Formatua: CD
Iraupena: 44' 44"
Argi kodea: Triki KD-432
PARTAIDEAK
GRABAZIOA
Elkar estudioa
SOINU TEKNIKARIA
Jean Phocas
MOLDAKETAK
Maixa ta Ixiar, Jorge Gonzalez
LAGUNTZAILEAK
EKOIZLEA
Juan Carlos Perez
GENEROA
Triki-popa
Uhinez uhin
1996 - Elkar
Formatua: CD
Iraupena: 44' 44"
Argi kodea: Triki KD-432
PARTAIDEAK
GRABAZIOA
Elkar estudioa
SOINU TEKNIKARIA
Jean Phocas
MOLDAKETAK
Maixa ta Ixiar, Jorge Gonzalez
LAGUNTZAILEAK
EKOIZLEA
Juan Carlos Perez
GENEROA
Triki-popa
1989an hasi ziren elkarrekin jotzen Maixa Lizarribar (Altzo, Gipuzkoa, 1971) eta Ixiar Oreja (Andoain, Gipuzkoa, 1974). Herri txikietako erromerietan egin zituzten lehen emanaldiak, anplifikatu txiki baten laguntzaz: ehun baino gehiago urtean. 1993an, Elkar diskoetxeak beste trikitilari bikote batekin —Iker eta Larraitz Goenaga anai-arrebekin— disko partekatu bat grabatzeko aukera eman zien. Bi bikoteak Euskal Herriko Txapelketa Nagusiko finalera sailkatu ondoren egin ziren ezagunak.
Arin-arin, fandango eta porrusaldaz gain, bossanova eta country doinuak jorratu zituzten Maixak eta Ixiarrek lehen lan hartan, Texas Tornados eta Jambalaya taldeen moldaketa bana egiteaz gain, eta berehala arrakasta lortu zuten “Iluntzean” kantuarekin. Hala ere, hiru urte igaro ziren lehen disko luzea kaleratu zuten arte. Uhinez uhin (Elkar, 1996) laukote formatuan grabatu zuten, Garbiñe Sagastibeltza (baxua) eta Marie-Helene Guillaume (bateria) taldekide berriekin, eta Juan Carlos Perez abeslari eta musikariak (Itoiz) ekoitzi zuen. Hortaz, disko horretan oinarri erritmikoa sendotu egin zuen bikoteak, eta modu bereziz zaindu zituen moldaketak. Kantuak konposatzerakoan, beste musikari batzuen laguntza jaso zuen bikoteak: Jexuxmai Lopetegi (Akelarre), Xanet Arozena (Egan), Mikel Garikoitz eta Jorge Gonzalezena, esate baterako. Halaber, Argentinako Los Fabulosos Cadillacs taldearen abesti bat (“Te tiraré del altar”) moldatu zuten, “Eguna jaio arte”. Erromerietan eskaintzen zutenaren laburpen zabala osatu nahi zuen bikoteak lehen diskoan. Reggae, Mexikoko musika, funk, pop eta ska doinuak batu zituzten fandango, arin-arin eta kalejirekin. Garai hartan, 130 emanaldi inguru egiten zituen bikoteak urtean, baina urteak pasa ahala plaza kopurua murriztuz joan zen taldea, diskoak ondo prestatzeko eta arnasa hartzeko.
Taldea zabaldu egin zen hurrengo diskoan. Garbiñe Sagastibeltzak zenbait kantu sortu zituen Mantalgorri diskorako (Elkar, 1997), eta, taldearen izena aldatu ez bazen ere, taldekide finko bihurtu zen. Taldea sendotzea ekarri zuen bigarren disko luzeak: ahotsetan lan handiagoa egin zuten, hiru taldekideen dohainei etekina ateraz; abesti bakoitza erritmo jolas bat izan zedin saiatu ziren; eta, horrez gain, ekoizpen lana beren gain hartu zuten. Hitzak, berriz, aurreko lanetan baino serioagoak dira kantu batzuetan, heriotza, itxurakeria eta agintearen boterea baitituzte hizpide. Lehen singleak, “Bexamela ta pastela”-k, arrakasta ikaragarria ekarri zion taldeari 1997ko udan.
Disko hura amaitu bezain laster, zuzenekoetarako gitarrista eta bateria jotzailea aurkitu zituen taldeak: Joseba Irazoki eta Igor Telletxea, hurrenez hurren. Biak Bera herrikoak (Nafarroa). Hortaz, bi urtez elkarrekin jotzen aritu ostean, haien ekarpena nabaritu zen Maixa ta Ixiarren hirugarren diskoan: Solasin (Elkar, 1998). Soinu txikia kantu guztietan agertzen den arren, taldearen diskorik poperoena da, eta erromerietako kutsua aurrekoetan baino askoz txikiagoa da. Badu bere arrazoia: zenbait kantu Joseba Irazokik konposatu zituen (“Nere debilidadea”, “Mikele”, “Begi handia”, “Zuri so”), eta diskoaren ekoizpen artistikoa Mikel Irazokik (M-ak, Bizkar Hezurra) zuzendu zuen. “Mikele” kantua Espainiako Musikaren Sarietarako hautagai izendatu zuten, euskarazko kantu onenaren atalean, eta diskoak kritika onak jaso zituen oro har, baina taldearen jarraitzaile askori handiegia gertatu zitzaien aldaketa.
Urtebete pasa baino lehenago, 1999ko urrian, taldea desegiteko erabakia hartu zuten. “Hamaika urteotakoa mundiala izan da, benetan, baina uste dugu etapa bat bete dela eta orain dela aldatzeko unea. Ez dakigu aldatuko garen, baina aldatzeko aukera behintzat izan nahi dugu”, azaldu zuten ¹. Azken kontzertua 1999ko abenduaren 30ean eman zuten, Andoainen.
14 urte geroago, 2013ko maiatzaren 4an, Itziarko (Deba, Gipuzkoa) erromeria egunean parte hartu zuten Maixa Lizarribarrek eta Ixiar Orejak bikote gisa, baina egun jakin horretarako bakarrik elkartu ziren bi musikariak.
Maixa Lizarribarrek bakarkako disko bat kaleratu zuen, Sentitzen naiz (Elkar, 2002), jazz musikariekin grabatuta. Geroztik, Gose taldearekin kolaboratu du, eta trikitia irakasten jarraitzen du Altzon, Arrasaten eta Gasteizen.
Ixiar Orejak telebistan egin du lan, ETBko Karaoke eta Barrebusa haur saioak aurkezten, baina agertokietatik kanpo jarraitzen du. Hala ere, ahotsak grabatu ditu hainbat diskotan, Maixa Lizarribarrekin batera: Atlantic River eta Ikaro (Juan Carlos Perez), Soinugorri (Iker Goenaga), Arren erro zaharra (Betagarri), Itsas zabalean (Ganbara), Leonen orroak (Kepa Junkera eta Ibon Koteron)…
Garbiñe Sagastibeltzak baxua jo du hainbat artistarekin: Antoni O’Breskey & J.A. Irigarai, Alboka, Kepa Junkera…
Testua: Jon Eskisabel