Formatua: SG
Azala: X. Lorente
PARTAIDEAK
GENEROA
Herri kanta
Urtxintxa
1972 - Elkar
Formatua: SG
Azala: X. Lorente
PARTAIDEAK
GENEROA
Herri kanta
Elizan ernaldu zen Manex Pagolaren musika zaletasuna, txikitan. “Nire musika kontserbatorioa izan da”. Ondoren, Etxahun-Iruri eta Etxahun Barkoxeren kantuek Euskal Herririk bazela erakutsi zioten, eta, azkenik, Mixel Labegerieren diskoetan euskarazko sorkuntza modernoa eta garaikidea deskubritu zuen. Euskal kulturari ekarpena egin nahian, bertsoak idazten hasi zen, eta geroago, kantuak. 1957an Alegera taldean sartu zen, mendi irteerak egiteko eta antzerkia eta kantua herriz herriz eramateko. Hamar-hamabi laguneko talde hartan ziren, besteak beste, Joanes Borda, Beñat Sarasola, Gexan Alfaro eta Patxika Erramuzpe.
1965ean Gudalatz hirukoa osatu zuen, Beñat Sarasola eta Joanes Bordarekin. Geroago Guk taldea sortu zuten bi horiek. “Bokaleko lantegi batean aritzen ginen hirurok zaku garraiolari, elkarrekin bizi ginen Baionako pisu batean, eta herriz herri ibiltzen ginen. Gure asmoa zen tabernetan kantatzea, kantu herrikoiak eta gero gureak, abertzaleak… Gabonetan, 1968an, lantegiko nagusiari esan genion ez genuela lanik egingo kontzertu handi bat genuelako emateko Itsasondon, eta joan ginen. Handik bi egunera gutuna jaso genuen, lantegitik kanpo ginelako esanez” (1). Garai hartan sortu zituen Pagolak bere kantu ezagunenetako batzuk: “Urtxintxak”, haurrek udalekuetan abestu zezaten idatzitakoa, eta “Azken dantza”, soldadutzara zihoala egindakoa, esaterako.
Ez Dok Amairu taldeak Baga Biga Higa ikuskizunarekin izandako arrakasta ikusita, Ipar Euskal Herrian antzeko zerbait sortzea otu zitzaion Manex Pagolari 70eko hamarkadaren hastapenetan. “Guk ere ez ote dugu horrelako zerbait abiatzen ahal, sortzen ahal? Ikusteko gure entzuleak hobeki zerbitzatzen ditugula, eta gu kantariok poxi bat gehiago trebatzen, kantu edertiak aitzinatzen. Batzuk besten ondotik kantuz aritzea ez da segur bazter utzi behar…”, idatzi zuen Pagolak beste hainbat kantariri bidalitako gutun batean, 1971n. Horrela abiatu zen Zazpiribai ikuskizuna sortzeko bidea. Pagolarekin batera, Pantxoa Carrere eta Peio Ospital, Ugutz Robles-Arangiz, Iñaki Urtizberea, Patxika Erramuzpe, Benito Lertxundi, Xabier Lete eta Lourdes Iriondo bildu ziren egitasmo hartan. Bederatzi aldiz eman zuten, Donibane Garazin, Baionan, Hazpanen, Maulen, Hendaian eta Donibane Lohizunen. Arrakasta handia lortu zuten, eta zenbait lekutan birritan eman behar izan zuten ikuskizuna. “Guk bagenekien euskal kulturaren altxorra ederra dela. Euskal edertasun hori kantagintzarekin zerbitzatu nahi genion herriari. Lehengoa eta gaurkoa ez genituen aurka ematen”, esana du Pagolak (2).
1978an Kanta-bi ikuskizuna eratu zuen Martxelin, Joku eta Panpinekin. Entzuleekin kantuan une goxo bat pasatzea zen helburua. Horretarako, publikoa gonbidatzen zuten taulan abestera. Ordurako, kantagintza hartzen ari zen bideak kezkatzen zuen Pagola: “Batzuek eszena hartzen dute, eta herriarendako arrisku handia dira. Horrela jokatu nahi dutenek espektakulo hobea, beti eta hobeagoaren aitzakiaz, musika hobearen aitzakiaz, publiko ‘ikasiagoaren’ aitzakiaz, kopiatu besterik ez dute egiten; gure kultura zapaltzen dute, beste kultura zapaltzailearen kriterioak hartzen dituzte eta hortik heldu da gure herrian vedettak (beti artista ez direnak) sortzen ari direla”(4).
Bere kantuek besteek emanda harrera ona zutela ikusita, kantatzeari uztea erabaki zuen Pagolak, baina abestiak sortzen jarraitu zuen. Pantxoa eta Peio bikoteak abestu du Pagolaren kantu gehien, eta horietako batzuk oso famatu bihurtu ditu:”Urtxintxak”, “Kanta aberria”, “Azken dantza”, “Eñaut Bidegorri”, “Ttakolin” eta beste hainbat. Anje Duhaldek, Erramun Martikorenak, Maite Idirinek, Jean-Noel Bessonartek eta Martxel Bravek ere abestu dituzte baxenabartarraren kantuak. Pagolak bere kantutegiaren zati handi bat Biziaren altzotik liburuan bildu zuen (Baionako Euskal Erakustokiaren Adiskideak, 1988).
Musikatik kanpo, herrigintzan eta politikan ere engaiatu zen Pagola. 1968tik 1972ra bitartean Enbata mugimenduko kidea izan zen, Seaska elkartearen sorreran parte hartu zuen, eta Iparraldeko Eusko Alkartasuna alderdiko idazkari nagusia izan zen.
2018ko ekainaren 7an hil zen Manex Pagola, Baionan.
Testua: Jon Eskisabel