Latzen heavy metal taldea Oñatiko lau gaztek osatu zuten, 1993. urtean. Garai hartan, Gorka Lazkano (bateria jotzailea), Joxemari Azpitarte (baxua) eta Aitor Uriarte (ahotsa) ikasgela berean zeuden, eta Aitorrek beste jarduera batzuetatik ezagutzen zuen Iker Martinez de Zuazori (gitarra jotzailea) taldera batzeko esan zion. Hamasei urte baino ez zituzten. Laukotea osatuta, Hor Konpon taldearen entsegu lokalean sartu ziren. Lehen kontzertua, 1993ko abenduan egin zuten, Oñatiko Ongi tabernan. Hurrengo hilabeteak entsegu lokalean abestiak sortzen eta kontzertuak ematen pasa zituzten.
1995. urtean, lehen maketa atera zuten, Heriotzari deika izenekoa. Sei abestiz osaturiko lehen grabazioak sekulako arrakasta izan zuen Euskal Herriko gazteen artean. Denbora gutxian 2.000 ale inguru saldu zituzten. Hori ez ezik, laukoteak Euskadi Gaztearen entzuleen saria eskuratu zuen, eta Egin Txotx! lehiaketa irabazi zuen. Bi lorpen horiei esker, taldearen musika dezente hedatu zen, batez ere irrati uhinen bitartez. Taldearen heavy doinu indartsuak oihartzuna izan zuen. Era berean, Oihuka diskoetxearen interesa piztu eta aurreneko diskoa grabatzeko aukera eman zien. Horrela, 1996an Kontzientzia ala infernua estreinako diskoa plazaratu zuten. Zinez metalzalea. “Bat gehiago”, “Hiesa ihes” eta “Ze ingo xu” kantuek eta irratian mila bider errepikatu zuten “Laztana” baladak areagotu egin zuten Oñatikoen arrakasta. Urte hartan jende ugari joan zen Latzenen kontzertuetara. Adibidez, Bilboko Aste Nagusian Gas plazan emandako zuzenekoa jendetsua izan zen.
1997. urte bukaeran, taldea atseden hartu eta bigarren lana prestatzen hasi zen. Urtebete geroago, Ardi larruz (Oihuka, 1998) argitaratu zuen. Atseden txikiaren ondorengo pausoa. Gipuzkoarrek euren musika gogortu, eta, aldi berean, moteldu egin zuten. Metal pausatuago eta pisutsuago baten alde egin zuten. Gipuzkoarren bigarren lanak ere harrera beroa izan zuen, hala jarraitzaile nola salmenten ikuspuntutik. Aurkezpen kontzertua Chiapasen aldeko mugimenduaren jaialdian egin zuten, Oñatin. Gerora beste hainbat emanaldi iritsi ziren, tartean Espainian aurreneko aldiz egin zituztenak. Alabaina, 1999ko abuztuaren 13an azken kontzertua eman zuten Arantzan (Nafarroa). Laukoteak, arrakastaren gailurrean, taldea desegitea erabaki zuen, arrazoi jakinik gabe. “Hirugarren diskoa grabatzera sartzeko prest ginen, eta diskoetxearekin azken kontuak egitera autoan gindoazen, Lekeitiorantz, Angelillorekin elkartzera, Jabiertxo managerrarekin batera. Bidean, beste inongo misteriorik gabe, taldea uztea adostu genuen” (1).
Latzen banandu ostean, lau kideek ez zuten musika baztertu. Aitor Uriartek Sen sortu zuen, besteak beste, Haritz Harreguy gitarrista eta soinu hartzailearekin -Latzenen soinu teknikaria izan zen azken urteetan-. Pop rock doinuak lagun, hiru disko argitaratu zituzten. Gerora, berriz, Une rock-metal taldean sartu zen, eta bi disko kaleratu dituzte. Iker Martinez de Zuazok eta Joxemari Azpitartek Potemkin taldea sortu zuten. Egun, Ikerrek soilik segitzen du taldean.
Alabaina, 2007ko urriaren 2an Latzeneko lau musikariek beren proiektuak albo batera utzi eta taldearen azken kontzertu bira egingo zutela iragarri zuten. Esan eta egin. Urriaren 12an Infernuko ateetan birari hasiera eman eta 15 kontzertu eman zituzten Euskal Herrian. Tartean, Eskoriatzan emandako kontzertua grabatu zuten zuzeneko lan berri bat kaleratzeko. Horrela, 2008an Hellmuga izeneko zuzeneko disko eta DVDa argitaratu zuten. Oñatiko taldearen azken testigantza. Ondoren, lan berria aurkezteko beste zenbait kontzertu jo eta Latzen behin betiko lozorroan sartzea erabaki zuten.
Testua: Inaxio Esnaola
Gorputzak dardaka
bihotzak lehertzean
doinuen zirrarak
joten du belarrian
buruak astinduz
danbaden erritmora
ezerdi usaiak
berotzen du gogoa.
Fede itsuak
elkartzen gaitu
denok baikaude; eraso!
Konpasik gabeko
saltuen oinarriak
guztiok ditugu
aspaldi ikasiak
eztarri bakoitza
urratzeko bidean
ohiuen indarra
murgiltzen da airean.
Fede itsuak
elkartzen gaitu
denok baikaude; eraso!
Ematen dit erregaia
beroaren infernua
ulertzen dut esanahia
egin bedi erreinua.
Deskribakaitza azkenean lortu
duguna
eroaldiaren ordua da
geldiezinezko uretan mugitzen gara
bakoitza bere erara!
Alde guztietan dira erasoak
eta denen elkarteak
sortzen du noizbehinka
Metal Erasoa.
Dena amaitzean
oro dago bustita
motorraren garra
gelditzen da erreta
baina sentimendu
onena gelditzen da
Guztiok itxoiten
beste eztanda berri bat.
Fede itsuak
elkartzen gaitu
denok baikaude; eraso!
Ematen dit erregaia
beroaren infernua
ulertzen dut esanahia
egin bedi erreinua.
Deskribakaitza azkenean lortu
duguna
eroaldiaren ordua da
geldiezinezko uretan mugitzen gara
bakoitza bere erara!