Mugaldekoak taldeak Susa argitaletxeak 2004an argitara emandako Edu Zelaietaren izen bereko bigarren poema liburua izan zuen abiapuntu. Liburu hartako zenbait testu pop-rock, folk eta country kutsuko musikarekin atontzen aritu ziren Beñardo Goietxe eta Raul Garcia, liburua jendaurrean aurkezteko asmoz. Hainbat emanaldi egin eta gero, 2006ko udaberrian, Gaztelupeko Hotsak zigiluak argitaratu zuen Biziago sentitzeak dakarren muga inguruan izeneko disko-liburua. Lan hartarako hainbat testu eta kantu berri sortu zituzten, taldeak bidean izandako eboluzioaren erakusgarri. Era berean, hasierako hiru lagunez gain, bi kide gehiago ere bildu ziren proiektuaren inguruan: Jordi Serra eta Mikel Errazkin zena.
2007ko uda arte iraun zuen lehen etapan, guztira, Euskal Herriko nahiz Kataluniako ia 40 tokitan izan ziren Mugaldekoak: Beran, Gasteizen, Bilbon, Iruñean, Donostian, Irunen, Senperen, Durangon, Lleidan, Bartzelonan…
Bi urte eta erdiko atsedenaldiaren ondotik, 2010ean, bigarren etapa honi ekin zion taldeak, bertan lau lagun zeudelarik: jatorrizko Edu, Beñardo eta Raul, eta Mattin Sorzabalbere (Kortatu, Antiregimen eta Baldin Bada taldeetako kide ohia). Azken bi urteotan ikuskizun berria eta bigarren CDa izango direnak prestatzen aritu dira Mugaldekoak, lasai, erritmo naturalean.
Taldearen orduko proposamenak Begiak lekuko izena zuen eta, nolabait, mundu mailako testu eta doinu antologia txiki bat eskaintzen zuen. Aurreko etaparen aldean, musikalagoa, estilistikoki anitzagoa, instrumentazioaren aldetik aberats eta joriagoa (ukelelea, txalaparta, kontrabaxua, xilofoia, perkusioak edota akordeoia erantsi dizkiote gitarrek osatutako oinarriari), literaturak oraindik presentzia nabarmena baldin badu ere.
Lehen disko hartako abestiak taldeak berak Zelaietaren hitzen gainean sortutakoak ziren, eta bigarrenean besteen abestiak moldatzera jo zuten mugaldekoek. Hautatutako abestien zerrenda taldekideen gustu on eta zabalaren lagin askotarikoa zen, baita haien ausardiaren erakusle ere, gaur egun ez baita erraza “Let Me Die in My Footsprints” (Bob Dylan), “Bird on a Wire” (Leonard Cohen) edota “Folsom Prison Blues” (Johnny Cash) bezalako klasikoen irakurketa berriak eskaintzea, baina Berako (Nafarroa) taldeak lortu zuen bere nortasuna txertatzea kantuetan. Horrez gain, folk ingelesaren harribitxi malenkoniatsuak (Vashti Bunyan-en “Rose Hip November”), Marseillako aldirietatik datozen jai giroko doinuak (Moussu T e lei Jovents-en “Lanaren kantua”), Mexikoko rantxerak (Cuarteto Bernalen “Mi único camino”), Jose Afonso Portugalgo musika herrikoiaren (eta iraultzaren) ikonoaren kantu ezagun bat (“Cantigas do maio”), AEBetako kantu herrikoiak (“Old Joe Clark”) eta Jim Beloff ukelele jotzaile maisuaren pieza bat (“Blues on a Ukelele”) moldatu zituen taldeak, eta haien artean tartekatu euskarara itzulitako nazioarteko olerkarien poemak (Wilsawa Szymborska poloniar, Margarita Robleda yukateka eta Nazin Hikmet turkiarrarenak) eta Zelaietak berak sortutakoak.
Galdemoduen trilogia hirugarren diskoan etxeko uztako pop-rock-folkera bueltatu dira, Edu Zelaietaren poemak taldeak konposatutako doinu anitzekin uztartuz.
Bideokliparen grabaketa: Joseba 'Josevisky' Larratxe
Bideokliparen muntaia eta playmobilaren animazioa: Raul Garcia Etxeberria eta Mathilde Brugière-Garde
Azaroko lore, udazken kolore
urrea gure atean
hartu hosto bat
eta zortea eskura betiko.
Pinu-ondo luzanga
elurraren zain dago
lainoa geldi-geldi
goiz-argiak preso du mendiko etxolan.
Xirula bat entzun da
artzaina zoriontsu da
artzaintsa eta xakurra
beraien aita eta artaldearen ama.
Azaroko lore, udazken kolore
urrea gure atean
hartu hosto bat
eta zortea eskura betiko.