxio Esnaola

Udaberri zikin

Izan zirenak nirekin ditut,
egin duguna bihotzean dut.
Erraiak beste behin liberatu,
samuraiak ezpata atera du.

Udaberri zikin berri baten bila dabil,
segiok irudimen horri.
Udaberri zikin berri baten bila.

Izugarrizko adoreaz blai,
izu larrizko etsaiei zain.
Zatoz maitea eta esaidan bai,
zatoz maitea hemen behar haunat alai.

Udaberri zikin berri baten bila nabil.
Udaberri zikin berri baten bila.

Erraietan dantzan dinat, erraietan, odolez blai.

Bizipoz honen jabe izan nahi dut betiko,
betiko behin eta berriz lehertuz,
lehertuz erretina eta ahotik at,
mugaz haratago askeak izanen gara.