Lurdes Iriondo (Donostia, 1937 – Urnieta, Gipuzkoa, 2005) sortzez donostiarra zen, baina bere burua urnietartzat jotzen zuen. Hamaika anai-arreba ziren iriondotarrak; horietatik Lurdes bigarrena zen. Zazpi urte zituenean, familia osoak Urnietara egin zuen, eta han eman zituen haurtzaroa eta gaztaroa. Euskara Lurdes Iriondoren ama hizkuntza zen, baina anai-arrebengan gero eta handiagoa zen erdararekiko joera. Mojetan ikasi zuen Iriondok, hasieran Urnietan, gerora Donostian. Moja frantsesak ziren, eta frantsesez egin behar izaten zuten ikastetxean.
Iriondo gazteak behartsuak lagundu nahi zituen; hori zela eta, hemeretzi urterekin Gasteizko Misioneras Seculares elkartearen formazio etxean sartu zen, misiolari lanetarako prestatzeko asmoz. Ez zuen ametsa betetzeko aukerarik izan, handik urtebetera bihotzeko eritasun larria diagnostikatu baitzioten. Hortik aurrera, zorrotz zaindu behar izan zuen osasuna. Gaixotasunaren ondorioz, etxean egotera behartuta egon zen denboraldi luzez. Garai hori aprobetxatu zuen haurtzarotik gogoko zuen musikagintzan trebatzeko.
Izan ere, txikitatik izan zuen musikarekiko zaletasuna; ahots gozoa eta garbia zuen Iriondok, eta familia giroan abesti zaharrak kantatzen zituzten askotan. Urnietako txistulari taldean ibili zen, eta Donostiako akademia batean zazpi urtez aritu zen opera eta kantua ikasten. 1964an, aitak oparitutako gitarrarekin hasi zen Cecilio Espada irakaslearekin eskolak hartzen. Aurretik hasia zen bere kantuak egiten; kutsu erlijiosokoak ziren horietako asko, baita euskara eta euskal kulturaren ingurukoak ere. Abesti gehienak lagunek, tartean Joseba Zugasti Urnietako apaiza, moldatzen edo euskaratzen zizkioten, orduan ez baitzen gai sentitzen euskaraz konposatzeko.
Jendaurreko lehen emanaldia 1964an egin zuen, Andoainen, ikastolaren alde egin zen kantaldi batean. Arrakasta handia lortuta, Tolosa eta Villabonan abestu zuen gero. 1965ean Aizarnan egiten zen Gazteriaren Egunean kantatu zuen, eta hor ere arrakasta handia lortu zuen. Berehala, Joxe Mari Iriondokazetari eta lehengusuaren eskutik, Loiolako Herri Irratirako hainbat kantu grabatu zituen, eta horiek emititzen hasi ziren. Entzuleen hainbat kritika jaso zituen arren, besteak beste gitarra espainolarekin euskaraz abesterik ez zegoelako, oso ezagun egin ziren Lurdes Iriondoren ahots eta doinuak. Handik aurrera, Euskal Herriko txoko guztietan ibili zen kantari. 1965ean, berrogei kantaldi inguru eskaini zituen. 1967an, berriz, 170 kantaldi inguru izan ziren. Orduan izan zituen lehen arazoak zentsurarekin. “Ez gaude konforme“, “Askatasuna zertarako“, “Nire erria” eta gisakoak kantaldietan abesteko baimena jaso behar zuen, eta hainbatetan moldaketak egin.
Garai hartako Euskal Herrian ez zen batere ohikoa emakume bat oholtza gainean agertzea, gitarra eskuetan zuela. Luze gabe hasi ziren kantari berriarentzat goitizenak agertzen. Euskal Herriaren nobia, Euskal Herriko Joan Baez eta Ez Dok Amairuko musa deitu izan zaio Lurdes Iriondori. Jose Angel Irigarairen esanetan, “jendea ez da konturatzen zer zen Lurdes Iriondo 60ko hamarkadan. Eszenatokian transformatu egiten zen, ikaragarria zen, eta jendea liluratuta gelditzen zen” (1).
Nolanahi ere, urtetik urtera Lurdes Iriondoren kantagintza gero eta konprometituagoa ari zen bihurtzen. Honela azaldu zuen bilakaera: “Bear bada, lehenago abestia gauz polit bat bezela konsideratzen zen. Esakizun aundirik gabeko gauz ariƱ bat bezela. Gaur berriz, esakizun aundiak ditu herriari kantatzen zaion abestiak. Beste kontzientzi batekin kantatzen da gaur. Herriaren problemak kantatzen dira…” (2). 1968. urtean, diskoetxe beraren eskutik, beste disko txiki bat eman zuen argitara. Hor zeuden lau kantek argi erakusten zuten urnietarraren bilakaera: “Lin-Pan mendia”, “Askatasuna zertarako“, “Nire erria” eta, batez ere, garaiko ereserki bihurtu zen “Ez gaude konforme“.
Ez zen 1968ko uzta bakarra izan. Disko luze bat argitaratu zuen,Kanta zaharrak (Belter, 1968), Resurreccion Maria Azkuek bildutako kantutegitik aukeratutako ale zaharrekin. Urte hori ere garrantzitsua izan zen Iriondorentzat, Xabier Leterekin ezkondu zelako. Hurrengo urtean, disko txiki bat argitaratu zuen bikoteak. 1969an, beste bi disko txiki eman zituen argitara Iriondok, horietako bat haurrentzako abestiekin: Aur kantak. 1974an argitaratutako Lurdes Iriondo disko luzea (Artezi) eta 1976an Xabier Leterekin ateratako bilduma izan ziren grabatutako azken lanak. Haren heriotzaren ostean, Antologia bilduma argitaratu zuen Elkar diskoetxeak 2006an.
1978an Hernaniko Galarreta pilotalekuan Xabier Lete, Antton Valverde eta Pantxoa eta Peiorekin batera egindako kontzertua izan zen Lurdes Iriondoren azkenengo emanaldia. Garai hartan aldaketa handiak gertatzen ari ziren gizartean eta kulturgintzan, eta Iriondo ez zen oso eroso sentitzen. Horrez gain, osasun makalegia zuen kontzertuz kontzertu ibiltzeko. Handik aurrera, literatura, ikastola eta parrokia izango ziren Iriondoren zeregin nagusiak. Haurrekin zaletasun berezia zuen, eta haientzako hainbat liburu argitaratu zituen: Martin arotza eta Jaun deabrua. Sendagile maltzurra (Gero, 1973), Asto baten malura (Gero, 1975) eta Buruntza azpian (Gero, 1975). Bi narrazio liburu ere kaleratu zituen: Hego-haizearen ipuinak (Gero, 1973) eta Lotara joateko ipuinak (Erein, 1983).
Haurrekin Buruntza antzerki taldea antolatu zuen Urnietan, eta hainbat antzezlan idatzi eta zuzendu. Horietako bat, Fabrika berria, 1977an estreinatu zen. Herriko parrokian ere lan handia egin zuen urte horietan guztietan. 2005eko abenduaren 27an hil zen, 68 urte zituela. Hil ostean hainbat omenaldi egin zitzaizkion. Urnietako parke batek Lurdes Iriondoren izena hartu zuen, eta bertan paratu zuten Jose Ramon Andaartistakharen omenez egindako eskultura.
Testua: Gontzal Agote
Herenegun goizetik maitea zen hilla,
kalera irten nintzen Jainkoaren bila
nerekin aurrez aurre esplika zedila,
behingoz utzi zezala zeruko isila.
Zutaz, maite, egina dut galde. (bis)
Bakardade haundi bat neukan bihotzean,
negar egiten nuen zutaz oroitzean.
Galdera egin nuen etsipen hotzean,
gizonok nora goaz mundutik hiltzean?
Orduak pasa ziren, ezer ez nun entzun,
nik ez dakit, maitea, konprenditzen duzun,
arratsaren ilunak eguna bildu zun,
Jainkoak inundikan ez zidan erantzun.
Etxeruntz nindoala pentsatutzen nuan
Jainkoa ez da bizi gizonen onduan,
urruti zegok hura han bere zeruan
gu bakarrik utzirik umezurtz munduan.