2022.12.14
Montauk

Montauk

  • 2014 - 2020
  • Gasteiz
  • Rocka

Montauk taldea, Gasteizen, 2014ko azaroan sortu zen. Beñat Goitia abeslari eta gitarra joleak bakarlari gisa sortu zenbait kantu gorpuztetik abiatu zen proiektua. Beraz, bakarkako proiektuaren gorpuzteak sortu du Montauk. Hasieran, Gorka Etxeberria bateria jolea eta Jon Aranburu gitarra jolea hasi ziren Beñatekin batera proiektuari arnasa ematen eta beranduago sartuko ziren Goio Askartza baxuan eta Aitor Garcia de Vicuña egungo gitarra jolea.

Urte luze bat proiektua sendotzen igaro ostean, 2015eko azaroa eta abenduan taldearen aurkezpena izango ziren zenbait kontzertu eskaini zituzten Euskal Herrian zehar; tartean, Gasteizko Udalak antolatu Gaztetalent lehiaketan irabazle izan ziren. 2016 lehen diskoaren urtea izan da Montaukentzat.

2016ko Aste Santuan grabatu zuten diskoa Azkarateko (Nafarroa) Katarain estudioetan Jonan Ordorikaren gidaritzapean, eta apirilean zehar nahasketak eta masterizazioa Azkaraten bertan egin dituzte, Mamia estudioetan, hauek ere Jonan Ordorikarekin. Diskoa 2016ko maiatzean argitaratu zen.

Montauken doinuak deskribatzeko, diskoa entzutea da gomendio fidelena, rock intimistaren atmosfera pisutsuetatik pop esperimentalagoetaraino egiten baitute jauzi.

Montauk New York ondoko hiriburu bat da, baztertua, berezia, bereizia. Bertan kokatzen da Max Frisch idazle suitzarraren Montauk nobela. Baina gasteiztarren izenaren zioak Ramon Saizarbitoriaren Martutene nobelan du jatorria, bertan aipatzen baita Frisch-en nobela eta bertan ezagutu baitzuten Montauk. Eleberri honi eta literaturari keinu hau eginez, Montauk taldearen kantuetan hitzek duten garrantzia azpimarratu nahi izan da, ez baitira lerroak osatzeko aitzakia hutsa.

Atzera

Ezintasuna (Apolo, 2016-10-21)

Atzera

Hartzak hotzez hiltzen

Egilea: Unai Portilla

Atzera

Oihaneder (Gasteiz, 2018/12/23)

Geruzak

Geruza batek estaliz begiak, nor naizen barne ikusteko. 
Uraren eta lurraren haziak gogortuz harri bihurtzeko. 
Bentzuturiko bizipen horien, geruzak. 
Batak bestea estaltzen duten, geruzak. 

Nahiz hasieran ez nintzen konturatu… 

Odolezko geruzak orbaindu gaitzan, bitasuna banakotuz. 
Estalpe berak babes gaitzan, nitasuna banakotuz. 

Nahiz hasieran ez nintzen konturatu, denborak orbaintzen gaitu. 
Estalpe berak babestu gaitzan, bi geruzatik bat sortu. 

Hezurrak, azalak eta odolak, busten haragi bizitzeko. 
Jadanik nor garen bagarenean, beste azalberritze baterako. 
Prest izan naiz eskatzen zenidan, ni zu zu nigan gutzeko. 
Izanaren berjaiotze berri bat, zurekin haragitzeko. 

Nahiz hasieran ez nintzen konturatu, denborak orbaintzen gaitu. 
Estalpe berak babestu gaitzan, bi geruzatik bat sortu.