2022 - Elkar
PARTAIDEAK
PARTAIDEAK
PARTAIDEAK
90eko hamarkadaren hastapenetan, arreta piztu zuen Asier Serranok (Eibar, Gipuzkoa, 1975). Lubaki Banda literatur taldeko kide izan zen, artean oso gazteak ziren beste zenbait idazlerekin batera: Harkaitz Cano, Garikoitz Berasaluze, Xabier Aldai, Xabier Gantzarain… Poesia da Serranok betidanik jorratu duen esparrua, eta hura jendearengana eramateko kezkak bultzatu zuen musikan ere aritzera. Poesiaren herritartzeko gaitasunari buruzko jarrera ezkorra agertu zuen elkarrizketa batean: «Batere kasurik ez dio egiten jendeak poesiari. Gainera, nire ustez, hala izan behar du. Poesia subnormalentzat da. Ni ere poesia errezitaldietan asko aspertzen naiz. Poesiak minorizatua eta minoritarioa izan behar du» (1). Poesia eta musika nahasteko hainbat ahaleginetan aritu zen, Hilakotz taldearekin Ane gutun galdua errezitaldia sortu eta maketa grabatu zuen, baina saio arrakastatsuena Mikel Markez kantariarekin eta Joxemari Karrere ipuin kontalariarekin ondutako Igurtzi nazazu berriro, laztana ikuskizuna gertatu zen.
1994. urtean, EH Sukarra taldearekin kolaboratzen hasi zen. Hain zuzen, Garaien laberintoan diskoan (Esan Ozenki, 1994) hitz gehienak Serranok idatzi zituen, eta hala gertatu zen Eibarko taldearen hurrengo diskoetan ere. Hortaz, EH Sukarrako buru Mikel Gorosabel Norton-ek eta Serranok elkarlana zabaltzea erabaki zuten; Serranoren poesia errezitaldietan teklatua jotzen eta musika sortzen hasi zen Norton, eta, azkenean, Lorelei prestatu zuten. Serranok argitaraturiko Bada hiri gorri bat poema liburutik abiatu zen Lorelei lehen kantuak egiteko. «Emakumearen ezpain gorrien irudia hartu dugu Loreleirentzat, ez maitasun perfektoaren gisa, morboaren eta gogoaren inguruan kokatuta baizik» (2). EH Sukarraren rock gogorrarekin zerikusirik ez zuen poema horietarako Nortonek sortutako musikak, eta 80ko hamarkadako pop taldeen soinutik gertu zegoen. Pop musika lasai eta erromantikoa morbo eta gau giroarekin nahastu nahi zuen Loreleik. Berehala grabatu zuten lehen diskoa, Bada hiri gorri bat (Gaztelupeko Hotsak, 1997), bi taldekide gehiagorekin -Jon Maza (bateria, Estigia) eta Mikel Irisarri (baxua, Katarro) -, eta hari eta haize moldaketekin. Harrera polita izan zuen lanak, beharbada pop doinuen gose zegoelako euskarazko musikaren kontsumitzailea. Horren ondorioz, egitasmoari jarritako urtebeteko epea luzatzea erabaki zuen taldeak.
Lehen diskoa aurkezteko Euskal Herria osoa zeharkatu ostean, luze gabe bigarren lanerako kantuak prestatzeari ekin zioten, eta Tatuatu zenidan zerua heldu zen (Gaztelupeko Hotsak, 1999). Bakardadeari eta zoriontasunari buruzko lan horretan, soinua gogortu egin zuen taldeak, baina, hala ere, hitzek jarraitzen zuten izaten garrantzi handiena: «Diskoa hitz ederrez josten saiatu gara, jendea ohi dadin Lorelei ez dela bakarrik musika talde bat, horren atzetik badagoela poesia eta musika lotzen dituen lan bat» (3).
Bigarren diskoa plazaratu eta gero, banandu egin zen taldea, baina, geroztik, Serranok hiru disko kaleratu ditu bere izenean: Ez esan inori (Gaztelupeko Hotsak, 2002), Gerrari bai (Oihuka, 2003) eta Hoteleko kantuak (Oihuka, 2005). Bere hitzak hainbat talde eta abeslarik erabili dituzte kanturako: Gari, Exkixu, Eraso!, Jexuxmai Lopetegi, Tapia eta Leturia Band, Patxi Saiz…
Testua: Jon Eskisabel
2022
ABESTIAK:
Egin arraun
Non zabiltza
Kristalezko oihana
Erre da hiri gorria
Bi herensuge
Ekografiak
Ipar haizea
Ilargiaren etorbidea
Uso beltz migrariak
Gorpua
ABESTIAK:
Bigarren gezia
Karminen urratsak
Nahia (gari artean jaiotako haurra)
Badira oraindik
Deitudan hik arren
Trena iristen ari da
Eden debekatuetan
Tatuatu zenidan zerua
Izen gabearen lurrak
Eguzkia altxatzean
1997
ABESTIAK:
Bada hiri gorri bat
Nahia paradisuan
Lorelei heriotzean
Afrika beltzean
Lorea basamortuan
Ophelie Parisen
Itsaso zuloan
Kasiopea Bilbon
Naizena nigan
Hiri gorri honetan