Euskal musikan oso ohikoa ez den bidea egin du Markos Untzetak (Eibar, 1970). Atzerrian, Londresen, sortu zituen lehendabiziko kantuak, eta Ingalaterrako hiriburuan eman zituen lehenengo kontzertuak. Gerora, formazio prozesua egina zuela, etxera itzuli eta hasi zen euskaraz konposatzen.
Gazte zela hasi zen Untzeta gitarra jotzen. Musikazale bihurtu zen gaztetxo zela, besteak beste Bob Dylanen Blonde on Blonde, Bruce Springsteenen Born To Run eta Tom Waits, Van Morrison eta Jackson Browneren disko ugari entzuten, eta haien bertsioak jotzeari ekin zion hasieran. Gero hori nahikoa izan ez, eta lehenengo abestiak egiten hasi zen, hain juxtu Ingalaterrara bizitzera joatea erabaki zuenean. “Zerbait falta, eta horrek eraman ninduen hara; alegia nire ikuspegia adierazteko hizkuntza propioa aurkitzeko beharrak. (…) Zintzoa izan eta jakin behar da bereizten ereduak eta erreferentziak alde batetik eta kopia hutsa bestetik. Eta horretarako bizipenen, irakurketen, entzunaldien… mundu propioa eraiki behar duzu” (1).
Londrestik gertu, St. Albansen, egon zen bizitzen Untzeta 1995. eta 1997. urteen artean, sukaldari lanetan, eta han hasi zen ingelesezko lehen kantuak idazten. Hango pubetan eman zituen aurreneko kontzertuak ere, nahi zuenarentzat agertokia libre uzten zuten open night izenekoetan. Han, besteak beste, Van Morrisonen“Brown Eyed Girl” jotzen zuen bere kantuekin tartekatuta.
1997an Ingalaterratik Bahama uhartetara egin zuen jauzi Untzetak. Gaztelaniazko eskolak emateko aukera sortu zitzaion, eta Nassau hiriburura joan zen urtebeterako. Han gospela ezagutu zuen, zuzenean, meza ebangelistetan, entzunda.
1998an, berriz, Euskal Herrira itzultzea erabaki zuen. Ingelesezko kantuak biltzen zituen maketa bat grabatu eta kontzertu pare bat eman ondoren, euskaraz abesteari ekin zion. “Istorio pertsonalak kontatzeko gogoa badut, absurdua da entzuleek ez ulertzea. Horregatik zerotik hasi nintzen, kantutegi zaharra alde batera utzi, eta euskaraz idazteari ekin nion” (2).
Bigarren maketa bat grabatu eta hainbat musikariri aurkeztu ondoren, lehenengo diskoa argitaratzeko aukera iritsi zitzaion Untzetari. Ordura arte bakarlari aritzen bazen ere, Gaua basamortuan (Gaztelupeko Hotsak, 2002) grabatzeko musikari taldea bildu zuen bere ingurura: Borja Barrueta (bateria eta perkusioak), Jokin Salaberria (baxua), Dani Merino (gitarra), Jeronimo Martin (hammond organoa), Jon Urrutia (pianoa), Izusko Izagirre (biolina) eta Nerea Urrutia (akordeoia). Diskoa Urdulizko Sweet Saul Music estudioan grabatu zuen Saul Santolariaren ardurapean, eta Untzetaren musika zaletasunen erakusle agerikoa da. Rock amerikar klasikoa (“Gaua basamortuan”), lelo itsakorreko popa (“Ordu berdinean egunero”, “Agurrak beti dauka zapore garratza”), Springsteenen eraginpeko doinuak (“Maitale urruna”, “Babilonia abenidan”) eta bluesa (“Trenaren zain“) jasotzen ditu, besteak beste. Baita Procul Harum Ingalaterrako taldearen bertsio aske bat (“Gauaren magalean”) eta Jon Miranderen hitzekin osatutako beste bat ere (“Pigalle”). Guztiek bidaia bat irudikatzen dute, Untzetak adierazi zuenez: “Soinuarekin giro bat sortzen saiatu naiz, eta testuekin ere bai. Espazio bat landu, batez ere gaua, baita bakardadea ere. Eta hor pertsonaia batzuen ahotsak sortzen ahalegindu naiz. Ahots horietan pertsonaia guztiak zerbaiten bila daudela nabaritzen da. Bilaketa bat da, hasieratik bukaerara. Zer bilatzen duten? Majikoa dena, ezkutua dena, heltzeko zaila dena, zerbait etereoa ere bada” (3).
Diskoa kalean izanik, Buhame Famauak taldea osatu zuen Borja Barrueta (bateria), Gorka Eskauriaza (baxua), Dani Merino (gitarra) eta Miguel Angel Rodriguezekin (teklatuak), eta hainbat kontzertu eskaini zituen Euskal Herrian.
Atseden garai baten ondoren, 2004an talde berri bat osatu zuen Untzetak Getxo inguruko hainbat musikarekin –besteak beste, John Wayne, Los Montarbo eta Rubia taldeetan ibilitakoak–, eta bigarren diskoa izango zena prestatzen hasi zen. Lehenengo diskoa bezala, Saul Santolariarekin elkarlanean grabatu zuen, 2004. eta 2005. urteen artean, Untzetak Zenbat euri (Hirusta, 2006). Aurreko lanaren bideari jarraitzen dio Zenbat euri-k, beti ere Ipar Amerikako klasikoei begira, baina ezberdintasunak ere proposatzen ditu, batik bat hitzen aldetik. Gaua basamortuan-en “poetikaren estetikarekin, irudi askorekin” jokatu zuela adierazi zuen Untzetak diskoa kaleratu berritan. “Narratzailearen begirada barrualdera zegoen Gaua basamortuan diskoan. Orain begiradaren norabidea aldatu egin da. Narratzailea kanpora begira ari da” (4). Dani Merino (gitarra), Mikel Fernandez (teklatuak) Txomin Guzman (baxua) eta Juan Uriberekin (bateria) grabatu zuen diskoa, eta hainbat kolaboratzaile izan zituen: Bixente Martinez (mandolina), Alberto Rodriguez (mandolina eta guitarra akustikoa), Audience taldeko Gaizka Insunza (lap steel), Borja Barrueta (bateria) eta Pit Idoiaga (gitarra elektrikoa). Bestalde, Mikel Errazkinek eta Juan Bidegainek “Fortuna bitxia” kantuaren bideo-klipa egin zuten.
2011. urtean Mississippi (Gaztelupeko Hotsak) kaleratu zuen Untzetak, AEBetako herri musikaren lurraldean zehar egindako bidaia musikala. Blues akustikoko kantuak, ragtime eta country doinuak eta sustraidun kutsuko pop-rock konposizioak bildu zituen Untzetak lan horretan, Robert Johnson, Buddy Holly, Elvis Presley edota Hank Williamsen garai eta sorlekuari gorazarre eginez.
Seinaleak (Gaztelupeko Hotsak, 2014) da Markos Untzetaren azken diskoa. Bi aldaketa nagusi dakartza lan horrek: batetik, bakarka grabaturikoa da, beste inoren laguntzarik gabe, eta bestetik, Euskal Herriko errealitate hurbilari buruz abesten du Untzetak. Gatazka armatuaren, biolentziaren eta krisi ekonomikoaren biktimak dira kantuetako protagonistak.
Testua: Mikel Lizarralde
Egilea: Josu Eizagirre
Nork lagunduko
haizea alde ez denean?
Nork mendian gora
malda gogortzen denean?
Bakarrik zaudela
pentsatzen duzunean
etsita
begira alboan
hor duzu laguna
Nork babestuko
euria ari duenean?
Nork gau ilunean
hotzak jota zaudela?
Galduta zaudela
pentsatzen duzunean
etsita
begira alboan
hor duzu laguna
Bakarrik zaudela
pentsatzen duzunean
etsita
begira alboan
hor duzu laguna