Zaharrak berritzeko gogotsu dator Mutürbeltz. Bi oinarri dituen zutabe sendoa. Edo alderantziz. Urretxu rock city-n, The Hot Dogs taldea banatu orduko segitzeko beharra sentitu zuen Iñigo Agirrebalzategi gitarra jotzaileak. Bera rock city-n, sentsazio berbera izan zuen Mikel Larratxe abeslariak, Sexty Sexers banda lozorrora bidali zutenean. Bi arima galdu amildegiaren ertzean. Bertara jaustean elkarrekin topo egin eta muturrak belzten hasi ziren. Zikintzen. Batek musika eta besteak hitzak. Lanak banatu orduko sortu ziren lehen kantak, soilik taldea osatzea falta zen. Gutxira agertu ziren Eñaut Balentziaga (Kabul, Zura) bateria eta Aitor Castillo “Txiki” (Plan B, Boogie Van) baxu jotzailea. Biak zikintzeko prest.
Oinarriei tiraka rock talde sendoa osatu dute. Aipatu bi taldeen erdibidean daude. Australiatik Euskal Herrirako ibilbidean. Kanpora begira jarri dira, zinez gustuko duten hori egiteko. Begi lizunarekin, esku klasikoarekin, eta noski, mutur beltzarekin. Ez dirudi lehen saiakera, baina bada. “Amildegia maite” estreinako long play edo lan luzeak zaharberritze lan zaindua islatzen du. Eskarmentuaren akordeak eta esanak. Inolaz ere berritzaileak. Inolaz ere munduko beste txokoetan entzun ez direnak. Baina badute zerbait. Agian da kantuen sinpletasun biribila, agian doinu klasikoekiko maitasuna, agian transmititzen duten bizitasuna… Agian da amildegia bera, amiltzera bultzatzen zaituena.
Testua: Inaxio Esnaola
Eguzkia bularrean dudala, eguzkia begietan dudala,
haizeak naraman tokira naramala.
Eguzkiak argitzen nau, eguzkiak gidatzen nau zugana,
mugaz haratago.
Laino beltzak gibelean lagata, ekaitz beltzak ahanzturan lagata,
trumoi hotsek jada gortu ezin nauten mugatan.
Eguzkiak gozatzen nau, eguzkiak irekitzen nau zugana.
Zugan bizi nahi nuke betiko. Zure barruan bizi nahi nuke betiko.
Besarka nazazu suzko desio, ene izu oro bustien herio.
Bihotz desiratuari lore berri bat dario.
Zugan beti bizi nahi nuke betiko. Zure barruan bizi nahi nuke betiko.