Lau Behi taldea 1994ko udan sortu zuten Mikel Azpiroz (gitarra, hammond organoa eta ahotsa), Alberto Bosch (baxua), Juanra Etxaburu (bateria) eta Txenan Calvok (gitarra). Donostiako pop eta blues taldeetan aritutakoak ziren horietako batzuk, Blues Stop, Los Patos eta Speed taldeetan esaterako, eta gisa horretako doinuak jorratzeko osatu zuten talde berria. Donostia inguruko taberna eta areto txikietan emanaldi ugari egin ondoren, berehala argitaratu zuten lehen diskoa, Lau behi (IZ, 1995). Hammond organoa, pianoa eta gitarra elektrikoaren gainean eraikitako rock&roll eta rhythm&blues kutsuko kantuak aurkezten zituen laukoteak estreinako lan hartan. Daniel Lazerus soinu hartzaile estatubatuarrak grabatu zuen diskoa; Joe Cocker, Violent Femmes edota Mike Oldfieldekin lan egindakoa da Lazerus. Gehienbat Gipuzkoan izan zuen oihartzuna diskoak, eta bertan eman zituen kontzertu gehienak, tarteka Bizkaira, Nafarroara eta Ipar Euskal Herrira atera arren.
Bigarren diskoari heldu aurretik, hiru kantu grabatu zituen Txakun taldearekin partekatutako Merke & ona EPrako (IZ, 1996). Udan bi taldeen promozioa egiteko helburuz kaleratu zuen IZk disko konpaktu labur hori. Lau behi-bi (IZ, 1996) aurrekoa baino gitarreroagoa gertatu zen; kantuak landuagoak eta jantziagoak zeuden, eta rhythm&blues musikaren eraginari eusten zion (Allman Brothers, Steve Ray Vaughan…), baina funk eta country ukitu koloretsuak ere erakusten zituen. Kontzertuz kontzertu, ahoz aho, pixkanaka-pixkanaka taldearen izena hedatuz joan zen, betiere Euskal Herrian garai hartan gehien entzuten ziren musiken estiloetatik kanpo egon arren.
Taldeak kontzertuetan etenaldia egin zuen 1998an, hurrengo lana prestatzeko. Tarte horretan Txenan Calvok taldea utzi zuen, ez baitzuen oso gustuko estilistikoki hartzen ari zen bide berria. Izan ere, power-pop aldera jotzen zuten Lau Behiren kantu berriek, indarra melodietan jarriz. Lan berria kaleratzeko proposamenari IZk entzungorrarena egin ostean, Oihuka diskoetxeak argitaratu zuen Lau Behiren azken lana: Emakume interesgarriak (2000). Diskoan Joseba Tapiakkolaboratu zuen, besteak beste. Mikel Azpirozek horrela azaldu zuen disko horren aldaketa nagusia: “Lehen, abestia gure zerbitzura jartzen genuen, gure posibilitateetara eramaten genuen, baina orain gure posibilitateak abestira moldatu ditugu… Heldutasun batera iritsi gara, unidade batera kontzeptu aldetik; energia guztia abestiaren blokera eraman dugu eta bloke indartsu bihurtu dugu. Orain lortu dugu Lau Behiren nortasunik sakonena”. Kantu zuzenak, apaingarri gutxikoak eta melodikoak biltzen ditu Lau Behin azken lanak.
Lau Behiko taldekideetatik Mike Azpirozek egin du ibilbiderik oparoena musikan. Estudioan zein zuzenean hainbat talde eta bakarlarirentzat lan egiteaz gain (Jabier Muguruza, Negu Gorriak, Anari, Anje Duhalde, Parafünk, The Waifs…), Elkano Browning Cream taldeko partaide eta konpositorea da, eta bakarkako disko bat argitaratu du, Gaua (Mamusik, 2013). Halaber, Jabier Muguruzaren zuzeneko bikotekidea da. Alberto Bosch Parafünk-eko kidea izan zen, eta ondoren Hotel eta Triz3ps taldeetan aritu zen. Juanra Etxaburuak The Window Ventanas taldean jo zuen, eta harekin Naizitenjan diskoa grabatu zuen (Canton Records, 1997).
Gaur egun, Lau Behiko hiru kide ohik —Alberto Bosch, Txenan Calvo eta Juanra Etxaburuak— Hot Potato Blues Band osatzen dute, Gorka Azpiroz abeslariarekin batera.
Testua: Jon Eskisabel
Lantokiko hiru emakumek nere gorputza nahi dute
Begirada hiltzaileak eta komentario zikinak
Harrapatzen banaute sartzen naute gela ilun batean
Eta han gertatzen dena gero apaizari nola esan
Zer eingo det
Zer eingo det
Ai AMA
Ai AMA
Egoera honen amaiera zein izango da
Kriston anemia sortu zait ta eztauket indarrik
Egunetik egunera hezurretan gelditzen ari naiz
Eta orain beste hiru neska omen datoz lanera
Zer eingo det
Zer eingo det
Ai AMA
Ai AMA
Ai AMA
Ai AMA