PARTAIDEAK
1992 - Elkar
PARTAIDEAK
Irun aldean (Gipuzkoa) sortu zen Les Mecaniciens, 90eko hamarkadaren hastapenetan. Jabier Muguruzak (akordeoia eta koruak) haurrentzako disko bat kaleratu zuen hilabete batzuk lehenago, Ja, ja (IZ, 1989), baina ordurako beste estilo bateko kantuak eginda zituen, musikalki erritmo beroetara emanak eta hitzetan satiratik gertu zeudenak. Hain zuzen, «zirikatzeko» sortu zuen Les Mecaniciens, epe luzeko proiektua izateko asmoarekin. Hainbat musikariz inguratu zen, horietako batzuk Ja, ja-n parte hartutakoak zirenak: Satur Babon, Jean-Louis Hargous eta Carlos Hipolitok osatutako haize atala, Ane Irazu abeslaria, Iban Zugarramurdi bateria jotzailea (Su Ta Gar, Baldin Bada, …) eta Gorka Orrantia baxu jotzailea. Euskaraz ‘mekanikoak’ hitza esan beharrean beti frantsesezko mecaniciens erabiltzen zuen Ipar Euskal Herriko lagun bati hartu zioten talderako izena.
Berehala eman zuten argitara lehen diskoa, Erabakia (Elkar, 1991). Satira eta umorea erabiliz, Euskal Herriaren egoeraren «kritika ironikoa» egin nahi zuen Les Mecaniciensek. «Esango nuke ez direla idiotentzat eginiko hitzak. Une honetan musikan entzuten diren hitz asko eta asko lotsagarriak dira. Gure asmoa izan da alor hau bereziki zaintzea», azaldu zuen Muguruzak (1). Musikalki ere bere aire bat ekarri zion euskarazko kantagintzari, Afrikako eta Hego Amerikako erritmoak, rocka, jazza eta pop musika nahastuz.
Hurrengo urtean kaleratu zuen bigarren lana, Ia xoragarria (Elkar, 1992). Oraingo honetan taldearen txantxarako gogoa izenburutik bertatik antzeman zitekeen, Euskal Herriaz ari baitzen. «Satira eta umorea landuz beste ikuspegi bat ematen saiatzen gara, orain arte eman den ikuspegi dramatikotik kanpo» (2). Juanjo Falcon (baxua), Jose Luis Aristi (tronboia) eta Iñaki Sebastian (bateria) batu ziren taldera disko horren grabazioan. Berriz ere Jabier Muguruzak sortu zuen musika gehiena, baina hitzetan beste idazle batzuen ekarpen handia jaso zuten: Iñaki Irazu, Joxemari Iturralde, Xabier Lete… Ja, ja diskotik kantu bat berreskuratu zuen Muguruzak lan horretarako, “Gure aitona”, baina oraingoan Eduardo Galeano idazle uruguaiarraren hitzak erabilita.
Epe luzeko proiektua zena, ordea, hirugarren diskoarekin ahitu zen, kontzertu eskasiak eta bakarkako bidea ibiltzen hasteko Jabier Muguruzaren erabakiak eraginda. Horrela, Euskadi, jende gutxi-k (Esan Ozenki, 1993) taldearen agurra ekarri zuen. Berriz ere ironia ageri da izenburuan, eta alderdi musikalean, jazzaren eragin handiagoa dago disko honetan, Lester Bowie tronpetista handia zenaren bertsio bat barne, “Lester reggae“. Halaber, hitz gehienak Iñaki Irazuk eta Bernardo Atxagak idatzitakoak dira. Geroztik, Irazuk hainbat kantu idatzi ditu Jabier Muguruzarentzat.
Testua: Jon Eskisabel
1993
ABESTIAK:
Euskadi, jende gutxi
Ene jaka zaharra
Soomaliya
Lester reggae
Kontestadore alua
Desioren zapatak
Kabinako aitona
Agirre
Sehaska kanta (sagarrondo ttipi bati)
1992
ABESTIAK:
Harria bezain mutu
Haize idiota
Ene printzesa ttipi
Frichti
Ia xoragarria
Gure aitona
Bezugo
Haurrak haunditzen doaz
1991
ABESTIAK:
Gure turista
Bizitza bi
Erabakia
Hi bezala
Ez dago fiatzerik
Asmakizuna
Etxe eskubidea
Siga Rusga