2020.12.01
Mikel Markez

Mikel Markez

  • 1971
  • Errenteria (Gipuzkoa)
  • Kantautorea
  • Webgunea

15 urterekin hasi zen Mikel Markez gitarra jotzen, eta 16 urterekin bere kantuak sortzen zituen. “Gure institutuan ziklo bat egiten zen Euskal kantariak eskoletan, eta Oreretako ikastolatik pasatu ziren Txomin Artola, Amaia Zubiria, Niko Etxart, Anje Duhalde… koadrila. Han ikustea, han bertan, egiten zutena eta poesia… Niretzat leherketa izan zen, eta horregatik hasi nintzen ni, seguru” (2).  Maketetan bilduak zituen, bada, berak sorturiko abesti horiek, eta diskoan ateratzeko aukera 1992an etorri zitzaion, Elkar diskoetxearekin …eta etorri egin zait… grabatu zuenean.

351

Mikel Markez. (1991)

Ikaragarrizko arrakasta lortu zuen lehen disko hark. “Zure begiek” kantua bera eta “Baina berdin dio”, “Marinelaren bakardadea”,Etzera” eta beste batzuk nonahi eta noiznahi entzuten ziren 90eko hamarkadaren hastapenetan. Lehen disko haren zazpi mila aletik gora saldu zituen Markezek. Eta handik bi urtera, Oroitzapenak oparitzen ditut argitaratu zuen (Elkar, 1994). Aurrekoan bezala, Markezek berak idatzi zituen disko horretako letra eta musika ia denak (Karlos Aizpuruaren eta Gabriel Arestiren abesti bana salbu). Hitzari garrantzi berezia ematen zion kantautoreak: “Musikari garrantzi handia ematen diot, baina zerbaiti eman beharko banio pisuaren %51, hitzari emango nioke. Batzuetan apaiz konplexua sartzen zait; sermoia edo nire munduaren ikuspegia saldu nahi diodala munduari iruditzen zait” (3).

Hurrengo urtean, ildo beretik, Zertarako mugak jarri argitaratu zuen (Elkar, 1995). Maialen Lujanbiok eta Jexuxmari Irazuk idatziriko abestiak eman zion diskoari izena. Argitalpen horrekin,Pako Aristi idazlearekin elkarlanean hasi zen Markez, hark idatzi baitzion “Gabon arboletako” kantua.

104

Bertsolari Egunean. (1994)

Laugarren diskoak, Kantu erotikoak izenekoak (IZ, 1997), bestelako giro bat ekarri zuen Markezen ibilbidean. Lan monografikoa zen, eta izenburuak berak zioen bezala, erotismoari kantatu zion abeslariak. “Egia da ere bai pixka bat potroetaraino nengoela kantautore erromantiko zer horretaz, ezagutzen nauen edozein berehalaxe konturatzen da-eta nire errealitate pertsonala ez dela hain melenga. Errealitateari justizia pixka bat egiteko, baita defendigarria iruditzen zaidan zerbait egiteko ere. Gero eta gogorragoa egiten baitzait 16-17 urterekin idatzitako abestiak kantatzea” (4), zioen diskoaren aurkezpenean. Lan horren abiapuntuan, Asier Serranorekin eta Joxe Mari Carrerekin onduriko ipuin, kantu eta poema erotikoen ikuskaria zegoen.

Hurrena disko bikoitz batekin iritsi zen Markez: Dena hankaz gora eta Tribuaren hitz galduak (Gaztelupeko Hotsak, 1999). Pako Aristiren hitzak dira disko horren abiapuntua, eta bereziki Tribuaren hitz galduak ikuskaria. Gerora, Abiadura handiko urte baten kronika eta Tabuak saltsa berdean ikuskizunak eman zituzten han-hemenka idazleak eta kantariak elkarrekin. Euskal Herriko mugetatik irten, eta Argentinan ere eman zituzten ikuskariok. Markezek, gainera, Argentinan ez ezik, Venezuelan eta Kuban ere jo izan ditu kontzertuak, eta baita Espainian eta Frantzian ere.

108

Pako Aristi idazlearekin zenbait ikuskizun taularatu eta liburu bat argitaratu du.

Bost urte pasa zituen kantautoreak hurrengo diskoa egin aurretik. “Hasi nintzenetik seigarren diskora arte ia kasik etenik gabe jardun izan dut. Momentu batean nire burua galduta ikusi nuen. Ez nekien zergatik, norentzat, nola ari nintzen kantuan. (…) Isilik iraun dudan tarte honetan nire buruari zergatik, norentzat eta horrelako galderak egin dizkiot eta erantzunak aurkitu bitartean mutu egon naiz”, adierazi zuen gerora (5). Erabil nazazu lanarekin itzuli zen (Gaztelupeko Hotsak, 2004), “zerbait esateko” bazuelako. Pako Aristi, Sonia Gonzalez, Joseba Sarrionandia, Lizardi nahiz Joan Mari Irigoienen poesiak musikatu zituen diskoan, eta bestetik, Victor Jararen “Te recuerdo, Amanda” euskarara ekarri zuen: “Nola ahaztu Amanda“.

Ondoren, 20 urteko ibilbidea biltzen duen diskoa plazaratu zuen: Zure begiek 1988-2008 izenekoa (Elkar). Aurreko diskoetako hainbat kantu esanguratsu berriz grabatu zituen Markezek, moldaketa berriekin.

Hala ere, 2011n kantu berriekin itzuli zen Markez, eta Hiri hartan izan zen (Elkar) diskoa kaleratu zuen. Hirukote formatuan grabatutako lana da, Pello Ramirez biolontxelo jotzailearekin eta Arkaitz Miner gitarristarekin. Euskal eta atzerriko idazleen poemak musikatu ditu lan horretan (Beñat Sarasola, Manuel Rivas, Mario Benedetti, Pako Aristi…) eta Silvio Rodriguez kantari kubatarraren kantu bat moldatu (“Haize zu zara“).

Indar bat dabil hor (Elkar, 2003) da Markezen azken diskoa. Disko “argitsua, mezu baikorrez betea” dela adierazi zuen kantariak aurkezpenean. Aire Ahizpak, Benito Lertxundi, Josu Zabala eta Alaitz Telletxeak kolaboratu dute diskoan, besteak beste, eta bi bertsio biltzen ditu lanak: Jack Warshaw-ren “No time for love” (Hertzainak taldeak Salda badago diskoan grabatu zuen 80ko hamarkadan) eta “Erresumarik zabalena“, Lubaki Banda literatur taldeak maketa batean grabatutakoa.

Pako Aristi idazlearekin batera Plazer bat izan duk, Benito! (Elkar, 2012) liburua idatzi du, Benito Lertxundirekin urteetan izandako solasaldien kronika.

Testua: Ainara Gorostitzu

  • (1)   Berria, 2008ko apirilaren 4a
  • (2)   Berria, 2008ko ekainaren 11
  • (3)   Euskaldunon Egunkaria, 1994ko ekainaren 12a
  • (4)   Euskaldunon Egunkaria, 1997ko azaroaren 19a
  • (5)   Entzun!, 2005eko otsaila-martxoa

Atzera

Zure begiek

Atzera

Hiri hartan izan zen

Atzera

Konplize ditut eta

Atzera

Gauza xumeetan

Atzera

Indar bat dabil hor (zuzenean)

Atzera

Baina berdin dio

Egilea: Gaizka Peñafiel

Zure begiek

Zure begiek mintzen naute
zure ahoak beldurtzen nau
niretzako nahi zinduket
sentimendu muga ezin hau.

"Urontzi bat naiz, nora ezean dabilen urontzia.
Mila arroken kontra jo dut,
baina beti,
korronteak, zure kostaldetara narama"

Zure begiek mintzen naute
zure ahoak beldurtzen nau
niretzako nahi zinduket
sentimendu muga ezin hau.

"Zu gabe ez naiz ezer, zu gabe zertarako bizi.
Bizitza hontan ditudan helburu guztiak
ez dira ezer,
lortuz gero, zurekin konpartitzen ez baditut"

Zure begiek mintzen naute
zure ahoak beldurtzen nau
niretzako nahi zinduket
sentimendu muga ezin hau.