Osagaiak:
4 hegaluze solomo lodi, hezur eta azalik gabe, 220 g bakoitzak.
4 baratxuri ale.
Kg erdia barazki-pisto, dagoeneko maneatua.
3 koilarakada oliba olio.
Ximiko bat irin.
Xorta bat ardo zuri.
Olioa eta baratxuriak, erditik moztuak, jarriko ditugu padera batean. Gorritu orduko aterako ditugu baratxuriak. Hegaluze puskak ipiniko ditugu ondoren, irinetan pasa eta gero. Binaka egingo ditugu, pare bat minutuan: txigortuta geratuko dira kanpotik eta mamitsu barrutik. Erretilu batera aterako ditugu, olioa isur dezaten. Pisto beroan sartuko ditugu ondoren solomoak: su eztian edukiko ditugu gutxienez 5 minutuan, kazolari eragin eta eragin, xorta bat ardo zuri isuri bitartean. Sutatik atera eta epeltzen utziko dugu kazola. Epe baten ondoren, berriro edukiko dugu kazolan su ezti-eztian, beste 5 bat minutuan. Sutatik atera eta zerbitzatu.