Biluzia zen Haitzetan hura, barnekoa. Ahotsa eta gitarra zituen helduleku ia bakar, eta ondoan biolontxeloaren eta akordeoiaren kolaborazio oso puntualak hartzen zituen. Bertsogintzatik kantugintzara igaro zen kantautorearen diskoa izan zen lehen hura, bertsotan kantuan baino ezagunagoa baitzen orduan Urdangarin. Eta, musika ez ezik, berak egin zituen diskoa osatzen zuten 11 abestietatik gehienen letrak. Gainontzekoak bidean aurrera lagun izango zuen Iñaki Aurrekoetxea bertsolariarenak ziren.
Lehena biluzia, eta bigarrena zelta egin zuen Urdangarinek: Badira hiru aste. Euskal Herria Eskoziarekin lotu nahi zuen disko monografiko hark arrakasta handia izan zuen; izan ere, Urdangarinen musikaren ezaugarrietako bat nabarmendu zen dagoeneko: sinpletasunetik lortu zuen jendearengana iristea. Hala, Haitzetan diskoan bezala, herri tradiziokoak diruditen abestiak egiten asmatu zuen. Disko horretan ere, berak idatzi zituen kantu asko, mozkorrez, drogazaleez, “maitasun eriak defraudatutakoez”, “bihotz minak jota daudenez” eta iheslariez. Gainerakoak Aurrekoetxeak eta Arkaitz Estiballesek idatzi zituzten. Letra horiei Eñaut Elorrietak (gitarra akustikoa; Ken Zazpi), Iñaki Zabaletak (trikitia), Izaskunek (panderoa), Josu Zabalak (soinu txikia eta ahotsak; Hertzainak, Zazpi Eskale) eta Iñigo Ibarretxek (txistua) jarri zieten musika.
Eta Kirmen Uriberi eskutik helduta ekarri zuen Urdangarinek hurrengo diskoa: Bar Puerto (GH, 2001). Uriberen istorio batean oinarrituriko hura disko-liburua zen diskoa baino gehiago, irudiak ere tartekatzen zituen proiektu ibiltari baten emaitza (Bar Puerto. Bazterreko ahotsak). Urdangarinekin eta Uriberekin batera, Bingen Mendizabal zen proiektu haren hirugarren zutabea. Badira hiru aste eta Espilue-ren arrakastaren atzetik, koordenatu ezezagunak arakatzeko gogoa erakutsi zuen Urdangarinek, bakarkako lanetik atera eta taldekora igarota. Bilaketa lan hori diskorik disko etengabea izan da Urdangarinen musikagintzan, aldiko zerbait berria egin eta eskaini nahi izan baitu.
Hurrengo urtean, baina, bakarkako bidera itzuli zen Heldu artean diskoarekin (GH, 2002). Egunerokotasunari kantatzen dio zornotzarrak disko honetan: “Nire diskoak normalean bizi dudan egoerari oso lotua daude eta azken hau ere bai. Batez ere, neure pentsamenduen, momentuko kezken, pozen eta tristuren isla da” (3). Eta urrats bat egin zuen, katalanez abestuta.
Bar Puertoko konpainia, baina, ez zuen urrun, eta hala etorri zen Zaharregia, txikiegia, agiandisko-liburua (GH, 2003). Kirmen Uriberen Bitartean heldu eskutik liburuaren (Susa) harira New Yorken egindako poesia errezitaldi batzuetatik abiatu zen Urdangarin, Uribe, Rafa Rueda (PI.L.T.), Mikel Valverde eta Bingen Mendizabal batzen zituen proiektua. 2003an boskoteak New Yorkera egindako bidaia hura ez zen disko-liburuan soilik gelditu, 2005ean Arkaitz Basterra zuzendariak izen bereko dokumentala estreinatu baitzuen Donostiako Zinemaldian, taldearen estetika oinarri hartuta.
New Yorketik bueltan, barrura begira jarri zen, ostera ere, Urdangarin. Barne bilaketa ez zen soilik edukiari lotua izan, formala ere bai. Ordura arte egin izan zuen soinua eraldaturik ekarri zuen Dana-n (Elkar, 2005). Bi urtez, bere “kezkak, nahiak eta izaera musikalki defini zezakeen diskoaren bila” (4) aritu zen, bere diskorik musikalena egiteko. Mikel F. Krutzagaren ekoizpen lana azpimarragarria da Dana-n. Soinu berriaren bilaketan, ordura arteko folk eta herri doinuak atzean utzi zituen, nahiz eta zornotzarrak bere burua etiketetatik bereizi: “Ez dut uste kantari pop, folk edo rockzalea naizenik. Kantuak egiten dituen kantaria naiz, eta baita bere izaera poliedrikoa onartzen duen pertsona ere” (4). Beste behin, bilaketa horretan Bingen Mendizabal, Rafa Rueda eta Pablo Tato izan zituen bidaide. Letrei dagokienez, egunerokotasunari kantatzen jarraitu zuen Urdangarinek, pertsonetatik abiatuz, gertukotik.
Elkar diskoetxea utzi eta Anek idatzi dit zutaz (2007) bere kasa argitaratu zuen zuen. “Nahi nuen diskoa, buruan neukan diskoa ere osotasunean ateratzeko modu bakarra zen autoekoizpena” (5). Ordura arte egindako ibilbidearen nolabaiteko sintesia da Anek idatzi dit zutaz. Musikalki, azken diskoetan izandako bilakaera nabarmena da, musikak presentzia handia hartzen du. Letrei dagokienez, ibilbide osoko bidelagunak batzen ditu: Iñaki Aurrekoetxea, Unai Iturriaga, Igor Elortza, Jon Maia, Xabier Amuriza, Kirmen Uribe… eta berririk ere bada, Sustrai Colina bertsolariaren hitzak ere musikatu baititu, eta noski, bereak ere badira. Baina begirada, beste behin, gertukoan edo, hobeto esan, gertuko pertsonengan jartzen du berriz ere: Sebastian esne-partitzailearengan, Norvegiara joan zen lagunarengan…
2009an Zubia (Baga-Biga) aurkeztu zuen, eta 2010eko abenduaren 30ean zuzeneko diskoa grabatu zuen Bilboko Kafe Antzokian. Lan bikoitz horretan, Zuzenean 2010/12/30 (Egilea editore, 2011), bere ibilbidearen errepaso zabala egin zuen Urdangarinek (28 kantu), eta bi bertsio grabatu zituen: Black kantariaren “Wonderful Life” ezaguna eta Mikel Laboa-ren “Martxa baten lehen notak“.
Zuzeneko diskoak etapa baten amaiera ekarri zuen, eta hurrengo lana, Azula (Egilea editore, 2012), musikari berriekin grabatu zuen, Angel Celada bateria jotzailearekin eta Koldo Uriarte teklatu jotzailearekin. Bi musikarion ekarpenak bestelako sonoritate bat eman zion Urdangarinen kantaerari.
Zaharregia, txikiegia agian ondu zuen taldea berriz elkartu zen 2013. urtean, Jainko txiki eta jostalari hura sortzeko. Disko-liburua kaleratu ondoren, zuzenean taularatzeari ekin zioten udazkenean.
Testua: Ainara Gorostitzu
Hitzak eta musika: Mikel Urdangarin
Zuzendaria: Alphax
Argazki zuzendaria: David Herranz
Kabuto estudioak egindako bideoklipa, Antonio Alphax
Letrak: Harkaitz Cano
Ahotsa: Alison Keable
Urte zahar iluntzea
eta bi-biok Saturraranen,
hondartzako aparkalekuan.
Olatuak haitz ainubeei talka.
Udako barre-algarak urrun,
dena errazago zen haurtzaroan.
Auto barruan, zure azalaren argia.
Nire bihotza dardaraz,
uretatik atera berri den ume bat bezala.
Gomutatzen barkutzar hura,
moilara loturik zegoena,
nola askatu zituen sokak ekaitzean?
Bakarrik iritsi zen hondartzara,
erraldoi naufragoa urertzean.
Halako indar batek biltzen nau zugana.
Auto barruan, zure azalaren argia.
Nire bihotza dardaraz,
uretatik atera berri den ume bat bezala.