Musika eta, oro har, arte zaletasuna txikitatik jaso zuen etxean Labrit Zabalak (Usurbil, 1978ko martxoak 22), ama kantaria baitu, eta aita, Carlos Zabala Arrastalu, margolaria. Hamalau urterekin ondu zuen lehen kantua, pianoarekin; lau urte geroago eman zuen lehen kontzertua, eta beste horrenbeste urte pasa ziren bakarkako lehen diskoa kaleratu arte. Horren aurretik Bide Ertzean taldean aritu zen kantari, eta haren lehen bi diskoetan parte hartu zuen, Bide ertzean eta Zure minari.
Paradisua (Elkar, 2000) grabatu aurretik, hiru urte eman zituen Labritek kantuak diskora eramateko zenbait musikarirekin lanean, baina Pascal Gaigne aurkitu arte ez zen lasai gelditu. Gaigne arduratu zen Labriten kantuak apaintzeaz eta ekoizpen gardena emateaz. Esperientzia handiko musikariek lagundu zioten grabazioan: Jimmy Arrabit (Itoiz, King Mafrundi), Ritxi Salaberria (Sorotan Bele, Zaldibobo…). Labriten estiloaren zutabeak finkatu zituen disko hark: pop kantu gardenak, melodia goxoak, maitasun eta naturari buruzko hitzak, eta Labriten ahots eder eta moldakorra. Amak hasitako bideari jarraitzeko eta 50-60 urterekin gustura sentitzeko moduko obra uzteko desioa agertu zuen kantari gazteak orduan.
Urte eta erdi geroago, Nori egin so! (Oihuka, 2001) kaleratu zuen. Pascal Gaigneren ordez, Baldin Bada taldeko Kandi Fernandez teklatu jotzaileak hartu zuen ekoizpenaren ardura, eta musikari taldea ere aldatu zen. Halaber, zenbait kantu Dani Riaño Baldin Badako baxu jotzailearekin sortu zituen Labritek. Hortaz, aurreko diskoarekiko soinua gogortu eta, pop-rock doinuez gain, funk, reggae eta erritmo latinoak ere bildu zituen bigarren lan horrek.
2002. urtean Batasuna alderdia legez kanporatzearen aurka abian jarritako Demokrazia Euskal Herriarentzat kanpainarako egindako “Koloretan” kantua izan da Labritek grabatu duen azkena. Kontzertuak emateari utzi dio azken urteetan, eta oraingoz betetzeke dauka lehen diskoa atera zuenean agertu zuen desioa: egunen batean bere amaren kantu baten moldaketa grabatzea.
Testua: Jon Eskisabel
Min haundia sentitzen dut
zure ahots goibela entzutean.
“Besarkatu nahi zaitut,
maite zaitudala errepikatuz”.
Triste naiz, distantzia eta
hizkuntzaren preso
baina badakit zu hor zaudela.
“Besarkatu nahi zaitut,
maite zaitudala errepikatuz”.
Badakit maite zaitudala,
etorkizuna geurea dela.
“Besarkatu nahi zaitut,
maite zaitudala errepikatuz”.
Ez dakit gure topaketa
fortunazko kolpe bat
izan zen.
“Besarkatu nahi zaitut,
maite zaitudala errepikatuz”.