Formatua: EP
Argi kodea: Azantza nº 1
PARTAIDEAK
GENEROA
Herri kanta
Nafarra
1972 - Azantza
Formatua: EP
Argi kodea: Azantza nº 1
PARTAIDEAK
GENEROA
Herri kanta
Mixel Labegueriek (Uztaritze, Lapurdi, 1921-Tolosa, Okzitania, 1980) amarengandik jaso zuen musikarekiko zaletasuna; hura musikaria zen, eta, pianoa jotzeaz gain, ikastaroak ematen zituen. Guraso eta haurrideengandik jaso zuen euskara. Gainerakoan, fraideekin ikasi zuen.
Hilario Olazaran kaputxinoa Lekarotzetik Uztaritzera eraman zuten, eta harekin ikasi zuten musika jotzen Labeguerie anaiek: Mixelek txistua, Josephek atabala. Gero, Uztaritzen sortuko zen lehen dantza taldean hasi zen. Piarres Lafitte ere ezagutu zuen, eta hark eragin handia izan zuen Labegerie gaztearengan, arazo sozial eta nazionalaren kontzientzia hartzen hasiko baitzen.
Mediku ikasketak egin zituen, Bordelen. Ordurako bazuen euskal kulturarekiko zaletasuna. Bordelen euskal gramatika landu zuen, eta “Irrintzi” izeneko kanta-dantza bat sortu zuen. Hego Euskal Herrian gerra piztu zenean, handik alde egindako hainbat iheslari ezagutu zituen, eta parte hartu zuen Franco eta nazien kontrako espioi lanetan.
Hogei urte eskas zuelarik, Uztaritzen sortutako Aintzina agerkarian dantza, festak eta kantuen gaineko artikuluak idazten hasi zen. Pertsona ezagunak ibili ziren Aintzina-ren inguruan: Marc Legasse, Aita Donostia, Piarres Xarriton, Piarres Lafitte, Madeleine Jauregiberri…
1943. urtean, Euskaldun Gazteen Batasuna sortu zen. Euskara sustatzea eta Euskal Herriaren batasuna ziren elkartearen helburu nagusiak, eta Labegueriek hastapenetik hartu zuen parte, Irrintzi taldearen izenean. Musikan, dantza, antzerkian eta euskararen irakaskuntzan egin zuen lan. Urte haietan inguruko herrietako berrogeita hamar kantu inguru bildu zituen, baita haien berri eman ere. Horrez gainera, parte hartu zuen Eusko Ikaskuntzako 1948 eta 1954ko biltzarretan. Bertsozale porrokatua izan zen Labegerie, eta, besteak beste, epailea izan zen 36ko gerraren ondoren egindako Euskal Herriko Lehen Bertsolari Txapelketan. Euskalzaleen Biltzarreko lehendakaria ere izan zen, eta euskaltzain urgazlea.
Kantagintzan erabakigarria izan zen Mixel Labeguerieren ekarpena. Georges Brassens, Jacques Brel eta orduko abeslari frantziar berritzaileen eragina jaso eta euskal kantagintzara ekarri zuen. Labegerie euskal kanta berriaren sortzailea izan zen; gitarra batekin kantu alai eta konprometituak egitea posible zela erakutsi zuen. Jose Angel Irigarai Ez Dok Amairu taldeko kide ohi eta idazlearen hitzetan, «berak erakutsi zigun tradizioari begira egotea eta irekia egotea bateragarriak zirela, ez zirela kontrajarriak. Gu hemengoak eta unibertsalak izan gintezkeela. Eta erakutsi zigun posible zela hemendik kantak sortzea» (1).
60ko hamarkadaren hasieran, Labeguerieren lehen kantak hasi ziren ezagutzen. Kantaldirik ez zegoenez, lagun artean zabaldu ziren abesti haiek. Ez dago argi noiz agertu ziren lehen aldiz disko batean: iturri batzuek 1961. urtean izan zela zela diote; beste batzuek, berriz, 1963. urtean izan zela. Baionako Goiztiri diskoetxeak eman zuen argitara, eta lau kantu zituen: “Bakearen urtxoa”, “Gudari euskaldunen kantua”, “Aurtxo aurtxoa” (Piarres Larzabalen hitzekin) eta “Primaderako liliak”. Azken kanta hori autobiografikoa omen da, eta hainbat urte geroago Benito Lertxundik bertsio ezagun bat egin zuen.
Diskoaren azalean ikurrin bat eta gitarra bat agertzen ziren. Gitarra soil batez kantatutako abestiak ziren. Sortu berriak ziren euskal irratiek ezagutarazi zituzten diskoko kantuak, eta laster kontrabandoaren pieza preziatua bihurtu zen Hego Euskal Herrian. 1963. urtean, beste disko txiki bat grabatu zuen, berriro ere Goiztiriren eskutik. Hartan ere lau abesti zeuden: “Astoa balaan”, “Gatua Pitxitxi”, “Ezkilaren kantua” eta “Gazteri berria”. Azken abesti horren letra Piarres Larzabalena da, eta berehala askatasun gosez zegoen euskal gazteriaren himno bihurtu zen.
Diskoak Ximun Haranen etxean grabatu zituen, Eneko Labegerie semeak gogoan duen moduan: “Simun Haran pilotari ona izana da, onenetarikoa, eta magnetofono zahar batekin grabatzen ibiltzen huen herrietan. Magnetofono horrekin grabatu zioan aitari ere, garai hortako ez zegok gaizki grabazioa. Ikusten dizkiat oraindik, etxean, Kanboko koruko hamar tipo, Simun Haranen magnetofonoarekin, aitak “Gu gera Euskadiko” abesten, eta errepikatzerakoan korukoek abesten zuten” (2).
Bi disko txiki, zortzi abesti, hori besterik ez. Nolanahi ere, bi diskook aro berri bat zabaldu zuten euskal kantagintzan, eta handik urte gutxitara Ez Dok Amairu taldeak hurrengo katebegia osatuko zuen. Talde horren sortzaileetakoa izan zen Xabier Lete kantariaren esanetan, “Labeguerieren diskoek, batez ere lehenak, izugarrizko garrantzia izan zuten euskal kanta herrikoiaren estilo aldaketan: gitarra soilez lagunduriko kantak baitziren, ahots partikular bezain apal eta arruntez kantaturikoak, molde komertzialei zegozkien amaneramendu eta sofistikazio guztietatik urruti” (3).
Mixel Labegueriek beste kanta ezagun bat idatzi zuen, “Nafarra, oi Nafarra”, baina ez zuen inoiz grabatu. Eneko Labeguerieren Nafarra diskoan agertu zen lehen aldiz, 1972. urtean, Mixelen beste bi kanturekin batera. “Disko bat egin behar genuela esan zidan. Berak “Nafarra, oi Nafarra” egina zeukan eta esan zidan: ‘Hire abestiarekin eta nere hiruekin diskoa egingo diagu.’ Nik abestu nituen kantak. Hirugarren diskoa izan zen eta hor bukatu zen” (1). Eneko Labegueriek aitaren bidetik segitu zuen, hasieran Guk taldean, gero bakarlari gisa. 1999. urtean “Nafarra, oi Nafarra” kanta berreskuratu zuen, Nazio berria izeneko diskoan (Elkar, 1999). Halaber, Aritzak taldeak Mixel Labeguerieren kantuak bildu ditu pare bat diskotan.
Baina kulturan ez ezik, politikan ere izerdi asko botakoa zen Mixel Labeguerie. 1963ko apirilaren 15ean aurkeztu zen Enbata mugimendu abertzalearen sortzaileetako bat izan zen, Jean Louis Davant, Jakes Abeberri, Ximun Haran eta beste hainbatekin batera. Baina handik gutxira mugimendutik urrundu zen, kristau-demokraziara hurbildu, eta Centre Democrate alderdian sartu zen.
1965. urtean Kanboko alkate izendatu zuten lehen aldiz; 1971n berriz hautatu zuten, eta 1977an hirugarrenez. Horrez gainera, Ezpeleta kantonamenduko kontseilari nagusi izan zen Pauen. Kargu hori hil arte atxiki zuen Labegueriek. Parisen ere ibili zen politika lanetan. 1962an diputatu hautatu zuten. 1967an, ordea, De Gaulleren aldekoa zen Michel Intxauspe izan zuen aurkari, eta diputatu kargua galdu zuen. Baina Parisera itzuli zen Labeguerie, 1974an senatari hautatu baitzuten. Kargu hori ere hil arte izan zuen.
Zazpi urtean bost bihotzeko jasan zituen Mixel Labegueriek. 1980ko uztailaren 28an hil zen, Tolosako ospitalean (Okzitania, Frantzia), bihotz ebakuntza batean. Haren azken agurrean lau mila lagun inguru elkartu ziren Kanbon. Hil zeneko 25. urteurrena bete zenean, omenaldia egin zitzaion Kanbon, Herriko Etxeak eta Euskal Kultur Erakundeak antolatuta.
Testua: Gontzal Agote