2018.06.07
Manex Pagola

Manex Pagola

  • 1941 - 2018
  • Landibarre (Behe Nafarroa)
  • Herri kanta

Atzera

Ortziken (Askoren artean)
 

Ortziken (Askoren artean)

1976 - Elkar


Ez da berria ene kantua(Hitzak eta doinua: Manex Pagola)
facebook iconfacebook icon
Nola biziko zen familia(Hitzak eta doinua: Manex Pagola)
facebook iconfacebook icon
Agur, etxekoak(Hitzak eta musika: Manex Pagola)
facebook iconfacebook icon

Formatua: LP


GENEROA

Herri kanta

Elizan ernaldu zen Manex Pagolaren musika zaletasuna, txikitan. “Nire musika kontserbatorioa izan da”. Ondoren, Etxahun-Iruri eta Etxahun Barkoxeren kantuek Euskal Herririk bazela erakutsi zioten, eta, azkenik, Mixel Labegerieren  diskoetan euskarazko sorkuntza modernoa eta garaikidea deskubritu zuen. Euskal kulturari ekarpena egin nahian, bertsoak idazten hasi zen, eta geroago, kantuak. 1957an Alegera taldean sartu zen, mendi irteerak egiteko eta antzerkia eta kantua herriz herriz eramateko. Hamar-hamabi laguneko talde hartan ziren, besteak beste, Joanes Borda, Beñat Sarasola, Gexan Alfaro eta Patxika Erramuzpe.

1965ean Gudalatz hirukoa osatu zuen, Beñat Sarasola eta Joanes Bordarekin. Geroago Guk taldea sortu zuten bi horiek. “Bokaleko lantegi batean aritzen ginen hirurok zaku garraiolari, elkarrekin bizi ginen Baionako pisu batean, eta herriz herri ibiltzen ginen. Gure asmoa zen tabernetan kantatzea, kantu herrikoiak eta gero gureak, abertzaleak… Gabonetan, 1968an, lantegiko nagusiari esan genion ez genuela lanik egingo kontzertu handi bat genuelako emateko Itsasondon, eta joan ginen. Handik bi egunera gutuna jaso genuen, lantegitik kanpo ginelako esanez” (1). Garai hartan sortu zituen Pagolak bere kantu ezagunenetako batzuk: “Urtxintxak”, haurrek udalekuetan abestu zezaten idatzitakoa, eta “Azken dantza”, soldadutzara zihoala egindakoa, esaterako.

Pagolak ez zuen sekula gustuko izan grabazio estudioko lana, eta, hortaz, disko gutxi grabatu zituen. Bi disko txiki baino ez zituen kaleratu bakarka, Elkar diskoetxearekin bata, 1972an, eta bestea Burgosko Prozesuan auzipetuei elkartasuna adierazteko, Goiztiri diskoetxearekin. Hala ere, horren aurretik, Graciane Hastoyk Pagolaren lau kantu grabatu zituen Jeik’adi Euzkadi disko txikirako (Goiztiri, 1969): “Agur munduari”,”Gurea da”, “Ttakulin” eta “Jeik’adi Euzkadi”.

Ez Dok Amairu taldeak Baga Biga Higa ikuskizunarekin izandako arrakasta ikusita, Ipar Euskal Herrian antzeko zerbait sortzea otu zitzaion Manex Pagolari 70eko hamarkadaren hastapenetan. “Guk ere ez ote dugu horrelako zerbait abiatzen ahal, sortzen ahal? Ikusteko gure entzuleak hobeki zerbitzatzen ditugula, eta gu kantariok poxi bat gehiago trebatzen, kantu edertiak aitzinatzen. Batzuk besten ondotik kantuz aritzea ez da segur bazter utzi behar…”, idatzi zuen Pagolak beste hainbat kantariri bidalitako gutun batean, 1971n. Horrela abiatu zen Zazpiribai ikuskizuna sortzeko bidea. Pagolarekin batera, Pantxoa Carrere eta Peio Ospital, Ugutz Robles-Arangiz, Iñaki Urtizberea, Patxika Erramuzpe, Benito Lertxundi, Xabier Lete eta Lourdes Iriondo bildu ziren egitasmo hartan. Bederatzi aldiz eman zuten, Donibane Garazin, Baionan, Hazpanen, Maulen, Hendaian eta Donibane Lohizunen. Arrakasta handia lortu zuten, eta zenbait lekutan birritan eman behar izan zuten ikuskizuna. “Guk bagenekien euskal kulturaren altxorra ederra dela. Euskal edertasun hori kantagintzarekin zerbitzatu nahi genion herriari. Lehengoa eta gaurkoa ez genituen aurka ematen”, esana du Pagolak (2).

Zazpiribai

‘Zazpiribai’ ikuskizuna landu zuten musikariak. Eskuinetik lehenengoa da Manex Pagola.

Zazpiribai-rekin hasitako bideak jarraipena izan zuen Ortziken ikusgarriarekin. Orduan, kantariak (Eneko Labegerie, Pantxoa eta Peio, Iker Robles-Arangiz, Maribel Etxezaharreta, Maite Idirin, Patxika Erramuzpe, Pagola bera…), bertsolariak (Xalbador, Xanpun, Mattin, Igarzabal) eta txalapartariak (Iñaki Urtizberea, J.C. Larzabal…) bildu ziren, eta disko bat ere grabatu zuten, 1976an. Ortziken-en emanaldiek polemika piztu zuten, zenbait kanturen hitzak zirela medio (“Parisen eta Madrilen” Mixel Labegeriek idatzitako kantukoak kasu…). “Zazpiribai baino politikoagoa zen. Egun batean Durangon eman genuen Ortziken. 200.000 pezeta kobratzen genituen, eta antolatzaileek eman zizkiguten beste 200.000 pezeta, eta ez genuen hartu, esan genuen presoei eta behar zutenei emateko. Kriston jende pila etorri zen. Gero problema batzuk sortu ziren gure artean, kantari batzuk aldegin zuten, amaitzea eskatu zuten” (3).

1978an Kanta-bi ikuskizuna eratu zuen Martxelin, Joku eta Panpinekin. Entzuleekin kantuan une goxo bat pasatzea zen helburua. Horretarako, publikoa gonbidatzen zuten taulan abestera. Ordurako, kantagintza hartzen ari zen bideak kezkatzen zuen Pagola: “Batzuek eszena hartzen dute, eta herriarendako arrisku handia dira. Horrela jokatu nahi dutenek espektakulo hobea, beti eta hobeagoaren aitzakiaz, musika hobearen aitzakiaz, publiko ‘ikasiagoaren’ aitzakiaz, kopiatu besterik ez dute egiten; gure kultura zapaltzen dute, beste kultura zapaltzailearen kriterioak hartzen dituzte eta hortik heldu da gure herrian vedettak (beti artista ez direnak) sortzen ari direla”(4).

Bere kantuek besteek emanda harrera ona zutela ikusita, kantatzeari uztea erabaki zuen Pagolak, baina abestiak sortzen jarraitu zuen. Pantxoa eta Peio bikoteak abestu du Pagolaren kantu gehien, eta horietako batzuk oso famatu bihurtu ditu:”Urtxintxak”, “Kanta aberria”, “Azken dantza”, “Eñaut Bidegorri”, “Ttakolin” eta beste hainbat. Anje Duhaldek, Erramun Martikorenak, Maite Idirinek, Jean-Noel Bessonartek eta Martxel Bravek ere abestu dituzte baxenabartarraren kantuak. Pagolak bere kantutegiaren zati handi bat Biziaren altzotik liburuan bildu zuen (Baionako Euskal Erakustokiaren Adiskideak, 1988).

Musikatik kanpo, herrigintzan eta politikan ere engaiatu zen Pagola. 1968tik 1972ra bitartean Enbata mugimenduko kidea izan zen, Seaska elkartearen sorreran parte hartu zuen, eta Iparraldeko Eusko Alkartasuna alderdiko idazkari nagusia izan zen.

2018ko ekainaren 7an hil zen Manex Pagola, Baionan.

Testua: Jon Eskisabel

  • (1) Haiek garaiak! saioa, Euskadi Irratia
  • (2) Berria, 2008ko apirilaren 19a
  • (3) Euskal kantagintza berria. 1961-1985 (Pako Aristi, Erein)
  • (4) Argia, 802. zenbakia, 1978