Formatua: CD
Iraupena: 109' 32"
Argi kodea: RESCD 065
PARTAIDEAK
GRABAZIOA
Elkar estudioa (Donostia), Sincronia estudioa (Madril)
MOLDAKETAK
La Bottine Souriante, Hedningarna, Anton Latxa, Oskorri, Kepa Junkera, Benito Lertxundi
GENEROAK
Folka, Trikitia
Bilbao 00:00h
1998 - Resistencia
Formatua: CD
Iraupena: 109' 32"
Argi kodea: RESCD 065
PARTAIDEAK
GRABAZIOA
Elkar estudioa (Donostia), Sincronia estudioa (Madril)
MOLDAKETAK
La Bottine Souriante, Hedningarna, Anton Latxa, Oskorri, Kepa Junkera, Benito Lertxundi
GENEROAK
Folka, Trikitia
Lehen disko hura argitaratu zuenerako trikiti txapelketetan zaildua zegoen Kepa Junkera. 11 urterekin hasi zen soinu txikia jotzen, aitonak panderorako eta amak euskal dantzetarako zuten zaletasunari erantzunez, Bilboko Errekalde auzoan. “Niri hasieratik esan zidaten jotzen nuen hura ez zela trikitixa. Nire musika ez zela hemengoa, ezin zitekeela dantzarik egin nire musikarekin. Hori 16 urte nituela gertatu zitzaidan” (1).
Baina orduan ere, txapelketen garaian ere, trikitiari ezartzen zitzaizkion nolazpaiteko mugak gainditu nahi zituen Junkerak. 1988ko Euskal Herriko Trikitilari Txapelketako saio batean, Boni Iturbide pandero jotzailea aulkitik altxatu eta dantzan hasi zitzaien Junkera eta Joxe Mari Santiago Motriku-ri; baina Iturbidek trikitia ez eta rock musika dantzatzeko imintzioak egiten zituen, protesta bezala. “Aniztasunak edo ideia ezberdinek ez al dute lekurik? Beti taldetxo baten ideiek agindu behar al dute? Ez al da zilegi aurrerakuntzak egitea? Zergatik ezin dira beste tonu batzuk erabili, edo pieza beste era batera hasi edo dantzari begira ez dauden piezak jo, jendeak entzun besterik egin ez dezan” (2). Junkerak hautu hori egin zuen hasieratik, eta horren erakusle dira bakarka egindako lehen bi diskoak, Triki up (Elkar, 1990) eta Trikitixa zoom (Karonte, 1991).
Soinu berrien bila egin du musika Junkerak, hasieratik. Bilaketa horretan, gitarra eta baxu elektrikoak eta teklatuak sartu zituen Kalejira al-buk diskoan (Elkar, 1994). Folk-rockaren bidetik eginiko disko hartan, gainera, David Edgar Passinghamek ingelesez eginiko hitzak musikatu zituen Junkerak. Diskoa, gainontzean, batik bat bertsolarien hitzen gainean josia zegoen (Andoni Egaña, Jon Sarasua), baina baita Edorta Jimenez idazlearen hitzetan ere.
Mugarik gabekoa izan da Junkeraren ibilbidea. Eta bilaketa horretan Euskal Herritik at egin zuen lehen diskoa Trans-Europe Diatonique (Silex, 1993) izan zen, John Kirkpatrick ingelesarekin eta Riccardo Tesi italiarrarekin osaturiko lana. Ibilbide horretako bigarren pausoa handik bi urtera eman zuen Junkerak, Julio Pereira portugaldarrarekin batera Lau eskutara (Elkar, 1995) lan sentibera eta akustikoa kaleratuta. Junkeraren ibilbidean mugarri bat ezarri zuen disko honek. Hurrengo urtean bikotekidea aldatu zuen, eta Ibon Koteron alboka jotzailearekin Leonen orroak (Elkar, 1996) argitaratu zuen.
Arrakasta komertziala eta nazioarteko aitortza ekarri zizkion diskoa 1998an iritsi zen: Bilbao 00.00h (Resistencia, 1998). Munduko soinuak ekarri zituen bi diskotan, Madagaskartik Quebecera, Europa erdialdetik Afrikara, Galiziatik Irlandara Portugaldik igarota… Horretarako, ikaragarrizko kolaboratzaile pila izan zuen lagun trikitilariak: Phil Cunningham, Hedningarna, Alasdair Fraser, La Bottine Souriante eta Paddy Moloney, beste askoren artean. Hurrengo diskoetan bide beretik jo zuen trikitilari bilbotarrak.
Nazioartean izan zuen arrakasta hari lotzen zaio Tricky! (Kaira Productions, 2000), Japonian bakarrik argitaratu zen diskoa. Bilbao 00.00h. lanaren arrakastak EMI multinazionalaren eskaintza ekarri zion, eta Maren diskoa argitaratu zuen (EMI, 2001). Bere alaba baten izena daraman disko horretan, Bilbotik Urdaibaira egin zuen trikitilariak. “Inguru hartan izan dira bikingoak, erromatarrak, keltiarrak… Kultura guzti horiek han utzi duten hondarra da nire musikaren bitartez eman nahi dudana”, azaldu zuen promoziorako elkarrizketa batean (3). Bilbo 00.00h. diskoan, kantutik kantura egiten ziren herrialdez herrialdeko jauziak; Maren-en, berriz, abesti berean nahasten dira kulturak; esaterako, Albaniako abeslarien ahotsak eta Anton Latxarena (Oskorri) kontrastean entzun litezke. “Bok-espok” eta “Ny hira hira” abestien arrakasta itzela izan zen, eta lehen aldiz Grammy Latino sarietarako izendapena jaso zuen Junkerak, disko osoarengatik. Grammy saria bi urte geroago eskuratu zuen, folk disko onenaren atalean, Bilboko Arriaga antzokian grabaturiko K zuzeneko diskoarekin (EMI, 2003). Bere ohiko musikari taldeaz gain, La Bottine Souriante, Bulgarka, Patrick Vaillant eta Donostia abesbatza elkartu zituen Junkerak zuzeneko grabazio hartarako.
Hiri (Elkar, 2006) argitaratu aurretik, Athletic bihotzez diskoa egin zuen (Balea Musika Ideiak, 2004), futbol taldearen omenez. Euskal Herriko zein kanpoko hainbat abeslari eta musikari gonbidatu zituen (Francis Diez, Alex Sardui, Aitor Gorosabel, Faltriqueira, Tejedor…), euskarazko eta gaztelaniazko kantuak abestu zitzaten.
EMI multinazionala utzi eta bere hastapenetako diskoetxera itzuli zen, Lagun Aroren babesarekin, Hiri argitaratzeko. Aurreko bien aldean, artisau kutsuko diskoa egin nahi izan zuen. Kanpoan emandako urteetan ezagututako musikariak bildu zituen, eta hainbat hiritan izandako bizipenak eta sentipenak jaso zituen abestietan. Folk kutsuko bidaia kosmopolita horretan, Laponiako Kiruna, Marokoko Agadir herrixka, Finlandiako Kokkola hiria, Georgiako Tbilisi, AEBetako Reno, Frantziako Tatihou eta Japoniako Nagoya ekarri zituen diskora, baina baita Iurreta (Bizkaia) eta Ataun ere (Gipuzkoa).
“Mugarik gabe” abestiaren filosofiari eutsiz argitaratu ditu Kepa Junkerak hurrengo lanak: Etxea (Warner Music, 2008), Kalea (Warner Music, 2009) eta Herria (2010). Euskal abesti tradizionalen inguruko proiektu zabal baten hiru aleak dira horiek. Bertan, Euskal Herritik kanpoko kantari eta musikariak euskaraz abesten jarri ditu Junkera, eta batik bat ekoizpen lana egin du trikitilariak. Etxea-n, Estrella Morente, Loquillo, Ana Belen, Victor Manuel, Dulce Pontes, Miguel Bose, Lluis Llach, Luis Eduardo Aute, Andres Calamaro, Pedro Guerra, Miguel Rios, Santiago Auseron, Jaime Urrutia, Ginesa Ortega eta Pau Donesek hartu zuten parte, besteak beste. Kalea-n berriz, Juanes, Lila Downs, Pablo Milanes, Lito Vitale, Carlinhos Antunes eta beste batzuek abestu dute euskaraz. Azkenik, Herria osatzeko, AEBetako, Mexiko, Armenia, Nikaragua, Pakistan, Maroko edota Japoniako musikariengana jo du.
Egitasmoa aurrera eramateko Eusko Jaurlaritzaren 700.000 euroko diru laguntza jaso zuen, eta horrek euskal musikari eta abeslari askoren haserrea piztu zuen. Jaurlaritzaren jokaera salatzeko, manifestu bat sinatu zuten berrehundik gora musikarik 2008ko abenduan.
Pieza berriekin grabatutako estudioko azken lana Ultramarinos & Coloniales da (Hiri Records-Warner, 2011). «Gure musikara itzuli gara, eta aldi berean urrats bat aurrera egin dugu. Gogoa nuen abesti berriak egiteko eta gurea den esparru horretan ikertzen jarraitzeko. Horregatik, gure zigiluaz gain, bestelako ukituak ere badituela uste dut», adierazi zuen musikariak aurkezpenean.
Horrez gain, bere diskoetako kantu ezagunak beste musikari batzuekin berrinterpretatzeko asmoari ekin dio Junkerak. Bi lan kaleratu ditu orain arte: Provença Sessions (Hiri Records, 2009), Melonious Quartet mandolina laukotearekin grabaturiko diskoa, eta Habana Sessions (Hiri Records, 2010), Rolando Luna pianista kubatarrarekin. Halaber, Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin Ipar haizea (Hiri Records, 2012) grabatu zuen KlasikAT egitasmoaren barruan, bere konposizio batzuen bertsio sinfonikoa.
Galiziari eskaini dio Kepa Junkerak bere orain arteko azken lana, Galiza (FOL Musica, 2013). Herrialde horretako pieza tradizionalak grabatu ditu Junkerak, Galiziako hainbat musikariren kolaborazioarekin: Cristina Pato, Budiño, Davide Salvado, Susana Seivane, Mercedes Peon, Daniel do Pando, SonDeSeu, Treixadura… Diskoa European World Music Charts zerrendako bosgarren postuan sailkatu zen 2014ko otsailean.
Testua: Ainara Gorostitzu